EA SPORTS LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alavesek handia egin du Balaidosen (3-4)

3-0 galtzen joan ostean, Quique Sanchez Floresen taldeak markagailua irauli, eta 3 puntu garrantzitsu bereganatu ditu jaitsiera postuetatik aldentzeko.

Angel Perez. Celta-Alaves (3-4)
Angel Perez, Alavesen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Deportivo Alavesek sekulako garaipena lortu du gaur Celtaren aurka Balaidosen (3-4), eta 3 puntu erabakigarri bildu ditu datorren denboraldian lehen mailan jarraitu ahal izateko. 

Lehen zatian, Claudio Giraldezen taldea babazorroak baino askoz gehiago izan da, baina bigarrenean, Quique Sanchez Floresek asmatu egin du aldaketekin, Alaves suspertu egin da, eta markagailua irauli du, 4 gol bata bestearen atzetik sartuta.

Lehen minutuetan ondo aritu bada ere, Alavesek behera egin du Jutglak 20. minutuan gola sartu ondoren. Defentsan huts egin dute, eta Celtako aurrelariak ez du barkatu 1-0ekoa egiteko.

Hortik aurrera, etxeko taldeak aurrerapausoa eman, eta bigarrena sartu du, kontraeraso azkar batean. Hugo Alvarezek egin du gola, Jutglaren pasea baliatuta.

Aurrelari katalana izan da onena lehen zatian, eta 37. minutuan gol ikusgarria sartu du, gainera, baloia zelai erdian lapurtu eta bakarkako jokaldia egin ostean. Gol horrek min handia egin dio Quique Sanchez Floresen taldeari, eta agerian utzi du Alaveseko defentsaren ahulezia.

Talde babazorroa hondoa jota zegoenean, atsedenaldiaren atarian, Toni Martinezek 3-1ekoa egin du, eta itxaropena piztu du taldean, partida maldan gora izan arren.

Bigarren zatian erabat aldatu da norgehiagoka. Quique Sanchez Floresek lau aldaketa egin ditu aldi berean: Aleña, Pablo Ibañez, Lucas Boye eta Jon Pacheco kendu ditu zelaitik, eta Denis Suarez, Jon Guridi, Diabate eta Rebbach sartu dira haien ordez. Eta Alaves suspertu egin da.

Lehen zatian ez bezala, presioa goian egin du, hainbat baloi lapurtu dizkio Celtari, eta arriskua sortzeko gai izan da. Horrela, bigarren zatia hasi eta gutxira, 3-2koa egin du Angel Perezek, Celtak defentsan egindako hutsa ondo aprobetxatuta, eta Alaves bete-betean sartu da partidan.

Berdinketaren gola, 3-3koa, 73. minutuan iritsi da. Toni Martinezek egin du, area kanpotik jaurtiketa bortitza eginda. Eta 4 minutu geroago gauzatu du miraria Rebbachek, 3-4koa eginda.

Azken minutuetan, Celtak gora jo du eta babazorroak atzean sartu dira. Hala, luzapenean, Siverak geldiketa erabakigarria egin du emaitzari eusteko. 

Alavesek sufritu egin du, baina sekulako garaipena lortu du, 3-0 galtzen joan eta gero, 3-4 irabazteko.

1-0: Jutglaren gola

2-0: Hugo Alvarezen gola

3-0: Jutglaren gola

3-1: Toni Martinezen gola

3-2: Angel Perezen gola

3-3: Toni Martinezen gola

3-4: Rebbachen gola

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X