Naroa Uriartek 25 urterekin utziko du futbola, bi belauneetan lesio larriak izan ondoren
Bakioko jokalaria 2018an Munduko eta Europako 17 urtez azpiko txapeldun izan zen. Zazpi denboraldi eman ditu futbolaren maila gorenean. Talde zuri-gorriarekin 38 neurketa ofizial jokatu ditu eta, gainera, bi denboraldi eman ditu utzita Granadan. Igandean omenaldia egindo diote Lezaman.
Naroa Uriarte, Athleticekin 2020an jokatutako partidan. Artxiboko argazkia: Europa Press
Athleticek baieztatu duenez, Naroa Uriartek, 2018an Munduko eta Europako 17 urtez azpiko txapeldunak, futbola uztea erabaki du, belauneko bi lesio larri jasan ondoren. 25 urteko jokalariak maila gorenean zazpi denboraldi eman ditu.
Uriarte Getxoko Bizkerre taldean hasi zen futbolean. 2016an iritsi zen Lezamara, 15 urterekin, eta 2020ko otsailean egin zuen debuta lehen taldearekin, Angel Villacampa orduko entrenatzailearen esanetara. Talde zuri-gorriarekin 38 norgehiagoka ofizial jokatu ditu, eta ,gainera, bi denboraldi (2023-24 eta 2024-25) eman di eman ditu utzita Granadan.
2021eko abenduan, ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta 2024ko azaroan, jadanik Granadako jokalari gisa, lesio bera izan zuen, baina eskuineko belaunean.
"Ordutik, Naroak osatzeko prozesu luzea bizi izan du, bakarka lan ordu asko betez. Bere eguneroko jarrera eta adiskidetasuna beti gogoratuko dira aldagelan", azpimarratu du Athleticek.
Uriarteri omenaldia egingo diote datorren igandean Lezaman, Athleticek Alhama CF taldearen aurka jokatuko duen F Ligako azken jardunaldiko partidaren atarian.