Real Madrilek erraz irabazi du San Mamesen, Athletic ahul baten aurrean (0-3)
Talde zuri-gorriak borondatea jarri du, baina Xabi Alonsok zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da neurketa osoan zehar.
Mbappe bere lehen golaren jokaldian. Argazkia: EFE
Athletic ahul batek Real Madrilen aurka galdu du gaur San Mamesen. Ernesto Valverderen taldea ahul agertu da defentsan, eta izan dituen aukera gol aukera apurretan ez du asmatu. Talde zuriak, ostera, Mbapperen gidaritzapean, ate aurrean asmatu du eta, oro har, nagusi izan da neurketan.
Norgehiagoka Real Madrilen bi abagunerekin hasi da, biak Simonek gelditu ditu. Lehenengoa Mbapperi gelditu dio, bere aurrean bakarrik zegoenean, eta bigarrena Viniciusen areaz kanpoko jaurtiketa.
Galduta zebilen Athletic baten aurrean, lehen abisua eman ondoren, 6. minutuan, Mbappek ez du bere bigarren aukera huts egin, eta defentsa zuri-gorri guztia atzean utzi eta Unai Simonen aurrean bakarrik geratu da, jaurtiketa on batekin gaindituz.
Athleticen lehen errematea, Guruzetaren eskutik, 13. minutuan gora joan da, lehen minutuetako uholde zuriaren ostean. Jarraian, Viniciusek beste aukera bat izan du 18. minutuan, baina atezain arabarrak bere jaurtiketari erantzun bikaina eman dio.
Talde zuri-gorria jota zegoela zirudien, baina zurien baloiaren irteeran egindako akatsa edo Athleticen presioaren ondorioz baloia lapurtu ondoren, Nico Williamsek orpoz emandako pasearen ostean Guruzetak jaurtiketa egin du area barruan (25. minutua). Courtoisek bere taldea salbatu du baloia kornerrera bidaliz.
29. minutuan, Courtois izan da berriro protagonista Berenguerren aurrean. Nafarrak area barrutik jaurti du, eta atezainak esku bikaina atera du.
Athleticek ez du abagune gehiagorik sortu lehen zatian, eta defentsan oso ahul jarraitu du. Horren erakusgarri izan da Viniciusek 33. minutuan egindako barnekaldia, baloia Simonen zutoinaren kanpoaldera bidali duena, eta aurrelari brasildarrak Murgiako atezainaren aurrean izandako beste aukera bat (37. min).
Simonen lan bikainak, ordea, ezin izan du zurien bigarren gola eragotzi atsedenaldiaren atarian. Camavingak buruz sarera bidali du erdiraketa bat area txikian, talde zuriak jokaldi luzea egin ostean zuri-gorrien pasibotasunaren aurrean (42. min).
Atsedenaldiaren ostean, Jauregizarrek jaurtiketa bikaina egin du, eta Courtoisek kornerrera bidali du baloia (48. min). Handik gutxira, bi taldeetako jokalarien arteko liskar txiki baten ostean, Mbappek Madrileko hirugarren gola sartu du areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Frantziarrak eroso jaurti du, inork ez baitio sakatu (58. min).
Norgehiagoka amaitu aurretik, Simonek beste geldiketa bikain bat egiteko denbora izan du, Valverderen jaurtiketa bati. Athleticen aldetik, Vesgak ere aukera argia izan du, baina alferrik galdu du.
- Fitxa teknikoa:
0 - Athletic: Unai Simon; Lekue (Areso, 46.m), Vivian, Laporte, Adama; Rego, Jauregizar (Vesga, 69.m), Galarreta (Unai Gomez, 46.m); Berenguer (Serrano, 69.m), Nico Williams (Selton, 78.m) eta Guruzeta.
3 - Real Madril: Courtois; Trent Alexander-Arnold (Asencio, 55.m), Militao (Brahim, 77.m), Rudiger, Carreras; Valverde, Tchouameni, Camavinga (Guler, 69.m), Bellingham; Vinicius (Rodrigo, 77.m) eta Mbappe (Gonzalo, 77.m).
Golak: 0-1, 7.m: Mbappe. 0-2, 42.m: Camavinga. 0-3, 59.m: Mbappe.
Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Batzordea). Berenguerri (65.m) eta Regori (75.m) txartel horia erakutsi die.
LaLiga EA Sportseko 19. jardunaldiaren norgehiagoka aurreratuan 51.313 ikusle bildu dira San Mamesen.
Zure interesekoa izan daiteke
Maroan Sannadi: "Oso pozik nago, bueltan egoteak sentsazio ona ematen dit"
Maroan Sannadi Athleticeko jokalaria bueltan da, belauneko lesioa osaturik du eta. Nola sentitzen den azaldu du prentsaurrekoan.
Unai Gomezek ez du lesio larririk, ezker belaunean kolpea besterik ez du
Bermeotarra joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura. Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den, nahiz eta hasiera batean larriagoa ematen zuen.
Athleticek onera egin du, baina ez da nahikoa izan Bartzelona garaitzeko (0-1)
Zuri-gorriek dena eman dute zelaian, eta beste partida batzuetan falta izan zaien garra ikusi da jokoan, baina, hala ere, ezin izan dute Ligako liderra garaitu.
Valverde: "Aukera ona da guretzat, aste honetako etsipena gorabehera"
Athleticeko entrenatzaileak EA Sports Ligako 27. jardunaldian Bartzelonaren aurka jokatuko duten partidari buruz hitz egin du. Zailtasunak zailtasun, norgehiagoka aldartea hobetzeko aukera bezala ikusten du. (Adierazpenak gaztelaniaz)
Valverde: "Kanporaketa irauli ahal izateko aukera gehiago sortzea falta izan zaigu"
Athleticeko entrenatzaileak onartu egin du Reala "defentsan sendo" aritu dela eta bere jokalariei "presioa gainditzea kosta" izan zaiela. Prestatzaile zuri-gorriaren ustez, "ez da finalerdia erabaki epaileak adierazitako penaltiagatik".
Padilla: "Dena eman dugu eta burua altxatzea bakarrik geratzen da"
Athleticeko atezainak Realaren aurka galdutako Errege Kopako itzuliko finalerdiaz hitz egin du.
Valverde: "Gure asmoa argia da, garaipena bilatzera goaz"
"Talde bakoitzak bere baliabideak ditu, estilo desberdinak ditugu", adierazi du Athleticen entrenatzaileak; Valverdek talde zuri-gorriak Realaren aurka asteazkenean jokatuko duen Errege Kopako partida izan du hizpide.
'Dos Hermanas Oscar de Marcos' Athleticen peñak beste final bat bizi nahi du Sevillan
Sevillako peñak 73 bazkide ditu eta erdiak, gutxi gorabehera, ez du inolako loturarik Euskal Herriarekin. Badakite finalerako sailkatzea zail dagoela, baina ez dute fedea galtzen. Sevillan jokatutako aurreko finaletan kaleak animatu zituzten euren txarangarekin, eta gabarra bat ere atera zuten Guadalquivirren.
Itxaso Uriarte, futbola utzita: "Nostalgia badaukat; nire kasuan, lana beti bertan egon da"
Uriartek ibilbide luzea eta bikaina burutu du goreneko mailan, Realean eta Athleticen. Berdegunean egindako lanaz gain, aldagelan ere izan da erreferentea, taldekide gazteagoentzat.
Julen Agirrezabalak min hartu du meniskoan
Errenteriako atezainak ez du jokatzen joan den urtarrilean giharretan min hartu zuenetik, baina beste gorabehera fisiko bat izan du orain, eta litekeena da denboraldi honetan gehiago ez jokatzea.