Zesta-punta
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erkiaga-Lopez eta Johan-Gorka, Daniako Biscayne Cupeko final handira

Erkiagak eta Lopezek neurketa estu eta lehiatuan menderatu dituzte Urreisti eta Ibarluzea (15-11, 15-13); Sorozabal anaiak, aldiz, sendo eta agintari aritu dira Goitia eta Lekerikaren aurka (15-4, 15-11).

Johan eta Gorka Sorozabal
Johan eta Gorka Sorozabal. Argazkia: Jaia Alai News

Daniako (Florida) frontoiak belaunaldien arteko final ikusgarria hartuko du larunbatean, otsailaren 21ean, 2026ko Ligako bigarren Grand Slamean. Alde batetik, Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez Jai Alaiko erreferente handiak izango dira; bestetik, Johan eta Gorka Sorozabal, 23 eta 24 urteko bi gazte, indar eta freskotasun handiz datorren belaunaldia ordezkatzen dutenak.

Erkiagak eta Lopezek Urreisti eta Ibarluzea neurketa lehiatu batean menderatuta (15-11 eta 15-13) lortu dute finalerako txartela. 

Hasierako 7-3koak Aritzek eta Imanolek norgehiagoka erosoa irabaziko zutela ematen bazuen ere, Urreistik eta Ibarluzeak ez dute etsi, eta markagailuan gerturatzea lortu dute (8-7, 9-8, 10-9).

Hala ere, esperientziak aldeak nabarmendu ditu, eta Lopez errebotean nagusi izan da 15-11ko emaitza jartzeko.

Bigarren jokoan ere lehia estua izan da. Urreisti eta Ibarluzea 0-3 aurreratu dira, baina Erkiagak eta Lopezek berehala erantzun dute eta 5-5ekoa jarri dute markagailuan. 11. tantora arte parez pare ibili dira bi bikoteak, baina une erabakigarrietan beteranoek euren maila eta sendotasuna erakutsi dituzte. Xehetasun txikiek erabaki dute partida (15-13).

Erkiaga eta Lopez
18:00 - 20:00

Johan eta Gorka, bide azkarretik

Bigarren finalerdian, Johan eta Gorka benetako urakana izan dira Goitia eta Lekerikaren aurka (15-4 eta 15-11). Hasierako 6-0koak ia erabakita utzi du lehen seta. Bi anaiek oso abiadura handia eman diote jokoari, pilotakada bakoitzean konpenetrazioa eta potentzia erakutsiz.

Goitiak eta Lekerikak txapelketaren nekea salatu dute, eta ezin izan dute euren bertsiorik onena erakutsi. 11-10ekoaren ostean, Johanek eta Gorkak aldea ireki dute berriro, eta anaia nagusiak eskuinkada indartsu batekin itxi du partida atzeko koadroetatik.

Final handian esperientzia eta gaztetasuna izango dira aurrez aurre. Erkiagak eta Lopezek ez dute lan erraza izango aurkariek erakutsitako indar eta intentsitate erakustaldiari aurre egiteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X