Zabalak eta Eskuzak Elordi eta Zabaleta ordezkatuko dituzte igandean, play-offeko partidan
Javier Zabalak eta Arkaitz Eskuzak Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta ordezkatuko dituzte igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan, 2024-25eko Binakako Txapelketako play-offeko azken partidan, Aspek ostiral arratsaldean iragarri duenez.
Elordik eta Zabaletak ostegunean min hartu zuten, Tolosan, Artola-Mariezkurrena II.a aurkari izan zuten play-offeko norgehiagokan. Partida hartan, Baikoko bikotea 22-7 nagusitu zen, eta, horrela, finalerdietako ligaxkarako sailkatu zen. Mallabiko aurrelariak eta Etxarrengo atzelariak, horrenbestez, igandean, Eibarren, finalerdietako ligaxkako laugarren eta azken txartela emango duen partida erabakigarria jokatu beharko zuten; ostiral gauean jokatuko duten partidako bikote irabazlea izango zuten aurkari, alegia, Jaka-Imaz edo Peña II.a-Albisu. Osteguneko neurketa amaitutakoan, Elordik aurreratu zuen ezingo zuela jokatu; Zabaletari dagokionez, zalantzan zegoen aritzeko moduan izango zen, eta ostiral arratsaldean baieztatu da ezingo duela jokatu.
Hala, Javier Zabalak ordezkatuko du Elordi, eta Arkaitz Eskuzak, aldiz, Zabaleta. Zabala ibilitakoa da Binakako Txapelketan, baina aurrenekoz kantxaratuko da aurtengoan; Eskuzak, ordea, estreinakoz jokatuko du txapelketa nagusian.
Larunbat arratsaldean Labriten izango den B Serieko Binakako Txapelketako play-offeko partidan, Murua eta Aldabe arituko dira Zabalaren eta Eskuzaren ordez, Egiguren V.a-Bikuña aurkari.