Tourraren aurretik egingo diren ekitaldiak aurkeztu eta ikurrinarekin kalera ateratzera animatu dituzte zaleak
2023ko Frantziako Tourra, bere 120. urteurrenean, Bilbotik abiatuko da uztailaren 1ean, eta euskal errepideak izango ditu protagonista nagusi lehen hiru etapetan. Hala, Tourraren irteera handia (Grand Départ) iritsi bitartean egingo diren ekitaldien kronograma aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Azkuna Zentroan, eta, besteak beste, errepideak eta balkoiak ikurrinez betetzera animatu dituzte zaleak, eta horretaz mintzatu dira Marino Lejarreta, Roberto Laiseka eta Eneritz Iturriaga txirrindulari ohiak.
Laisekak kontatu duenez, "une askotan zure mugetatik haratago joaten zara, baina zaleak bide bazterrean ikusi eta sentitzea, animatzen, jendeak osatutako ilaren artetik pasatzen… Sekulakoa da zer sentitzen den". "Euskal zaleak eta ikurrina beti agertzen dira. Pirinioetan hainbeste aldiz astindu ondoren, herrialde oso baten harrotasuna erakutsiz, orain etxean atera behar dugu", gaineratu du Laisekak.
Marino Lejarretaren aburuz, "ia ez da beharrezkoa jendea errepidera irtetera animatzea. Ziur nago zaleek erantzun egingo dutela, beti egin dute, oso fidelak dira. Txirrindulari gisa joan garen edozein lekutara, gutako edozein, euskaldun bat zegoen lekuan ikurrina bat zegoen". Hala, errepidera ikurrinarekin ateratzeaz gain, etxeetako balkoietan ere jartzera animatu ditu zaleak, "munduko txirrindularitza zalerik onenak garela erakusteko".
Bestalde, Eneritz Iturriagaren esanetan, ikurrina "sentimendu kolektibo baten sinboloa da, euskaldun guztiak ordezkatzen eta batzen dituen bakarra".
2023KO EKITALDIAK
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak, uztailaren 1, 2 eta 3an munduko tropeleko txirrindulari onenek Euskadin pedalkadak ematen hasi arte egingo diren jardueren berri eman du, txirrindulari ohien adierazpenen aurretik.
"Proposamen ugari eta publiko orori zuzendutakoak izateak herritar guztiek mundu mailako ikuskizun handienetako honetan partaide sentitu eta parte hartzeko borondatea islatzen du", nabarmendu du sailburuak.
Hala, martxoaren 22an, Tissot erloju klasikoa instalatuko da Bilbon, eta hurrengo egunean 100 eguneko atzerako kontaketaren hasierari ekingo zaio. Une horretatik aurrera, ekitaldi zaparrada hasiko da. Besteak beste, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako eraikin enblematikoak horiz argiztatuko dira, ikus-entzunezko ikuskizunak izango dira Arabako hiriburuan, eta Donostiak maillot erraldoi baten estreinaldia hartuko du.
"Frantziako Tourraren etorrera Euskadin txirrindularitzarekiko sentitzen den grina handia erakusteko aukera paregabea da", adierazi du Zupiriak. Gogo hori erakusteko moduetako bat gure errepideetan pedalei eragitea izango da. Grand Départ Pays Basquek, Tourreko lehen etaparen erreplika bat antolatzeaz gain, L´Étape Bilbao By Tour De France (ekainaren 11n), euskal egutegiko bi proba zikloturista tradizionalen edizio bereziak garatzen elkarlanean dihardu: Donostia-Baiona-Donostia (maiatzaren 13an) eta Gasteizko Proba Zikloturista (ekainaren 24an).
Gobernuko bozeramailearen arabera, "familiek ere hamaika jarduera izango dituzte. Euskadi Txirrindularitza Fundazioak antolatutako BiziTour Jaiak nabarmenduko dira". Donostian, maiatzaren 7an; Gasteizen, ekainaren 4an, eta Bilbon, ekainaren 25ean, bizikleta jai familiar bana izango da. Martxa herrikoi labur batzuk egingo dira, kilometro gutxikoak, bizikleta kultura eta mugikortasun iraunkorra jai giroan sustatzeko.
Tourraren 110. edizioa hasieraren aurreko astean "mundu mailako oihartzun handiko" ekitaldiak izango dira. "Ekainaren 29an Fan Park gunea inauguratuko da Areatzako pasealekuan, Bilbon"; txirrindularitzari eta bereziki Frantziako Tourrari buruzko "parke tematiko" gisako bat izango dena.
Egun horretan bertan, arratsaldean, 2023ko Frantziako Tourreko Taldeen Aurkezpen Ofizialaren txanda iritsiko da, eta ia 200 herrialdetan izango da ikusgai. "Guggenheim Bilbao Museoaren ingurune zabalean egingo da eta publiko orori zuzenduta dago. Festa honetan, gainera, lasterketako protagonista nagusiak hurbiletik ikusteko aukera izango da", nabarmendu du. Ekainaren 30ean, atsedenaldia, hurrengo hiru egunetan Bilbo – Bilbo (185 km), Gasteiz – Donostia (209 km) eta Zornotza – Baiona (185 km) etapekin sortuko den "eztandari aurre egiteko".
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan hasiko da 2026ko Frantziako Tourra, mendia eta Alpe d’Huezen itzulera protagonista dituela
2026ko Frantziako Tourrak badu mapa. Frantziako Tourra Bartzelonatik abiatuko da lehen aldiz, taldekako erlojupeko batekin, Montjuïcen, eta altuerako ibilbidea egingo du: bost amaiera maldan gora, hitzordu bikoitza Alpe d'Huezen, eta 3.333 kilometro guztira.
Frantziako Tourra Mont Ventoux mendatera helduko da
2026ko edizioa Lausanatik abiatuko da abuztuaren 1ean, eta hilaren 9an amaituko da, Nizan. Zazpigarren jardunaldian, Mont Ventoux mendatera igo beharko dute txirrindulariek; horrez gain, laugarren etapa 21. kilometroko erlojupekoa izango da.
Ferrand-Prevotek historia egin du Frantziako Tourra irabazita
Azkeneko etapa ere Vismako txirrindulari frantziarrak bereganatu du. Podiumean Demi Vollering herbeheretarra eta Katarzyna Niewiadoma poloniarra izan ditu ondoan.
Pauline Ferrand-Prevot frantziarrak Tourra erabakita utzi du, Madeleine mendatean erakustaldia emanda
Amaierarako etapa baten faltan, Ferrand-Prevotek 2:37ko aldea du Sara Gigante bigarren sailkatuarekin, eta 3:18koa Demi Volleringekin.
Maeva Squibanek bigarrenez jarraian irabazi du Frantziako Tourrean
Txirrindulari frantziarrak erakustaldia eman du eta bigarren egunez jarraian bakarka helmugaratu da.
Maeva Squiban gailendu da Amberten, bakarka, eta Kim Le Courtek maillot horiari eutsi dio, Frantziako Tourrean
Lasterketako 32. ekitaldiko aurreneko mendiko etapan, UAE taldeko txirrindulari frantziarrak eskuratu du garaipena; AG Insurance taldeko ziklista maurizioarrra, ordea, hirugarren tokian helmugaratu da, seigarren jardunaldian, eta sailkapen nagusian duen aldea, orain, zortzi segundo handiagoa da.
Lorena Wiebesek irabazi du Poitiersen, esprintean, eta Marianne Vosek Frantziako Tourreko lider jarraitzen du
Lasterketako 32. ekitaldiko laugarren etapan, ez da aldaketa nabarmenik izan sailkapen nagusian. Wiebesek, beste behin, erakutsi du munduko esprinterrik onenetakoa dela; astelehenean bezala, garaipena eskuratu du.
Lorena Wiebesek irabazi du Angerseko esprinta, eta Marianne Vosek maillot horia berreskuratu du, Tourrean
SD Worx-Protime taldeko txirrindulari herbeheretarra, Europako egungo txapelduna bera, aurrenekoz gailendu da 32. Frantziako Tourrean; sailkapen nagusian, Visma-Lease a Bikeko herbeheretarra larunbateko etapan eskuratutako lehen postura bueltatu da.
Mavi Garcia nagusitu da Quimperren, eta Le Court horiz jantzi da
41 urteko Liv AlUla Jayco taldeko txirrindulariak 10 kilometro falta zirela ekin dio eraso erabakigarriari, eta 20 segundo inguruko tartea du taldearekiko.
Pogacarrek, Vingegaardek eta Lipowitzek osatu dute podioa
Tadej Pogacarrek irabazi du 2025eko Frantziako Tourra, Jonas Vingegaard bigarren izan da, eta Florian Lipowitz, hirugarren.