Tourreko etapa 12 minutuz neutralizatu dute protesta baten eraginez
Frantziako Tourreko hamargarren etapa hamabi minutuz neutralizatu dute antolatzaileek astearte honetan, helmugara iristeko 38 kilometro falta zirela, errepidea moztu duen protesta baten ondorioz.
Txirrindulariek euren jarduna gelditu behar izan dute, antolakuntzak hala aginduta. Izan ere, lasterketa buruan ihes eginda zihoan Alberto Bettiol (EF) italiarrak zazpi bat pertsonaz osatutako protesta batekin egin du topo, eta haiek saihestu behar izan ditu, eta gauza bera gertatu zaie txirrindulari italiarraren atzetik zihoazen lehiakideei ere.
Manifestariak, klima-aldaketaren aurkako protestan zebiltzanak, errepide gainean zeuden eserita, eta zenbait bengala piztu dituzte ke-laino arrosa bat eraginez.
Une horretan, Bettiolek 20 segundoko aldea zuen eguneko ihesaldia osatzen zuten gainerako 24 txirrindulariekiko, eta haiek ia 7 minutu eta erdiko tartea ateratzen zioten tropelari.
Behin Frantziako Jendarmeriak manifestariak errepidetik aterata, antolatzaileek etapa berriro abiatu dute lasterketa eten den unean zeuden denborak errespetatuz.
Lehen aldia da Tourrak etapa bat neutralizatu behar izan duela 2019tik. Urte hartan Tigneserako bidean, 19. etapan, uholde batek errepidea hartu zuen.