Hiru garaipen lortu ditu Euskal Pilota Selekzioak, Munduko Txapelketako 3. jardunaldian
Maialen Aldazabalek eta Aritz Erkiagak Mexiko menderatu dute banakako zesta-puntan, eta Sergio Rodriguezek eta Edorta De Antak partida bikaina jokatu dute parapilotan, 36 metroko frontoian. Euskal selekzioak galdu egin du frontballean, binakako zesta-puntan eta gomazko paletan.
Euskal Pilota Selekzioak hiru garaipen lortu ditu sei partidatan FIPVeko XX. Munduko Txapelketako hirugarren jardunaldian. Banakako zesta-puntan lortutako garaipenak, Aritz Erkiaga finaletik oso gertu utzi dutenak, eta bikotearen partida bikaina 36 metroko pilotalekuan.
Parapilota: partida perfektua
Sergio Rodriguezek eta Edorta De Antak 15-2 eta 15-1 gainditu dituzte Herrera eta Irazusta argentinarrak 36 metroko pilotalekuan.
Euskal bikotea oso ondo sartu da partidan eta ez du akatsik egin. Argentinarrek pare bat tanto egin dituzte hasieran eta markagailua berdinduta joan da, baina hortik aurrera Euskadi oso nagusi izan da eta alde handia ireki duhuts bakart bat egin gabe.
Bigarren seta ildo beretik joan da. Hurrengo partida trinketean jokatuko dute Frantziaren aurka; ondoren, bi partida iritsiko dira Brasilen aurka, trinketean eta frontoian, eta Frantziaren aurkako ligaxka frontoian itxiko dute.
Banakako zesta-punta: garaipen bikoitza, Mexikoren aurka
Buenos Airesen, banakako zesta-puntak bi garaipen utzi ditu Mexikoren aurka. Maialen Aldazabalek 15-6 eta 15-7 irabazi dio Mayorgari.
Hasieran zalantzak zeuden kantxak nola erantzungo zuen: aurreko partidan pilota bizirik atera zen eta gero jokoaren erritmoa jaitsi egin zen. Ondorioz, partidan sartu eta aurkaria ezagutu arte urduritasun pixka bat egon da. Ondoren, Maialenek oso ondo jokatu du: arrisku gutxi hartu ditu, erremate on batzuk egin eta nahiko eroso gailendu da.
Aritz Erkiagak 15-7 eta 15-4 gainditu du Ochoa. Espainiaren porrotaren ostean, Erkiagak nahikoa du hurrengo partida irabaztea finalean egoteko.
Binakako zesta-punta: porrota Estatu Batuen aurka
Binakako zesta-puntan, ligaxkako bigarren jardunaldian, Colonia del Sacramentoko 54 metroko pilotalekuan, Eñaut Urreistik eta Xabier Ibarluzeak galdu egin dute Johan eta Gorka estatubatuarren aurka 8-15 eta 11-15.
AEBak oso serio atera dira, hutsik egin gabe eta pilota azkar mugituz. Euskal bikoteak, ordea, ez du partidan sartzea lortu eta akats dezente egin ditu (8-15). Bigarren setean, 1-4 aurka, Unai Lekerikabeaskoak Ibarluzearen lekua hartu du. Bere sarrerarekin partida aldatu egin da: gogortu egin da, tantoak bi aldeetara erori dira eta markagailua bosna eta zortzira berdindu da.
Hala ere, AEBek ez dute erritmoa jaitsi, batez ere Gorka atzelariaren partida bikainari esker, eta euskal puntistek une erabakigarrietan egindako akats batzuek seta eman diete estatubatuarrei (11-15).
Igandean ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da, non finalistak zein diren erabakiko den, eta Euskal Pilota Selekzioak finalean egoteko aukera asko ditu.
Frontball: porrota, faboritoaren aurka
Gizonezkoen frontballean, Mikel Aurrekoetxeak galdu egin du Niño Abraham mexikarraren aurka, 6-10 eta 5-10.
Lehen setean, Mikel indartsu atera da, abiadura eta intentsitate handiarekin, eta 5-3 aurreratu da, Abraham faboritoa urduri jarriz. Mexikok eskatutako atsedenaldiaren ostean, Niño Abrahamek buelta eman dio markagailuari (8-5, 9-6) eta 10-6 setari amaiera eman dio.
Bigarrenean, Niño Abrahamek taktika aldatu du. Aurrekoetxearen jokoari aurre egiteko, bere jokori erritmo azkarra eman dio eta 6-1 aurreratu da. Mikelek ez du amore eman eta maila handiko tantoak egin ditu, baina azkenean 5-10 galdu du seta.
Orain, eta finalerdietara begira, Peruri irabazi behar dio ligaxkako hirugarren jardunaldian. Partida horretan Espainiak finalerako txartela izango du jokoan.
Gomazko paleta: aurrerapausoa, Frantziaren aurka
Gizonezkoen gomazko paletan, 30 metroko pilotalekuan, Unai Sagarzazuk ezin izan du garaipena lortu Frantziaren aurka: 10-15, 15-13 eta 8-10. Hala ere, oso sentsazio onak utzi ditu.
Frantzia, modalitateko talde indartsuenetarikoa, Antoinerekin hasi da. Honek ezkerrez pilota asko altxatzen du, eta Unairi kosta egin zaio horri erantzutea. Hala ere, bere fisikoari esker, lehen setari eutsi dio (10-15).
Bigarrenean, Sagarzazu hobeto sartu da: konfiantza gehiagorekin, ondo aritu da errematean eta ondo atera du pilota paretatik. Seta amaitu aurretik, Frantziak Teo jarri du jokoan. Hotz sartu da, zalantzekin eta jokaldi pare batean huts egin du. Azkenean, seta Unaik eraman du 15-13.
Hirugarren jokoak antzeko gidoia izan du: Sagarzazuk jarri du erritmoa, baina artida luze joan da eta Teo, nekaezin, pilota guztietara iritsi da, seta Frantziarentzat 10-8 irabazteko.
Jardunaldiko emaitzak
• Gizonezkoen frontball-a: Mikel Aurrekoetxea (Euskadi) 0 – Niño Abraham (Mexiko) 2 (6-10, 5-10)
• Emakumezkoen banakako zesta-punta: Maialen Aldazabal (Euskadi) 2 – Mayorga (Mexiko) 0 (15-6, 15-7)
• Gizonezkoen banakako zesta-punta: Aritz Erkiaga (Euskadi) 2 – Ochoa (Mexiko) 0 (15-7, 15-4)
• Gizonezkoen binakako zesta-punta: Eñaut Urreisti eta Xabier Ibarluzea/Unai Lekerikabeaskoa (Euskadi) 0 – Johan eta Gorka (AEB) 2 (8-15, 11-15)
• Gizonezkoen gomazko paleta (30 m): Unai Sagarzazu (Euskadi) 1 – Pucheus (Frantzia) 2 (10-15, 15-13, 8-10)
• Parapilota (36 metroko frontoia): Sergio Rodriguez eta Edorta De Anta (Euskadi) 2 – Herrera eta Irazusta (Argentina) 0 (15-2, 15-1)