MILAN-SAN REMO

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pogacar eta Kopecky gailendu dira Milan-San Remo Klasikoan

Alex Aranburuk hamabigarren bukatu du klasikoa, eta Usoa Ostolaza hamahirugarren izan da. Gainera, Debora Silvestri Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindularia ospitaleratu egin dute eroriko izugarria izan ondoren.

Txirrindularitza

Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak lehen aldiz irabazi du Milan-San Remo Klasikoa, esprint estu batean Tom Pidcock (Pinarello-Q36.5) menderatuta.

27 urteko txirrindulari handiari garaipen gutxi falta zitzaizkion bere palmares zabalean. Horietako bat, Milan-San Remo zen. Bost aldiz lehiatu zuen aurretik, eta bitan podiumean bukatu zuen. Gaurkoan, baina, lortu du hainbeste desio zuen monumentua.

Bere egutegian gorriz markatutako data zen gaurkoa, eta enegarren erakustaldia emanda bereganatu du urteko lehen monumentua. Areago, erorikoa izan du helmugarako 30 bat kilometro falta zirenean, baina horrek ere ez du makurrarazi. 

Pogacarrek lehendabizi Mathieu Van der Poel utzi du jokoz kanpo, behin eta berriro hainbat eraso jota. Pidcockek, berriz, azkeneraino eutsi dio, eta esprinta ikusgarria izan da. Azkenean, esloveniarra zentimetro gutxi batzuengatik gailendu zaio. Wout Van Aert izan da hirugarrena.  

Bestalde, Alex Aranburu (Cofidis) eta Jon Barrenetxea (Movistar) euskal txirrindulariek 12. eta 20. postuetan amaitu dute, hurrenez hurren. 

Emakumezkoen proban, Lotte Kopecky belgikarrak (SD Worx-Protime) irabazi du Milan-San Remo lasterketa, Noemi Ruegg suitzarra (EF Education) eta Eleonora Gasparrini italiarra (UAE Team ADQ) menderatuta.

Kopeckyk besoak altxatzeko denbora ere izan du bigarren urtez lehiatu den emakumezkoen Milan-San Remo Klasikoan. Azken metroetan erabaki da lehia. Ruegg eta Gasparrini behin eta berriz saiatu badira ere, ezin izan dute munduko txapeldun bikoitzaren erritmoari eutsi.

Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) txirrindulari gipuzkoarra, berriz, hamahirugarren postuan helmugaratu da.

Silvestriren eroriko izugarria

Bestalde, Debora Silvestri Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirridulari italiarrak eroriko larria izan du, eta hainbat minutuz ezinegona eta kezka nagusi izan dira.  

Zorionez, antolatzaileek argitu dute konorterik ez duela galdu, erorikoa izugarria izan bada ere. Handik gutxira, taldeak berak ere baieztatu du Silvestri bere kordean eraman dutela ospitalera. 

Gizonezkoen sailkapena

Results powered by FirstCycling.com

Emakumezkoen sailkapena

Results powered by FirstCycling.com

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X