John Cabang, brontzea Asiako Jokoetako hesidun 110 metroko proban, Aichi-Nagoyan
Irurako atletak beste domina bat eman die Filipinei, 13,48 segundoko denbora eginda. Lasterketak irabazle argia izan zuen, 13,15 segundoko marka egin zuen Chen Yuanjiang txinatarra. Zilarra Rachid Muratake japoniarrak eskuratu zuen.
John Cabang, brontzea ospatzen, Asiako Aichi-Nagoya Jokoetan (Japonia). Argazkia: Basque Team
John Cabang Tolentino euskal atletak brontzezko domina irabazi zuen atzo, igandearekin, Asiako Aichi-Nagoya (Japonia) Jokoetako 110 metroko hesi proban, 13,48 segundoko denbora eginda, Basque Team Fundazioak jakitera eman duenez.
Lasterketak irabazle argia izan zuen, 13,15 segundoko marka egin zuen Chen Yuanjiang txinatarra. Zilarra Rachid Muratake japoniarrak eskuratu zuen, kronoan 13,29ko denbora egin baitzuen.
Cabangek, bere aldetik, brontzea lortzeko lasterketa sendoa egin zuen, laugarren sailkatu zen, eta Yuan-kai Hsieh taiwandarrari zazpi ehuneneko aldea atera zion. Nagoyako 13,48ko marka, gainera, bereziki esanguratsua da 2026ko denboraldiko bere erregistro onena delako,izan ere, ekainean Kluben arteko Espainiako Txapelketan ezarritako 13,63 segundoak hobetu ditu.
Metalak, gainera, esanahi berezia du euskal atletarentzat. Aurreko Asiako Jokoetan, Hangzhoun, Cabang podiumaren atarian geratu zen laugarren amaitu zuen eta, beraz, Nagoyako brontzea aurrerapausoa izan da bere ibilbide kontinentalean.
Cabang Madrilen jaio zen 2001eko abuztuaren 27an, hiru urte besterik ez zituela iritsi zen Gipuzkoara eta Iruran hazi zen. 2021ean 23 urtez azpikoen mailan nabarmentzen hasi zen eta Realarekin lehiatzen hasi zen. Cabangek Filipinak ordezkatzea erabaki zuen, herrialde horretakoak baitira bere familia-sustraiak.