F MOEVE LIGA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realak garaipen argia lortu du Athleticen aurka Lezaman (0-2)

Arturo Ruizen taldea gehiago izan da zuri-gorrien eta txuri-urdinen arteko euskal derbian, eta Aiara Agirrezabalak eta Paula Fernandezek lehen zatian sartutako golekin nagusitu da.

Klara Cahynova y Aiara Agirrezabala celebran el primero gol de la Real Sociedad en el derbi ante el Athletic
18:00 - 20:00
Klara Cahynova eta Aiara Agirrezabala, Realaren lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Reala erabateko nagusitasunez (0-2) gailendu zaio Athletici F Moeve Ligako 20. jardunaldiko euskal derbian. Txuri-urdinek kontrolpean izan dute lehia une oro, etxekoen ahalegin antzuen aurrean.

Lehenengo zatian goitik behera gailendu da Donostiako taldea. Arturo Ruizek zuzentzen dituen neskena izan da baloi jabetza, hein handi batean, eta etxekoak oso gutxi iritsi dira Julia Arrula atezainaren inguruetara.

Bisitariek ez dute gehiegi itxaron behar izan markagailuan aurretik jartzeko. Hartara, 14. minutuan iritsi da txuri-urdinen estreinako gola, Aiara Agirrezabala gaztearen eskutik. Realak alboko sake bat atera, eta Athleticen defentsa lo antzera harrapatu du. Agirrezabalak egoera hori baliatu du Adriana Nanclaresen aurrean bakarrik geratu ostean baloia haren hankapetik sarera bidaltzeko.

Gol horrek ez du partidaren gidoia gehiegi aldatu, bisitariek nagusi izaten jarraitu baitute. Horrela, 35. minutuan aldea areagotzea lortu dute, penaltiz. Naia Landaluzek falta argia egin dio Claire Lavogez erdilari frantziarrari area barruan. Hasiera batean, epaileak ez du jokaldia zigortu, baina jokaldia VARean ikusi ostean, penalti puntua adierazi du. Paula Fernandezek ez du barkatu 11 metroko puntutik baloia sare barrura bidaltzeko.

Bigarren zatian, etxeko taldea aldea murrizten ahalegindu da. Baloia gehiago izaten saiatu da, baina bisitariek sendotasun handia erakutsi dute atzealdean, eta, horrez gain, kontraeraso arriskutsuak egin dituzte. Horrenbestez, txuri-urdinen hirugarren gola gertuago egon da, etxekoen lehena baino. Aitzitik, Adriana Nanclaresek gelditu apartak egin dizkie Claire Lavegozen eta Intza Egigurenen saiakerei. Atezain zuri-gorria izan da bere taldeko jokalaririk onena, beste behin.

Azkenerako, txuri-urdinek erraz antzera eskuratu dituzte hiru puntuak, eta gora begira jarraitzen dute. Athletic, ostera, sailkapenaren erdialdean geratuko da.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Nanclares, Elexpuru, Landaluze, Eider, Nerea Benito (Nevado, 60. min); Zubieta (Oguiza, 78. min), Leire Baños (Gurtubay, 46. min); Sara Ortega, Pinedo (Vilariño, 71. min), Agote; eta Campos (Azkona, 46. min).

2 - Real Sociedad: Arrula; Lucía Rodríguez, Florentino, Moraza, Aiara; Ramírez (Arola, 58. min), Cahynová, Paula Fernández, Intza (Cecilia, 88. min); Andreia (Lucía Pardo, 74. min) eta Lavogez (Mirari, 74. min).

Golak: 0-1, 15. min: Aiara. 0-2, 35. min: Paula Fernández, penaltiz.

Epailea: Elena Peláez. Txartel horiak: Zubieta (61. min), Oguiza (93. min) eta Javi Lerga (42. min) Athleticen aldetik; Florentino (67. min) eta Paula Fernández (72. min), Realaren aldetik.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X