FLANDRIAKO TOURRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pogacar eta Vollering gailendu dira Flandriako Tourrean

Tadej Pogacarrek historia egiten jarraitzen du. Hirugarrenez irabazi du Flandriako Tourra, eta laugarren monumentua bereganatu du jarraian. Demi Vollering, berriz, lehen aldiz nagusitu da Flandrian.

Tadej Pogacar - Demi Vollering. Flandriako Tourra

Tadej Pogacar eta Demi Vollering, helmugan. Argazkia: EFE

Tadej Pogacar (UAE) txirrindulari esloveniarrak hirugarrenez eta nagusitasun handiz irabazi du Flandriako Tourra. Klasikoa Anberesen hasi eta Oudenaarde udalerrian bukatu da, eta guztira 278 kilometro egin behar izan dituzte.

Gaurko garaipenarekin, Pogacarrek historia egiten jarraitzen du. Izan ere, laugarren monumentua irabazi du jarraian, eta, guztira, 12 bereganatu ditu  jada bere ibilbide profesionalean. Horrenbestez, hurbilago dauka Eddy Merckx txirrindularitzako mitoaren marka.

Pogacarrek helmugatik 77 kilometrora hartu du aginte makila. Erritmo gogorra jarri du, eta laster hautsi da tropela. 20 txirrindulari soilik geratu dira buruan, tartean faborito guztiak.

Helmugarako 57 kilometro falta zirenean jo du beste eraso bat, eta Mathieu van der Poel, Wout van Aert, Remco Evenepoel eta Mads Pedersen joan zaizkio atzetik.     

Edonola ere, esloveniarrak lanean jarraitu du buru-belarri, gelditu gabe, eta kilometroak egin ahala, atzean utzi ditu Pedersen, Van Aert eta Evenepoel.

Van der Poelek bakarrik izan du ahalmena Pogacarren gurpilari jarraitzeko. Alabaina, gero eta behartuago joan da, eta helmugatik 18 kilometrora amore eman du. Pogacarrek aurrera egin du, eta, pixkanaka-pixkanaka, tartea zabaldu du.

Bizikleta gainean 6 ordu eta 20 minutu zeramatzanean igaro du helmuga. Gogotik ospatu du bere hirugarren Flandriako Tourra. Lau monumentu bereganatu ditu jada, eta Paris-Roubaix soilik falta du palmaresa osatzeko.

Van der Poel izan da hirugarrena (33 segundora), eta Evenepoel, berriz, hirugarrena (1 minutu eta 10 segundora). Van Aert eta Pedersen helmugaratu dira jarraian. 

Ezohiko irudia eta polemika

Bestalde, Flandriako Tourrean ezohiko gertakaria izan da, eta polemika piztu da. Trenbide pasagune batean, helmugatik 210 kilometrora, lasterketa gelditu behar izan dute.

Alabaina, hesiak jaisten hasi orduko, tropelaren aurrealdean zihoazen txirrindulari batzuek aurrera egin dute; Pogacar, Evenepoel eta Pedersen ziren horietako batzuk. Gainerako guztiak, besteak beste Van der Poel, etenda geratu dira.

Horrela, lasterketako zuzendariak Pogacar eta UAE taldea geldiarazi ditu, atzeko tropelak haiekin bat egin arte.

UCIren araudiaren arabera, itxita dagoen trenbide pasagune batean gelditzen ez diren txirrindulariek zigorra jaso dezakete, hainbat hilabetez lehiatzeko aukerarik gabe gera daitezke edota isun ekonomikoa jaso dezakete. 

Gizonezkoen sailkapena

Results powered by FirstCycling.com

Demi Vollering, nagusi Flandrian

Emakumeen probari dagokionez, Demi Vollering (FDJ) Europako txapelduna izan da garailea. Txirrindulari herbeheretarrak lehen aldiz irabazi du Flandriako Tourra.

Bakarka helmugaratu da, eta 42 segundoko abantaila atera die bigarren eta hirugarren sailkatu diren Pauline Ferrand Prevost (Visma) eta Puck Pieterse (Fenix) txirrindulariei.

Lotte Kopecky (SD Worx) zen faborito nagusia, aurrez hiru aldiz irabazi baitu Flandriako Tourra, baina gaurkoan laugarren tokiarekin konformatu behar izan du.

Emakumeen sailkapena

Results powered by FirstCycling.com

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X