Alexia Putellasek eta Leo Messik irabazi dute The Best saria, 2022ko futbolari onena nabarmentzen duena
FIFAk Alexia Putellas eta Leo Messi jokalariei eman die The Best saria, 2022ko futbolaririk onenak nabarmentzen dituena, eta Mary Earps eta Emiliano "Dibu" Martinez dira iazko atezainik onenak, FIFAk berak astelehen gauean jakitera eman duenez. Bestalde, Sarina Wiegmanek eta Lionel Scalonik eskuratu dute 2022ko entrenatzailerik onena saritzen duen golardoa.
Testuinguru horretan, Alexia Putellas Bartzelonako jokalariak (29 urte) bigarren aldiz jarraian irabazi du The Best garaikurra, duela bost hilabete Urrezko Baloia bigarren aldiz lortu ondoren. Putellasek Liga eta Kopa erdietsi zituen 2022an, Bartzelonarekin, eta, horrez gain, Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen. The Best saria bi urtez jarraian irabazi duen lehenengo emakumezko futbolaria da.
Putellasek ezin izan zuen Eurokopa jokatu, lesio batengatik, baina 2021-22 denboraldiko Txapeldunen Ligako golegilerik onena izan zen, hamaika gol sartuta, eta, guztira, 34 gol egin zituen 2021-22 denboraldian.
Leo Messik ere bigarren aldiz lortu du The Best saria, Paris Saint-Germain taldeko argentinarrak 2009an jaso baitzuen lehen aldiz garaikur hori. Duela bost hilabete, baina, Urrezko Baloia eskuratzeko lehian, 30 hautagai izan ziren, eta Messi ez zegoen zerrenda horretan.
Qatarko Munduko Futbol Txapelketan, jokalaririk onenaren saria eman zioten Messiri, eta Argentinak titulua irabazi zuen. Munduko txapeldunen kapitainak zazpi gol sartu zituen Qatarren (soilik Mbappe frantziarrak egin zituen berak baino gehiago), eta hiru asistentzia eman.
Atezainei dagokienez, Mary Earps Manchester United taldeko ingelesak lortu du The Best saria, emakumezkoetan. Earpsek 29 urte ditu, eta Europako Txapelketa irabazi zuen 2022an, Ingalaterrako selekzioarekin.
Eurokopa horretan, Earpsek bi gol besterik ez zituen jaso; horrez gain, Manchester Unitedek urte ona egin du, eta atezaina gakoetako bat izan da horretarako.
Gizonezkoetan, Emiliano "Dibu" Martinezek lortu du atezainik onena nabarmentzen duen The Best garaikurra. Martinezek Aston Villa taldean jokatzen du, eta Munduko Txapelketa irabazi zuen 2022an, Argentinako selekzioarekin.
Martinezek (30 urte) gainerako atezainek baino gol gutxiago jaso zituen Qatarren, eta bikain ibili zen txapelketa osoan, final-laurdenetan eta finalean bereziki, arauzko denbora amaitutakoan Argentinak penaltietan Herbehereak eta Frantzia mendean hartu zituenean.
Honako hauek izan dira 2022ko hamaikakorik onenak: Endler; Lucy Bronze, Mapi Leon, Leah Williamson, Wendie Renard; Alexia Putellas; Keira Walsh, Lena Oberdorf; Alex Morgan, Sam Kerr eta Beth Mead; eta Courtois; Hakimi, Van Dijk, Joao Cancelo; Casemiro, Modric, De Bryune, Messi; Benzema, Haaland eta Mbappe.
Halaber, Sarina Wiegman herbeheretarra eta Lionel Scaloni argentinarra izan dira 2022ko entrenatzailerik onenak. Wiegman Ingalaterrako selekzioaren entrenatzailea da, eta Scaloni, aldiz, Argentinako selekzioarena; lehenengoak Europako Txapelketa irabazi du, eta bigarrenak, Munduko Txapelketa. Didier Deschamps lapurtarrak, Frantziako selekzioaren hautatzailea bera, boto gehien jaso dituen bosgarren entrenatzailea izan da.
Marcin Olesky Warta Poznan taldeko futbolari poloniarrak sartu du 2022ko golik onena, FIFAren iritziz, eta horregatik jaso du Puskas saria. Iazko azaroaren 6an, makuluekin jokatutako partida batean, Stal Rzeszow taldearen aurka jokatutako partidan egindako gol ederra saritu dute horrela.
Argentinako zaleei eman diete urteko zale onenak aitortzeko golardoa, eta Luka Lochoshvili Cremonese taldeko jokalari georgiarrak lortu du joko garbia erakusteagatik ematen duten The Best saria; izan ere, partida batean, Lochoshvilik beste taldeko futbolari bat salbatu zuen, konortea galduta itotzeko zorian zegoela.
Zure interesekoa izan daiteke
Sonia Bermudez da Espainiako selekzioko hautatzaile berria, eta Iraia Iturregi izango du laguntzaile
Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi du Montse Tomek ez duela karguan jarraituko eta Bermudez dela hautatzaile berria. Iturregi izango da bigarren entrenatzailea.
Moeve F Ligako derbien egutegia
Athletic, Reala eta Eibar dira lehen mailan lehiatuko diren hiru euskal taldeak. Hemen ikus ditzakezu 2025-2026 denboraldiko derbien data guztiak.
Tximist Cup: emakumezkoen futbolean berdintasuna eta inklusioa landuz
Manchester City, Real Madril, Inter Milan, Olympique Lyon… Europako talde garrantzitsuenak erakartzen dituen txapelketa etorkizuneko izarren haztegi bihurtu da azken ekitaldietan.
F Moeve Liga abuztuaren 30-31ko asteburuan hasi eta maiatzaren 30-31n amaituko da
Egutegi asimetrikoa izango da. Hori dela eta, lehen itzuliko jardunaldi bakoitzeko ordena eta partidak eta bigarrenekoak ez dira bat etorriko.
Barçak irabazi du Kopa, bere palmareseko hamaikagarrena, Atletico Madril garaituta (2-0)
Kataluniako taldeak Claudia Pinaren bi golei esker menderatu du Atletico Madril, denboraldiko hirugarren garaikurra lortuta, Liga eta Superkopa irabazi ostean.
Bartzelonak seigarrenez jarraian irabazi du F Liga
Atletico Madrilek Txapeldunen Liga jokatzeko txartela ziurtatu du, eta Betis eta Valentzia Federazioko Lehen Mailara jaitsiko dira. Athleticek Superkopa ziurtatu du.
Beatriz Alvarez, F Liga: ''Sistemaren bat erabiltzeak epaileek akatsak egitea ekidingo luke''
F Ligan bideoarbitrajea ezartzeko aukeraren gainean mintzatu da Beatriz Alvarez F Ligareb presidenteak ostegun eguerdian, San Mamesen, Women's Football Week 2025 ekimenaren baitan. (Jatorrizko adierazpenak, gaztelaniaz)