Athletic vs Mallorca, lehorteari amaiera emateko erronka
Athletic Clubek eta Mallorcak Errege Kopako finala jokatuko dute larunbat honetan Sevillan, Cartuja estadioan. Bi taldeentzat hitzordu historikoa izango da gaurkoa; hain zuzen, Ernesto Valverderen eta Javier Aguirreren taldeen 40 eta 21 urteko lehorteei amaiera emateko, hurrenez hurren. Partida 22:00etan hasiko da, eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute.
Bi estiloren arteko lehia izango dela aurreikusten da. Athleticen bizitasuna eta intentsitatea izango dira batetik (ezaugarri horiek egin dute euskal taldea faborito) eta blokea eta atzeko sendotasuna izango dira bestetik (horiek eramn dute Mallorca bere laugarren finalera).
Ia mende batez "Kopen errege" eztabaidaezina izan ondoren, Bilboko taldeak Sevillan bilatuko du bere koparik desiratuena, Cartujan berriro ere.
Estatistika ofizialen arabera, 24. garaikurra izango litzateke Athleticentzat; klubaren zenbaketaren arabera, aldiz, 25.a, 1902ko Koroatzearen Kopa ere zenbatzen baitu, Alfontso XIII.aren koroatzearen ospakizunak zirela-eta jokatu zen txapelketaren garaikurra. Ordutik, baina, abizen ezberdinak izan ditu kopa horrek. Kontuan hartu behar da Athleticek 1902ko lehen edizioa ere zenbatzen duela, nahiz eta Espainiako Futbol Federazioak garaikurra Bizkaiarena dela esan. Athleticen museoan dago ikusgai kopa hori.
Talde zuri-gorria bere 46. finalera iritsi da. Zalantzarik gabe, hauxe da Athleticek gehien desiratzen duen titulua; izan ere, jokatu dituen azken 6 finaletan ez du garaikurra altxatu: 1985ean lehena, bere azken titulua irabazi eta hurrengo urtean, eta azken hamarkada eta erdi honetan azken bostak, Leo Messiren Bartzelona garaitu ezinik.
Hala ere, Reala ere oztopo izan da zuri-gorrientzat; izan ere, inoiz izan den finalik luzeena irabazi zuten gipuzkoarrek, 2020koa, pandemiaren ondorioz programatuta zegoena baino urtebete geroago jokatu behar izan zena.
Bizkaiko taldeak 1984an lortu zuen azkena. Beraz, 40 urte pasatu dira Santiago Bernabeun izandako finalean Bartzelona 1-0 mendean hartu zuenetik. Javier Clementek zuzentzen zituen zuri-gorriak, eta Endika Guarrotxenak sartu zuen lehoei garaipena eman zien gola, lehen ordu laurdenean. Cesar Luis Menottik gidatutako Bartzelona ez zen gai izan emaitzari buelta emateko. Diego Armando Maradonak eta Bern Schusterrek jokatzen zuten orduan Kataluniako taldean.
Partida hura amaieran jokalarien artean izandako liskarrengatik ere gogoratzen dute askok, ostikoka, ukabilkadaka eta kolpeka bukatu baitzuten. Ordutik, Athleticek sei final galdu ditu. Guztira, 39 final jokatu ditu.
Mallorcarentzat, ordea, laugarren finala izango da honakoa. Lehen biak galdu egin zituen: 1991n, Atletico Madrilen aurka luzapenean, Santiago Bernabeun, eta 1998an, Bartzelonaren aurka penaltietan, Mestallan, partida bana amaitu ostean.
2003an, ordea, irabazi egin zuen Mallorcak, Elxen, Martinez Valero zelaian. Gregorio Manzanoren taldeak 3-0 irabazi zion Huelvako Recreativori. Walter Pandiani uruguaitarrak sartu zuen gol bat, penaltiz, eta Samuel Eto'o kamerundarrak egin zituen beste biak.
Gaurko hitzordu honetara, hala ere, indarberrituta iritsiko da Athletic, Kopan jokatutako partida guztiak irabazita (7); Bartzelonaren kontrako bat eta Atleticoren aurkako bi tartean.
Intentsitate, presio eta arima erasokorreko talde betearekin zelairatuko da, eta luxuzko aurrelariekin, Nico eta Iñaki Williams eta Oihan Sancet internazionalekin, eta Gorka Guruzetarekin, denboraldi honetan 15 gol sartu dituen aurrelariarekin.
Ernesto Valverdek zuzentzen duen hamaikakoa oso orekatua eta fidagarria da, eta ez du bere izarretako bat izango, Espainiako selekzioarekin titularra den Unai Simon, Koparako Julen Agirrezabala aukeratu baitu.
Kirol arloari dagokionez, Mallorca mendean hartzeaz gain, entrenatzaile zuri-gorriaren kezkak Nico Williams eta Yeray Alvarez izango dira, giharretako mina izan ostean zalantzan baitaude. Biak jokatzeko moduan daudela dirudien arren, Yeray Santiago Bernabeun lesionatu zen igandean, eta litekeena da hasieratik aulkian geratzea; beraz, erdiko atzelarien bikotea Dani Vivianek eta Aitor Paredesek osatuko lukete.
Hegalekoak Oscar de Marcos eta Yuri Berchiche eskarmentudunak izango dira, eta pibote bikoitzerako Iñigo Ruiz de Galarreta eta Beñat Prados dira faboritoak. Ezusteko bi opari izan dira horiek Athleticentzat denboraldi honetan, espero baino askoz gehiago igo baitute taldearen joko-maila.
"Mallorcak dena emango du"
Aguirreren Mallorca oso gustura dago aurkariarentzat faborito nagusia izatearekin, baina taldeak badaki aukerak dituela, eta zerua ukitzeko borrokatuko da bere historiako bigarren garaikurra altxatzeko, 2003an Elxen irabazi zuenaren ondoren.
"Mallorcak dena emango du"; horixe da jokalarien, teknikarien eta zuzendaritzako kideen eta 21.000 jarraitzaileen sentimendua laburbiltzen duen esaldia.
Aguirrek ez ditu bere kartak erakutsi nahi izan partida erabakigarriaren aurretik. Son Bibiloniko instalazioetan egindako azken entrenamenduan, euskal jatorria duen entrenatzaile mexikarrak jokalari guztiak izan zituen erabilgarri, baita Martin Valjent erdiko atzelaria eta Omar Mascarell erdilaria ere. Zalantzan zeuden biak, baina litekeena da entrenatzailearen esanetara egotea, hark egoki baderitzo.
Aguirrek bere defentsa bloke klasikoa errepika dezake finalean, erasorako bokazioa duten hiru erdiko eta bi alboko dituena, hala nola Gio Gonzalez uruguaitarra (Reale Arenan, Realaren aurkako 1-1ekoan gola sartu zuena) eta Jaume Costa valentziarra.
Atean, Dominik Greif eslovakiarrak esku-hartze erabakigarriekin irabazi du titular izateko eskubidea, eta Martin Valjent, Antonio Raillo eta Jose Copete izango ditu ziurrenik ondoan.
Bermiloi taldea bi aurrelarirekin (Muriqi, Larin edo Abdon Prats) zelairatzen bada, Samu Costa, Sergi Darder eta Dani Rodriguez izango dira zelai erdia osatzen; Muriqik bakarrik jokatzen badu goian, eremu zabala erdiko laurden batekin indartuko da, Manu Morlanesekin ziurrenik.
Estatistikak
Athleticek eta Mallorcak aurtengo Kopan izandako estatistikei erreparatzen badiegu (Bilboko taldea izango da etxekoa, aurkariak baino antzinatasun handiagoa baitu), argi ikus dezakegu zergatik sailkatu diren finalerako, zer dela eta jokatuko duten titulua euren artean. Atxikitako irudian ikusten denez, Valverderen gizonek gol gehiago sartu dituzte, partidako (2,6; Aguirrerenek 2,1), eta batez beste 0,4 gol jaso dute biek partidako; Athleticek erremate gehiago egin ditu aurkariaren atera (7,1 partidako; Mallorcak 5,4), eta gehiago jokatu du aurkariaren arean: batez beste, 29,3 aldiz jo dute zuri-gorriek baloia aurkariaren area horretan, eta Mallorcak 22,3 alditan.
Balizko hamaikakoak:
- Athletic Club: Agirrezabala, De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri, Prados, Galarreta, Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams eta Guruzeta.
- RCD Mallorca: Greif, Gio González, Valjent, Raillo, Copete, Jaume Costa, Samu Costa, Sergi Darder, Manu Morlanes, Dani Rodriguez eta Muriqi.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero.
Estadioa: Cartuja (Sevilla).
Ordua: 22:00.
Zure interesekoa izan daiteke
Maroan Sannadi: "Oso pozik nago, bueltan egoteak sentsazio ona ematen dit"
Maroan Sannadi Athleticeko jokalaria bueltan da, belauneko lesioa osaturik du eta. Nola sentitzen den azaldu du prentsaurrekoan.
Unai Gomezek ez du lesio larririk, ezker belaunean kolpea besterik ez du
Bermeotarra joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura. Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den, nahiz eta hasiera batean larriagoa ematen zuen.
Athleticek onera egin du, baina ez da nahikoa izan Bartzelona garaitzeko (0-1)
Zuri-gorriek dena eman dute zelaian, eta beste partida batzuetan falta izan zaien garra ikusi da jokoan, baina, hala ere, ezin izan dute Ligako liderra garaitu.
Valverde: "Aukera ona da guretzat, aste honetako etsipena gorabehera"
Athleticeko entrenatzaileak EA Sports Ligako 27. jardunaldian Bartzelonaren aurka jokatuko duten partidari buruz hitz egin du. Zailtasunak zailtasun, norgehiagoka aldartea hobetzeko aukera bezala ikusten du. (Adierazpenak gaztelaniaz)
Valverde: "Kanporaketa irauli ahal izateko aukera gehiago sortzea falta izan zaigu"
Athleticeko entrenatzaileak onartu egin du Reala "defentsan sendo" aritu dela eta bere jokalariei "presioa gainditzea kosta" izan zaiela. Prestatzaile zuri-gorriaren ustez, "ez da finalerdia erabaki epaileak adierazitako penaltiagatik".
Padilla: "Dena eman dugu eta burua altxatzea bakarrik geratzen da"
Athleticeko atezainak Realaren aurka galdutako Errege Kopako itzuliko finalerdiaz hitz egin du.
Valverde: "Gure asmoa argia da, garaipena bilatzera goaz"
"Talde bakoitzak bere baliabideak ditu, estilo desberdinak ditugu", adierazi du Athleticen entrenatzaileak; Valverdek talde zuri-gorriak Realaren aurka asteazkenean jokatuko duen Errege Kopako partida izan du hizpide.
'Dos Hermanas Oscar de Marcos' Athleticen peñak beste final bat bizi nahi du Sevillan
Sevillako peñak 73 bazkide ditu eta erdiak, gutxi gorabehera, ez du inolako loturarik Euskal Herriarekin. Badakite finalerako sailkatzea zail dagoela, baina ez dute fedea galtzen. Sevillan jokatutako aurreko finaletan kaleak animatu zituzten euren txarangarekin, eta gabarra bat ere atera zuten Guadalquivirren.
Itxaso Uriarte, futbola utzita: "Nostalgia badaukat; nire kasuan, lana beti bertan egon da"
Uriartek ibilbide luzea eta bikaina burutu du goreneko mailan, Realean eta Athleticen. Berdegunean egindako lanaz gain, aldagelan ere izan da erreferentea, taldekide gazteagoentzat.
Julen Agirrezabalak min hartu du meniskoan
Errenteriako atezainak ez du jokatzen joan den urtarrilean giharretan min hartu zuenetik, baina beste gorabehera fisiko bat izan du orain, eta litekeena da denboraldi honetan gehiago ez jokatzea.