Bilbao Basket miraria egiten saiatuko da Alemanian
Surne Bilbao Basketek eta Niners Chemnitzek FIBA Europe Cup txapelketako finalaurrekoaren itzuliko partida jokatuko dute asteazken honetan, Alemanian. Joaneko norgehiagokan, Miribillan, "beltzezko gizonek" jipoi izugarria jaso zuten: 73-98 galdu zuten eta orain 25 puntuko abantaila dute alemaniarrek. Beraz, miraria egin beharko dute, finalean egoteko. Partida 19:00etan hasiko da, eta zuzenean eskainiko dugu ETB4n eta eitb.eus atarian.
Konfiantzarekin iritsi ziren joaneko partidara, Bilbao Arenan jokatutako azken hiru norgehiagokak irabazita. Neurketa ondo hasi zuten, eta ematen zuen kanporaketa etxean erabakita uzteko gai izango zirela.
Jaume Ponsarnauren taldea 43-29 jarri zen markagailuan, baina hurrengo hogei minutuetan sekulako kolpe latza hartu zuen, alemaniarrek partida irauli baitzuten: 30-69 jarri ziren aurretik.
Gauzak horrela, ameskeria da Bilbao Basketek 25 puntuko alde hori murriztea lortuko duela eta Europako Koparen finalean izango dela pentsatzea.
Edonola ere, asteburuan, Endesa Ligan, Rio Breoganen aurka erakutsi zuen maila ona izan zela kontuan hartuta, partida azkeneraino lehiatzea eta aurrekoa bezalako emaitzarik ez errepikatzea izango dute helburutzat bizkaitarrek.