Munduko Pilota Txapelketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jokatutako zortzi partidetatik zazpi irabazi ditu euskal selekzioak

Euskal ordezkariak nagusi izan dira banakako eta binakako esku pilotan, trinketeko parapilotan, pala motzean, emakumezkoen frontballean eta emakumezkoen zein gizonezkoen binakako zesta-puntan; xarean, berriz, galtzaile atera dira.
AME6926. COLONIA DEL SACRAMENTO (URUGUAY), 16/10/2026.- Xabier Barandika de Euskadi reacciona en un partido ante la selección de España durante el Mundial de Pelota Vasca 2026 este viernes, en Colonia del Sacramento (Uruguay). EFE/  Antonela Fazzina
Xabi Barandika puntista. Argazkia: Efe.

Euskal Pilota Selekzioak jardunaldi bikaina osatu du ostiraleanArgentinan eta Uruguain jokatzen ari den XX. Munduko Txapelketan. Zortzi partida jokatu ditu, eta zazpi irabazi.

Bi garaipen esku pilotan

Banakako esku pilotan, Ekhi Irribarriak 10-3 eta 10-1 irabazi dio Itoiz frantziarrari. Lehen tantoak tentsio handikoak izan dira, aurkari oso erasokor baten aurrean, eta Ekhi urduri atera da, kantxan askatu ezinik. Hala ere, hasieratik izan du markagailua alde, eta gero eta hobeto sentitu da. Pixkanaka jokoan gehiago sartu da, azken txanpan maila igo du, eta partida sendo irabazi du.

Binakako esku pilotan, Eñaut Lizeagak eta Beñat Garmendiak 10-3 eta 10-4 irabazi diete Guero eta Kevin mexikarrei. Hasiera gogorra izan da: mexikarrak bete-betean sartu dira partidan, joko bizia eta efektuduna eginez, eta euskal bikoteak lehen oldarraldi horri eutsi behar izan dio.

Hiruna eta launa egin ondoren, Lizeagak eta Garmendiak partida hautsi eta hamargarren tantora iritsi dira jarraian. Lizeagak joko oso bizia egin du, boleaz min handia eginez eta pilotari abiadura handia emanez, Garmendiaren laguntzarekin.

Atsedenaldiaren ondoren, gidoi berari jarraitu dio partidak: tanto borrokatuak hasieran, baina euskal pilotarien abiadurak euren alde jarri du lehia, eta 10-4 itxi dute bigarren seta.

Hasiera sendoa trinketeko parapilotan

German Elkorok eta Edorta De Antak 15-8 eta 15-3 irabazi diote Argentinari, Aldo Serra (Franco Herrerak ordezkatu du) eta Guillermo Poggio aurkari zituztela.

Hasierako urduritasuna eta trinketean entrenatzeko izan duten denbora urria gorabehera, euskal bikotea ondo sartu da partidan, aurrea hartu du markagailuan, eta abantailari eutsi dio lehen seta irabazi arte.

Bigarrenean, hasieratik izan da nagusi: 10-0 aurretik ere jarri da, partida kontrolpean izan du, eta sendo itxi du. «Honek konfiantza ematen digu hurrengo partidetan maila berari eusteko», adierazi dute, hurrengo neurketa gogoan: Argentinaren aurka, frontoian.

Etxeko lanak eginda pala motzean

Esteban Gaubekak eta Imanol Ibañezek 15-3 eta 15-6 gailendu zaizkie Dominguez eta Saez txiletarrei.

Munduko Txapelketa bateko lehen partida guztietan bezala, urduritasuna nabari izan da lau pilotariengan, baina euskal bikoteak bere maila eman du, eta 15-3 irabazi du lehen seta.

Bigarrenean, Txile hobeto atera da eta partida orekatu egin da, baina aldea berriro ere argia izan da. «Lehen partida zen, frontoi ezezagun batean, eta etxeko lanak egin ditugu. Hurrengoa askoz zailagoa izango da, maila handiagoko aurkarien aurka», azaldu du bikoteak.

Emakumezkoen frontballa: garaipena, jokatu gabe

Miren Larrartek ez du partida jokatu behar izan euskal selekzioarentzat beste garaipen bat lortzeko. Kubako ordezkaria ez da aurkeztu, ordezkaritzak arazoak izan baititu uhartetik ateratzeko, eta ez dira Buenos Airesera iritsi. Ondorioz, Larrarteri 10-0 eta 10-0eko garaipena eman diote, eta euskal ordezkaria hurrengo partidan pentsatzen ari da dagoeneko.

Xarea: porrota, etxeko selekzioaren aurka

Xuban Lopetegik eta Oier Iturbek 6-15 eta 11-15 galdu dute Correa eta Gil argentinarren aurka. Etxeko selekzioaren aurrean, euskal bikotea urduri atera da, eta ez da lehen setean jokoan sartu; argi galdu du.

Bigarrenean hobera egin du, aurrea hartu du markagailuan eta maila onean jokatu du, baina zorte pixka bat falta izan zaio, eta 11-15 galdu du.

Colonia del Sacramento: inaugurazioa eta zesta-punta

Colonia del Sacramenton (Uruguai), binakako zesta-punta jokatzen den 54 metroko frontoiaren egoitzan, lehen partidak jokatu dituzte, eta txapelketaren inaugurazioa egin dute Uruguaiko lurretan.

Inaugurazioaren aurretik, Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak 15-1 eta 15-7 irabazi diete Lucille eta Romane frantziarrei, emakumezkoen binakako zesta-puntan. Hasieratik amaierara izan dira nagusi: erraz gailendu dira piloteoan, eta ez diete aukerarik eman aurkariei.

Inaugurazioaren ondoren, gizonezkoen binakako zesta-puntako ligaxkako lehen partidan, Xabier Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak 15-3 eta 15-12 irabazi diete Hormaetxea eta Atain Espainiako selekzioko pilotariei.

Lehen setean, Euskadi hasieratik amaierara izan da nagusi, eta 15-3 itxi du seta. Bigarrenean, Espainia askoz hobeto sartu da: pilota asko sartu ditu, oso ondo defendatu du eta tanto askotan defentsatik erasora igaro da.

Euskal bikotea bi edo hiru tantoko aldearekin aurretik joan bada ere, ez du seta haustea lortu, eta markagailua estu egon da amaierara arte. Barandikak eta Lekerikabeaskoak sufritzen jakin dute, eutsi egin diote, eta 15-12 itxi dute partida.

Publizitatea
X
Publizitatea
X