Kern Pharmak harrobiko Unax Errastiri profesionaletan lehiatzeko aukera emango dio denboraldi amaierara arte
Unax Errasti antzuolarrak Ataunen, ekainaren 21ean, lortutako garaipena. Irudia: Finisher
Kern Pharma taldeak hiru txirrindulari igo ditu Finisher bigarren taldetik tropel profesionalean hazten jarraitzeko: Emilio Garcia gaztelarra, Unax Errasti gipuzkoarra eta Hugo Tapiz frantziarra.
"Harro egoteko modukoa da Finisher taldeko txirrindulariei aukerak eman ahal izatea. Uste dugu modu ezin hobea dela 23 urtez azpiko kategorian ondo-ondo ibili diren txirrindularien prestakuntza osatzeko, eta harrobiaz baliatu gara proiektu hau profesional egin zenetik", azaldu du Juanjo Oroz Kern Pharma taldearen zuzendari nagusiak.
Nafarroako taldeak ohar batean azaldu duenez, Unax Errasti (Antzuola, 2005) "taldeko txirrindularia da, eta lanerako eta sakrifiziorako gaitasun handia du". Joan den denboraldian taldera iritsi zenetik, "funtsezko pieza" izan da proiektuan, Espainiako Kopan eta Estatuko egutegiaren probarik ezagunenetan lan bikaina egin du, eta badaki zer den irabaztea, Ataunen garaipena lortu baitzuen.
Orozek azpimarratu duenez, "Unax Errastik bi denboraldi daramatza gurekin, eta etengabe hazi da. Mota guztietako ibilbideetan aparteko emaitza lortzeko gai da eta taldearen alde lan egiteko zalantzarik ez du egiten. Profesionaletan korritzeko aukera sari gisa eman diogu, txirrindularitza ulertzeko duen moduaren ordainetan, eta oso harro gaude horrekin".