Tolosaldeak garaipen historikoa lortu du Donostiako uretan
Tolosaldeak irabazi du Fabrika Bandera, Donostiako uretan erakustaldi polita emanda, eta Oriorekin azkeneraino lehia estua izan eta gero.
Garaipen historikoa da Ramon Erostarbek entrenatzen duen taldearentzat, lehen aldiz irabazi baitu bandera bat Euskotren Ligan.
Donostia Arraun Lagunak sailkatu da hirugarren, eta lehenengo txandan azkarrena izan den Hondarribiak laugarren tokia kendu dio Zumaiari.
Goi-mailako arraunketa ikusi dugu Donostiako estropadan. Lehendabiziko luzean, lau ontziak parean joan dira, eta Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea tartekatu dira buruan.
Nerea Perezek zuzentzen duen kuadrilla ez da ondo abiatu, baina atzetik aurrerakoa egin du, pixkanaka-pixkanaka, eta bi segundoko abantailarekin iritsi da kanpoaldera.
Gainera, ziabogaren ostean zuloa handitu du: 4 segundo atera dizkio Oriori, 12 Arraun Lagunaki eta 13 Zumaiari.
Bigarren luzean, agerian geratu da garaipena Tolosaldeak edo Oriok eskuratuko zutela. Borroka estua izan dute, eta azken txanpan, olatu ona hartuta, Oriok segundo bakar batera murriztu du aldea. Emozioa izan da bukaeraraino, baina Tolosaldeak ez du hutsik egin, abantailari eutsi dio eta bere lehen bandera eskuratu du Euskotren Ligan.
Arraun Lagunak eta Zumaia, berriz, atzerapen handiarekin sartu dira: 16 eta 26 segundora, hurrenez hurren.
Lehenengo txandan, Hondarribia izan da azkarrena, estropada bikaina eginda, eta laugarren postua kendu dio Zumaiari.
Hirugarren jardunaldia amaituta, Arraun Lagunakek jarraitzen du lider, baina gainean ditu Orio eta Tolosaldea. Orain arte ikusitakoa ikusita, Euskotren Liga oso lehiatua izango dela ematen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Nerea Perez, Tolosaldeako patroia: “Kriston denboraldia ari gara egiten, talde berria osatzen dugula kontuan hartuta"
"Ondarroan estropada ona egin genuen; igandean, Hondarribian, aldiz, txanda batetik bestera haizea asko aldatu zen, joateko luzea oso ona egin genuen, baina bueltan ez genuen sentsazio onik aurkitu", azaldu du Tolosaldeako patroiak. "Baliteke gehien gozatzen ari naizen urtea izatea", aitortu du Nerea Perezek.
Garazi Ormazabali eta Malen Eskitxabeli zapore gazi-gozoa utzi die lehen estropadak, Tolosaldea balizan trabatuta geratu ondoren
Garazi Ormazabalen hitzetan, "pena da liga horrela hastea, baina lehen estropada baino ez da". "Alde onarekin geratzen gara, hiru luzetan gainerakoen parean izan ginelako", erantsi du. Malen Eskitxabelen ahotan, "gazi-gozoa izan zen asteburua; ziabogara arte dena oso ondo zihoan".
Ontzia kateatu zaio Tolosaldeari azken ziabogan
Euskotren Ligako lehenengo jardunaldian, Tolosaldeari ontzia kateatu zaio azken ziabogan, eta, hori dela eta, denbora asko galdu du 4. luzean. Ontzia askatu arren, 5. postuan amaitu du azkenean estropada.