MILAN-SAN REMO

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pogacar eta Kopecky gailendu dira Milan-San Remo Klasikoan

Alex Aranburuk hamabigarren bukatu du klasikoa, eta Usoa Ostolaza hamahirugarren izan da. Bestalde, Debora Silvestri Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindularia ospitaleratu egin dute eroriko izugarria izan ondoren.

Txirrindularitza

Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak lehen aldiz irabazi du Milan-San Remo Klasikoa, esprint estu batean Tom Pidcock (Pinarello-Q36.5) britainiarra menderatuta.

27 urteko txirrindulari handiari garaipen gutxi falta zitzaizkion bere palmares zabalean. Horietako bat, baina, Milan-San Remo zen. Bost aldiz lehiatu du aurretik, eta podiumera igo da birritan. Gaur, baina, lortu du hainbeste desio zuen monumentua.

Bere egutegian gorriz markatutako eguna zen gaurkoa, eta enegarren erakustaldia emanda bereganatu du urteko lehen monumentua. Are gehiago, erorikoa izan du helmugarako 30 bat kilometro falta zirenean, baina horrek ere ez du makurrarazi. 

Pogacarrek lehendabizi Mathieu van der Poel utzi du jokoz kanpo, behin eta berriro erasoak eginda. Pidcockek, berriz, azkeneraino eutsi dio, eta esprinta ikusgarria izan da. Azkenean, esloveniarra zentimetro gutxirengatik gailendu zaio. Wout van Aert izan da hirugarrena.  

Bestalde, Alex Aranburu (Cofidis) eta Jon Barrenetxea (Movistar) euskal txirrindulariak 12. eta 20. postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren. 

Emakumezkoen proban, Lotte Kopecky (SD Worx-Protime) belgikarrak irabazi du Milan-San Remo lasterketa, Noemi Ruegg (EF Education) suitzarra eta Eleonora Gasparrini (UAE Team ADQ) italiarra menderatuta.

Kopeckyk besoak altxatzeko denbora ere izan du emakumezkoek bigarren urtez lehiatu duten Milan-San Remo Klasikoan. Azken metroetan erabaki da podiuma. Ruegg eta Gasparrini behin eta berriz saiatu badira ere, ezin izan diote munduko txapeldun bikoitzaren erritmoari eutsi.

Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) txirrindulari gipuzkoarra, berriz, 13. postuan helmugaratu da.

Silvestriren eroriko izugarria

Bestalde, Debora Silvestri Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirridulari italiarrak eroriko larria izan du, eta hainbat minutuz ezinegona eta kezka nagusitu dira.  

Zorionez, antolatzaileen esanetan, ez omen du konorterik galdu, erorikoa izugarria izan bada ere. Handik gutxira, taldeak berak baieztatu du Silvestri bere kordean eraman dutela ospitalera. 

Gizonezkoen sailkapena

Results powered by FirstCycling.com

Emakumezkoen sailkapena

Results powered by FirstCycling.com

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X