Ergobia eta Etxauri, "Harri Herri" saioko lehen finalistak
"Harri Herri" programak bere lehen saioa izan du astelehen honetan, eta bertan Ergobia eta Etxauri izan dira talde abilenak Harri eta Herri harri baldarrekin, eta apirilaren 10eko finalerako sailkatu dira.
Berezia da saioaren formatua. Izan ere, taldekako lanaren helburua harri landuekin ahalik eta altxaldi gehien batzea da, bukaeran harri baldarrarekin denbora gehiago izateko, azken horrek emango baitio garaipena taldeari.
Harri landuekin egindako altxaldi bakoitzak denbora kopuru jakin bat gehituko dio amaierako saioari. Emakumezkoetan, kuboari egindako jasoaldi bakoitzak 5 segundo batuko ditu, zilindroak 4 eta bolak 2. Gizonezkoetan, bestalde, koadroak eta kubiokoak 4 segundo batuko dituzte, zilindroak eta bolak 2 segundo.
Ergobia (Karmele Gisasola, Lierni Osa eta Garazi Arruti) eta Ulia (Udane Ostolaza, Patricia Martin, Olaia Esnaola) taldeen arteko lehian, Joseba Ostolazari (Ulia taldeko kapitaina) egokitu zaio harri bakoitza altxatzeko denbora banatzea, eta 88 kiloko koadroari 2 minutu eman dizkio, 63 kiloko zilindroari 3 minutu eta 50 kiloko bolari minutu bat.
Koadroarekin Udane Ostolaza eta Karmele Gisasola egon dira parez pare. Ulia taldeko Ostolazak heldu dio lehenik harriari eta 7 aldiz jaso du; Gisasolak, berriz, 9 aldiz. Zilindroaren txanda heldu da ondoren, Patricia Martinek 31 aldiz jaso du 5 arroako harria, eta Lierni Osak ezin izan du marka berdindu, 27 jasoaldira heldu baita. Azkenik, bolarekin aritu dira Olaia Esnaola eta Garazi Arruti. Ostolazaren gidaritzapekoak 14 aldiz altxa du harria. Garazi Arrutik, ordea, 11 aldiz eraman du harria sorbaldara.
Horrela, Uliak 3 minutu eta 7 segundoko denbora batu du (35 segundoko, 124 segundoko eta 28 segundoko bonusak), eta Ergobiak 2 minutu eta 55 segundokoa (45 segundoko, 108 segundoko eta 22 segundoko bonusak). Beraz, 12 segundo gutxiago zituen Zelai II.aren (Ergobia taldeko kapitaina) hirukoak harri baldarrarekin aritzeko.
Zeregin horretan, Karmele Gisasola izan da Herri jasotzen lehena, hasieran buruarekin ezetz egiten badu ere, gerora 10 aldiz eraman du harri baldarra kolkora. Olaia Esnaolak, baina, jasoaldi bakarra egitea lortu du, eta horrek Ergobiaren finalerako sailkapena ziurtatu du.
Gizonezkoen txandan, Laukariz (Xabier Aranburu, Jon Unanue, Xabat Olaizola, Gorka Etxeberria) eta Etxauri (Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Royo eta Paulo Azpiazu) laukoteen arteko neurketan ere, Ostolazak (Etxauriko kapitaina) irabazi du hasierako zozketa, eta hark banatu ditu jasoaldien denborak: 3 minutu 200 kiloko koadroarentzat, 4 minutu 137,5 kiloko kubikoarentzat, 2 minutu 125 kiloko zilindroarentzat eta minutu bat 100 kiloko bolarentzat.
Koadroarekin, Laukarizeko Xabier Aranburuk ekin dio lanari eta 6 jasoaldi egin ditu. Jokin Eizmendik 3 jasoaldi gehiago (9) egin ditu. 11 arroako kubikoarekin, berriz, Jon Unanue eta Aimar Galarraga aritu dira, oraingoan Laukarizekoak jasoaldi gehiago egin ditu, 15; Etxaurikoak, berriz, 13. Xabat Olaizola eta Imanol Royo zilindroarekin aritu dira. Lehenak 22 jasoaldi egin ditu, bigarrenak, 20. Harri landuekin egindako azken saioa bolarekin egin dute Gorka Etxeberriak eta Paulo Azpiazuk; 12 eta 17 jasoaldi egin dituzte hurrenez hurren.
Etxauri 10 segundoko abantailarekin heldu da Harri harri baldarra jasotzera. Ostolazak zuzendutako mutilek 2 minutu eta 42 segundo (36 segundoko, 52 segundoko, 40 segundoko eta 34 segundoko bonusak) izan dituzte. Zelairenek (Laukariz taldeko kapitaina), bestalde, 2 minutu eta 32 segundo (24 segundoko, 60 segundoko, 44 segundoko eta 24 segundoko bonusak). Abantaila horrek ezarri du aldea Gorka Etxeberriaren eta Jokin Eizmendiren artean, hain zuzen ere, jasoaldi bat gehiagorekin sailkatu baita Etxauri finalerako (9 eta 10 egin dituzte, hurrenez hurren).
FITXA TEKNIKOA:
| EMAKUMEZKOAK | ||||
| KOADROA | ZILINDROA | BOLA | DENBORA | |
| ERGOBIA | 9 | 27 | 11 | 2:55 |
| ULIA | 7 | 31 | 14 | 3:07 |
| HARRI BALDARRA | ||||
| JASOALDIAK | ||||
| ERGOBIA | 10 | |||
| ULIA | 1 | |||
Puntuazioa: KOADROA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (4 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).
| GIZONEZKOAK | |||||
| KOADROA | KUBIKOA | KOPA | BOLA | DENBORA | |
| LAUKARIZ | 6 | 15 | 22 | 12 | 2:32 |
| ETXAURI | 9 | 13 | 20 | 17 | 2:42 |
| HARRI BALDARRA | |||||
| JASOALDIAK | |||||
| LAUKARIZ | 9 | ||||
| ETXAURI | 10 | ||||
Puntuazioa: KOADROA (4 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (4 segundo jasoaldiko), KOPA (2 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).
Zure interesekoa izan daiteke
Izeta VI.ak eta Lierni Osak markak jarri dituzte Zarautzen
Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak bikain bete du erronka ahalegina. Zarauztarraren helburua ordubete eta lau minututik jaistea zen, eta 59 minutu eta 3 segundoan gelditu du kronoa. 100 kiloko bolari 50 altxaldi eman dizkio, 10 kanaerdiko moztu ditu eta maila onean aritu da 5 kilometroko korrikaldian. Hala, buruan zuen denbora hobetu du, 5 minutu jaitsita. Lierni Osak ere marka ahalegina zuen, eta 62 kiloko bolarekin 72 altxaldi egin ditu 10 minutuan.
Iker Vicente bigarren izan da munduko txapelketan, azkartasun proban
Iker Vicente aizkolariak laugarrenez bukatu du bigarren Australian jokatu den munduko txapelketan. Finalean, Kody Steers Otsagabiko aizkolaria baino azkarragoa izan da, eta Jack Jordan izan da hirugarren.
Izeta VI.ak marka ahalegina larunbatetik ostiralera aurreratu du
Andoni Iruretagoiena honako lanaren marka hausten saiatuko da ostiral honetan, larunbaterako eguraldi txarra iragarrita baitago: 100 kiloko bolari 50 altxaldi egin ostean, 10 kanaerdiko enbor bota eta 5 kilometro korrika egitea.
Albizuri taldea, “Harri Herri” saioko finalera
Oskar Aguas, Jon Gisasola, Mikel Lopetegi eta Alex Merlo harri-jasotzaileek osatutako taldeak harri baldarrari 18 jasoaldi egin zizkioten, aurkariak baino lau gehiago.
Albizurik maldan gora jarritako finalerdia irauli eta finalerako txartela lortu du, Laukariz garaituta
Oskar Aguas, Jon Gisasola, Mikel Lopetegi eta Alex Merlo harri-jasotzaileek osatutako taldeak hasiera kaskarra gainditzea eta egoera iraultzea lortu dute. Harri baldarrari 18 jasoaldi egin dizkiote. Xabier Aranburu, Hodei Iruretagoiena, Xabat Olaizola eta Eneko Bilbao aurkariek, ostera, harritzarra 14 aldiz altxatu dute.
Izeta VI.a, marka egiteko saiakeraz: “Ordubete eta 4 minututik jaistea da helburua"
100 kiloko bolari 50 jasoaldi eman, 10 kanaerdiko moztu eta 5 kilometro korrikan egin beharko ditu Zarauzko udaletxeko eraztunean.
Mollarri taldea, “Harri Herri” saioko finalera
Mollarri taldeak Ergobia taldea garaitu du “Harri Herri” saioko finalerdietan. Maddi Salterainek, Malen Moranderak, Ainitze Zumetak eta Olaia Esnaolak osatutako taldeak, 34 altxaldi egin ditu harri baldarrekin.
Mollarrik finalerako txartela lortu du, Ergobia lehen finalerdian gaindituta
Olaia Esnaolak, Ainitze Zumetak, Malen Molandeirak eta Maddi Salterainek osatutako taldeak 34 altxaldi eman dizkio harri baldarrari azken proba erabakigarrian. Aurkariek, aldiz, 31 altxaldi eman dizkiote, azken lan saio horretara 18 segundoko desabantailarekin iritsita. Beraz, Maddi Gesalaga, Ane Atxutegi, Leire Olea eta Elene Ostolaza finaletik at geratu dira.
Ainitze Zumeta, “Urra", Oihana Fernandez de Barrena eta Julen Alberdi, Banakako Kirol Herriko txapeldun
Irabazleen nagusitasuna oso argia izan da aizkoran, baina lehia estuagoa izan da harri-jasotzean.
Taiwango Munduko Txapelketatik bueltan, pozarren
Taiwanen jokatutako Munduko Sokatira Txapelketan euskal ordezkaritza zabala izan da, eta urrezko dominarik lortu ez badute ere, maila ona eman dute. Ibarra, Abadiño, Antsoain eta Txantreako taldeek parte hartu dute, taldeka ez ezik, Euskal Herria ordezkatuz ere lehiatuta.