EITBren Kontxako Banderaren emanaldia izango da ENACT proiektu europarraren erabilera-kasuetako bat baliozkotzeko agertokia
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiaren emanaldiak aukera emango du frogatzeko hainbat teknologia digitalek, hala nola adimen artifizialak, hodeiak edo edge computingak, elkarrekin lan egiten dutela, audientzia handia biltzen duten ekitaldietan zerbitzu egonkorra eta kalitatezkoa bermatzeko.
Igande honetako esperientzia prestatzeko, EITBko Esplotazio eta Teknologia Saila OSOIGO, Arctur, Innovalia eta CERTH erakundeekin ari da lanean. Bertan uztartuko dira: ekitaldiaren multimedia emanaldia (ordenagailuentzat) latentzia txikian edo atzerapenik gabe; erabiltzaileen parte hartzea eta interakzioa; estropadaren 3D ingurunea ekitaldiaren garapenarekin sinkronizatua, eta baliabide teknologikoen kudeaketa adimenduna.
Ekimenaren bitartez, plataformaren baliabideak eta horien banaketa benetako erabilera-baldintzetara egokitzeko duten gaitasuna egiaztatuko da, zerbitzuaren errendimendua eta jarraitutasuna mantenduz. Proiektua, ENACTren parte den aldetik, Europar Batasunaren Horizon Europe programak finantzatuta dago.