Osasunak balentria egin du Villamarinen, eta penaltietan kanporatu du txapelduna
Osasuna Kopako final laurdenetarako sailkatu da asteazkenean balentria eginda, Benito Villamarin zelaian, egungo txapelduna den Betis penaltietan kanporatuta, partida, luzapenaren ostean, 2-2koarekin amaitu eta gero. Kanporaketa oso ikusgarria izan da, Osasunak neurketa handia burutu du eta gorritxoek laurdenetarako txartela merezi izan dute.
David Garciak, 91. minutuan, alegia, partidako luzapenean, William Carvalhok Betisentzat egindako gola berdindu du, eta Ruben Garciak, 116. minutuan, bigarren berdinketa lortu du. Jokoak, minutuek aurrera egin ahala, kalitate handiagoa bereganatu du, betiere lehia estu batean, eta luzapena ederra izan da, zirraragarria. Jagoba Arrasateren taldeak une oro eman du inpresioa gaitasuna zuela hirugarren gola sartu eta penaltiak ekiditeko. Penalti jaurtiketetan, baina, oso fin aritu da gorritxoak, eta Chimy Avilak, Ante Budimirrek, Jon Moncayolak eta Kike Barjak bat ere ez dute huts egin; Betisen aldetik, baina, Canalesek ondo jaurti du baina Sergio Herrera Osasunako atezainak geldiketa polita egin du, eta Guido Rodriguez argentinarrak laprast egin du baloia jo aurretik, eta kanpora bota du.
Osasunak lehen zati ona egin du. Talde sevillarra ez da batere eroso ibili; izan ere, Arrasateren gizonek ordenari eutsi diote, baloia ondo mugitu dute zelai erdian, eta azken partidetan erakutsitako maila ona berretsi dute. Ez da ia aukera argirik izan, eta Osasunak ozen esan dio 2022ko Kopako txapeldunari ez zuela inolako erraztasunik izango aurrera egiteko. Hori bai, azken minutuetan, falta jaurtiketa batean, Willian Josek erremate bikaina egin du, eta Sergio Herreraren geldiketa ere ederra izan da, 0-0ekoari eusteko.
Talde nafarraren asmoa jokoa are gehiago bizitzea izan da, bigarren zatiko hasieran, eta Osasunak arriskua eraman du Betisen areara, Abde eta Kike Garciaren bidez. Betisek, baina, aurrera hartu du, 62. minutuan; jokaldia Osasunaren atzealdeko eskuinaldean hasi da, erdiraketa ezin izan du urrundu Arrasateren taldeak, eta, lehen erremate batean baloia atepetik aterata, William Carvalhok jaso du, bakar-bakarrik. Portugaldarrak ez du hutsik egin, eta sareetara bidali du.
Osasunak, baina, ez du amore eman. Kike Barjak jokaldi politak egin ditu ezkerrean, eta gorritxo guztiek betiko adorea eta grina erakutsi dute, Claudio Bravoren atera iristeko. Borja Iglesiasek aukera ona izan du bigarren gola lortzeko, baina Herrerak erantzun egokia eman dio haren ezkerkadari. Luzapenean, 91. minutuan, burukada baten bidez, David Garciak berdinketa egin du; Aimar Orozek erdiratu du, bigarren zutoinera, eta atzelari iruindarra indartsu sartu da, denboraldiko bere zortzigarren gola erdietsita (sei Ligan, eta bi Kopan). Osasunak beste 30 minutu zituen final laurdenetarako txartela eskuratzeko.
Luzapena ikusgarria izan da, oso bizia. Betisek, kontraeraso azkar bat baliatuta, berriro hartu du aurrea markagailuan, lehen zatia amaitu baino pixka bat lehenago; Sabalyk sartu du gola, Borja Iglesiasen pasea jasota. Baina bigarren zatiko hamabosgarren segundoan, Ruben Garciak Sabalyren beraren akats bat aprobetxatuz, bigarren berdinketa lortu du. Ez da beste golik izan, nahiz eta bi taldeak gogor ahalegindu diren; ematen zuen Betisen eta Osasunaren asmoa zela penaltietara ez iristea, baina, azken finean, 30 minutuak agortuta, penaltiek erabaki dute.
Penaltietan, ikusi da Osasuna talde handia dela, guztiz fidagarria eta sendoa. Chimyk, Budimirrek, Moncayolak eta Barjak nafarren penalti guztiak sartu dituzte, bat ere huts egin gabe; Betisen aldetik, aldiz, Canalesek ezin izan du Herrera gainditu, Osasunako atezainak geldiketa bikaina egin duelako, eta, azken penaltian, Guido Rodriguezek irrist egin du, eta ez du jaurtiketa behar bezala bideratzerik izan.
Horrela, Osasuna bikain sailkatu da final laurdenetarako. Arrasateren gizonak ostiraleko zozketaren zain daude, beraz.
Fitxa teknikoa:
Betis: Claudio Bravo; Sabaly, Luiz Felipe, Edgar, Miranda (Abner Vinicius, 97. min.); Guido Rodriguez, William Carvalho (Paul, 112. min); Luiz Henrique (Loren, 77. min), Canales, Rodri (Aitor Ruibal, 58. Min.); eta Willian Jose (Borja Iglesias, 58. min).
Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Unai Garcia (Aridane, 106. min.), David Garcia, Juan Cruz (Manu Sanchez, 77. min.); Aimar, Torro (Diego Moreno, 77. min.), Darko Brasanac (Chimy Avila, 71. min.); Abde, Kike Garcia (Budimir, 71. min) eta Ruben Garcia (Kike Barja, 71. min.).
Golak: 1-0, 62. min.: William Carvalho. 1-1, 92. min.: David Garcia. 2-1, 103. min.: Sabaly. 2-2, 106. min.: Ruben Garcia.
Penaltiak: Chimy Avila (0-1), Borja Iglesias (1-1), Budimir (1-2), Loren (2-2), Moncayola (2-3), Canales (Sergio Herreraren geldiketa) (2-3), Kike Barja (2-4), Guido Rodriguez (kanpora) (2-4).
Zure interesekoa izan daiteke
Asier Osambela: "Hemendik goraka joaten saiatu behar gara"
Asier Osambela pozarren agertu da Osasunak Rayo Vallecano 1-3 menderatu ondoren. Dena den, jokalari nafarrak azpimarratu du, garaipenak poza eman badie ere, orain inoiz baino gehiago, lanean jarraitu behar dutela.
Osasunak 9 hilabeteko lehortea hautsi du etxetik kanpo Rayo garaituta (1-3)
Ligan 10 jardunaldi jarraian irabazi gabe egon ondoren, talde gorritxoa Iñigo Perezen taldeari gailendu zaio Budimir, Jozhua (bere atean) eta Asier Osambelaren golei esker.
Alessio Lisci: "Raul oso gustuko dugu, eta zorionez ekarri ahal izan dugu"
Bestalde, Rayoren aurka "oldarkorra izan nahi duen Osasuna, partidan egon nahi duen taldea" ikusi nahi duela, adierazi du entrenatzaile erromatarrak.
Raul Moro: “Ondo jarraitzeko eta taldeari eta klubari laguntzeko zereginarekin nator”
Raul Morok 2031ra arte fitxatu du Osasunarekin. Ajaxeko jokalari ohiak prentsaurrekoa eman du Braulio Vazquezekin batera, eta bere ustez egon behar duen lekuan dagoela adierazi du.
Osasunak Raul Moro fitxatu du, 2031ra arte
Jokalari kataluniarra Ajax taldean aritu da denboraldi honetan, baina ia ez du jokatu. Iruñeko klubak bost milioi euro ordaindu ditu, eta futbolariaren etete klausula 50 milioikoa izango da.
Aimar Oroz: "Asko sufritu dugu, baina azkenean irabazi egin dugu, eta hori da garrantzitsuena"
Aimar Oroz pozarren agertu da Osasunak Oviedo 3-2 menderatu eta gero. Edonola ere, jokalari nafarrak adierazi du gorritxoak ez direla eroso egon eta asko kostatako garaipena izan dela, markagailuan atzetik joan baitira.
Osasunak bi aldiz irauli du markagailua Oviedori irabazteko (3-2)
Bi aldiz berdindu behar izan dute markagailua gorritxoek, Budimirren bi golekin, eta Victor Muñozek luzapenean sartu du Osasunari garaipena eman dion gola.
Alessio Lisci: "Lehengo eguneko partidak ez du arrastorik utzi behar"
Osasunako entrenatzaileak larunbatean, EA Sports Ligako 20. jardunaldian, Oviedoren aurka jokatuko duten partidari buruz hitz egin du.
Braulio Vazquez, Osasunako kirol zuzendaria: "Plantilla berriztatu beharko genuke; printzipioz ez dago irteerarik"
Braulio Vazquezek agerraldia egin du prentsaurrekoan, eta talde gorritxoak etorkizunerako dituen asmoen berri eman du. Izenik eman ez duen arren, argi utzi du asmoa egungo plantilla hobetzea dela.
Jorge Herrando, Osasunarekin kontratua berritu duela iragarri ostean: "Jokatzeko eta nire lana erakusteko gogotsu nago"
Osasunarekin 2030era arte kontratua berritu duela iragarri ostean, Jorge Herrandok prentsaurrekoa eman du talde gorritxoan izango duen etorkizunaz hitz egiteko.