Alavesek galdu egin du Real Madrilen aurka (1-2)
Mbappek lehen gola sartu eta Carlos Vicentek partida berdindu du, baina Rodrygoren golak garaipena eman dio talde zuriari.
Mbappe, bere gola ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek 1-2 galdu du Real Madrilen aurka igande honetan Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako 16. jardunaldiko partida.
Madrileko taldea nagusitasunez hasi da neurketako lehen minutuetan. Mbappe eta Bellingham etengabeko amesgaiztoa izan dira bere atea kosta ahala kosta defendatzea egokitu zaion Alavesentzat.
24. minutuan iritsi da Mbapperen gola, urrunetik, eskuinkadaz, eta Siverak ezin izan du ezer egin (0-1).
Geroago, Bellinghamek bisitarien bigarren gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpoko jokaldia izan delako.
Hala ere, gola ondo etorri zaie babazorroei, esnatzeko eta makinak martxan jartzeko. Victor Parada izan da etxekoen aldetik aukera bat izan duen lehena, eta Courtoisek aurpegiarekin urrundu du Ibañezen jaurtiketa, ia lerroan bertan.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Siverak taldea salbatu du, Viniciusen jaurtiketari erantzun bikaina emanez. Pixkanaka, jabetza eta jokoa berdinduz joan dira.
Orduan, 70. minutuan, Carlos Vicentek, sartu berritan, pasea jaso du bere zelaitik, Courtoisen aurrean jarri da eta partida berdindu du. Hasieran, epaileak jokoz kanpo zegoela esan du, baina VARean berrikusi ondoren, gola baliozkotzat jo du (1-1).
Baina pozak gutxi iraun dio Gasteizko taldeari. Real Madrilek erasora jo du berriro, eta Rodrygok aurretik jarri ditu berriz bisitariak, Viniciusen pase ona jasota (1-2).
Alaves amaierara arte saiatu da borrokatzen. Hala ere, ez dute emaitza aldatzea lortu, eta aurkariak beste gol bat sartzekotan egon dira.