Ruiz de Galarretaren eta Guedesen bi gol ikusgarrik puntu banaketa ekarri dute San Mameseko derbian (1-1)
Reala 37. minutuan aurreratu da, Gonçalo Guedesen jaurtiketa bikain baten bidez, eta Athleticek 88.ean berdindu du, Iñigo Ruiz de Galarretak egindako jokaldi oso polit batean. 83. minutuan, epaileak Brais kanporatu du, eta derbian Wesleyk debuta egin du Realarekin.
Athleticek eta Realak puntu bana eskuratu dute, San Mameseko derbian. Argazkia: EFE.
Athleticek eta Realak berdindu egin dute, 1-1, 2025-2026 denboraldiko EA Sports Ligako hogeita bigarren jardunaldiko euskal derbian, San Mamesen, igande gauean. Gonçalo Guedesek sartu du 0-1ekoa, 37. minutuan, eta Iñigo Ruiz de Galarretak egin du 1-1ekoa, 88.ean. Bi golak ikusgarriak izan dira. Gainera, epaileak Brais Mendez kanporatu du, txartel gorria zuzenean aterata, 83. minutuan, ustez Aitor Paredesi aurpegian kolpatzeagatik; txartel gorri hori polemikoa izan da. Halaber, Wesleyk debuta egin du, Realeko elastikoa jantzita.
Ernesto Valverdek Areso jarri du eskuinaldean, defentsan, Rego zelairatu da hamaikakoan Jauregizarrekin batera, zelai erdian, Unai Gomez irten da Guruzetaren atzean, eta Nico Williams ezker hegalean. Rino Matarazzok Sergio Gomez aukeratu du atzealdeko ezker hegalerako, Soler izan da zelai erdian Gorrotxaren ondoan, Pablo Marin izan da aurrerago, eta Sucic ere bai.
Athletic vs Reala (1-1): partidako laburpena
Bosgarren minutuan, derbia hasi eta berehala, Reala oso gutxigatik ez da aurretik jarri. Pablo Marin bakarrik geratu da Unai Simonen aurrean, eta Athleticeko atezainak baloia ukitu du, baina hori aterantz zihoan; Aresok, baina, Mikel Oyarzabalen gola saihestu du, eibartarra barrura bultzatzeko prest baitzegoen.
Norgehiagokak erritmoa zuen, hasierako minutu horietan. Athletic zelai erdian ari zen baloia mugitzen, eta Realaren asmoa zen lapurtu eta azkar irtetea. 21. minutuan, korner batean, Jon Martinek ondo errematatu du buruz, eta Simonek ederki gelditu du. Bazirudien talde zuri-gorria gehiago ari zela jokoa kontrolatzen, baina talde txuri-urdina argiago ari zen erasoan.
31. minutuan, Athleticen presioak aukera eman dio Guruzetari, baina aurrelariak ezin izan du argi errematatu. Realak aurrerapausoa eman du, eta Gonçalo Guedes, 37. minutuan, buruz, oso hurbil izan du gola; Simonek kornerrera aldendu du, eta korner horretan, erdilari portugaldarrak berak, areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain baten bidez, 0-1ekoa sartu du. Atsedenaldira bitartean, ez da aipatzeko moduko beste jokaldirik izan, San Mamesen.
Bigarren zatia hasita, Paredesek areaz kanpotik jaurti du, eta baloia zutoinetik oso gertu irten da. 52. minutuan, Oyarzabalek aukera oso garbia izan du, 0-2koa sartzeko; Realeko kapitainak trebetasun handiz egin du jokaldia area barruan, baina bere ezkerkada kanpora atera da.
Athletic estutzen ari zen saiatzen, eta Reala sendo ari zen atzealdean. 77. minutuan, Wesleyk debuta egin du Gipuzkoako taldearekin, Oyarzabalen ordez; eibartarrak neurketa oso ona jokatu du. 83.ean, Braisen eta Paredesen arteko eztabaida baten ondorioz, epaileak Realeko jokalaria kanporatu du, ustez erdiko atzelari bizkaitarrari esku-zarta emateagatik; Athleticeko atzelariak, aurretik, bultzatu egin du erdilari galiziarra. Hurrengo jokaldian, Izetak abagune ona izan du.
86. minutuan, Athleticek berdindu egin du. Iñigo Ruiz de Galarretak sartu du, berak egindako jokaldi bikain batean. Alex Remirok kornerrera aldendu du, gerora, Aitor Paredesek ongi egindako jaurtiketa batean. Realak gogor borrokatu du berdinketari eusteko, eta azkenean talde bakoitzak puntu bana eskuratu du. Lehia handia izan da derbian, bizi jokatu dute biek, eta bi gol ikusgarri izan dira San Mamesen.
Fitxa teknikoa
1 - Athletic: Unai Simon: Areso (Gorosabel, 79. min), Paredes, Yuri, Adama; Rego (Ruiz de Galarreta, 62. min), Jauregizar; Berenguer (Izeta, 72. min), Unai Gomez (Robert Navarro, 62. min), Nico Williams (Iñaki Williams, 72. min); eta Guruzeta.
1 - Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Jon Martin, Sergio Gomez; Guedes (Wesley, 77. min), Gorrotxategi (Turrientes, 62. min), Soler, Marin (Ahien Muñoz, 85. min); Susic (Brais Mendez, 62. min) eta Oyarzabal (Oskarsson, 77. min).
Golak: 0-1, 23. min: Guedes. 1-1, 88. min: Ruiz de Galarreta.
Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez (Balearretako Batzordea). Realeko Brais Mendez kanporatu du. Txartel horia atera die jokalari hauei: Athleticeko Yuri, Areso, Izeta eta Paredes, eta Realeko Zubeldia eta Jon Martin.
Nabarmentzekoa: 48.020 zale izan dira San Mameseko derbian.
Zure interesekoa izan daiteke
Ligan 26/27 denboraldian izango diren arau berriei buruz jakin beharreko guztiak
Epaileen Batzorde Teknikoak datorren denboraldirako arau berriak argitaratu ditu, eta, besteak beste, denbora-galerak saihesteko ekimenak eta VAR protokoloan egin beharreko aldaketak jaso ditu.
Unai Nuñezek Espanyolen jokatuko du utzita
Sestaoko atzelariak Celtak utzita jokatuko du 2026-2027 denboraldia talde kataluniarrean.
EA Sports Ligako 4. jardunaldiko Alaves-Osasuna derbia irailaren 6an jokatuko dute, igandez, 18:30ean
Denboraldiko aurreneko derbia izango da. Jardunaldi horretan bertan, Athletic Atletico Madrilen aurka arituko da, hilaren 5ean, larunbatez, 16:15etik aurrera, eta astelehenean, hilaren 7an, Elx-Reala partida izango da, 21:30ean hasita.
Rayok ezin izango du Vallecasen jokatu, Madrilgo Gobernuak kontzesioa bertan behera utzi baitu
"Segurtasun gabezia larriak" daudela argudiatu du Madrilgo Gobernuak. Rayo Vallecano "harrituta" azaldu da Kultura, Turismo eta Kirol sailaren erabakiarekin. Javier Tebas Ligaren presidenteak adierazi duenez, Rayok beste futbol-zelai bat du erabilgarri, baina ez du zehaztu zein. Bestalde, Tebasek ez du zalantzan jarri Madrilgo Gobernuaren erabakia.
Alaves-Getafe partida, abuztuaren 15ean, 19:30ean, 2026-2027ko EA Sports Ligako lehenengoa
Ligak txapelketako aurreneko hiru jardunaldietako ordutegien berri eman du; abuztuko bigarren hamabostaldian jokatuko dituzte hiru jardunaldi horiek. Osasuna Celtaren zelaian hasiko da, abuztuaren 16an, igandez, 21:30ean; Realak bigarren jardunaldian jokatuko du aurreneko partida, Betisen zelaian, abuztuaren 21ean, ostiralez, 21:00etan; eta Athleticek ere bigarren jardunaldian izango du lehen norgehiagoka, San Mamesen, Sevilla aurkari, abuztuaren 22an, larunbatez, 17:00etan.
Munduko Txapelketak Athleticen, Realaren eta Osasunaren Liga hasiera atzeratuko du
EA Sports Ligako lehen jardunaldiko partiden erdiak dataz aldatu beharko dira nazioarteko jokalarien atsedena errespetatzeko.
Villalibrek 2029ra arte sinatu du Racingekin
Gernikako aurrelaria Kantabriako taldeko jokalaria da orain, klubak bere lagapenean jasotako erosketa aukera gauzatu ondoren.
2026-2027 denboraldiko EA Sports Ligako eta Hypermotion Ligako derbien egutegia
Honako hauek dira bi txapelketetako 14 derbien datak; lehena, 4. jardunaldian jokatuko dute Alavesek eta Osasunak, Mendizorrotzan, irailaren 6an.
Bartzelona-Athletic, Real Madril-Reala, Alaves-Getafe eta Celta-Osasuna, lehen jardunaldian
Liga hasiera abuztuaren 15-16ko asteburuan jokatuko da, eta txapelketa maiatzaren 30ean amaituko da.
Jon Ander Gonzalez epailea Lehen Mailara igo da, eta Olatz Rivera, Bigarren Mailara
Jon Ander Gonzalezek zazpi denboraldi eman ditu Bigarren Mailan, eta Olatz Rivera, ordea, 1. RFEFetik iritsi da Bigarren Mailara; 2017an, emakumezkoen Lehen Mailan egin zuen debuta, eta futbol profesionalean igo den bigarren emakumea da. Iosu Galech Bigarren Mailara pasa da, Lehen Mailatik.