Athleticek derbia irauli du, eta Alaves amildegiaren ertzean geratu da (2-4)
Alaves bi aldiz jarri da aurretik markagailuan, baina Athleticek markagailuari buelta eman dio bigarren zatian, Nico Williamsek lau minututan bi gol sartuta. Emaitza honekin, babazorroek hurbilago dituzte jaitsierako postuak; talde zuri-gorriak, berriz, arnasa hartu du 3 puntu gehiago bilduta.
Alavesek 2-4 galdu du Athleticen aurka Mendizorrotzan jokatu duen derbia. Talde babazorroak porrot gogorra jaso du, bi aldiz jarri baita aurretik markagailuan, eta jaitsiera postuetatik 2 puntura geratu da. Gainera, Sevillak astelehenean Reala menderatzen badu, zuloan sartuko da.
Ernesto Valverderen taldeak lehen zati kaxkarra egin du, baina partida irauli du bigarren zatian, Robert Navarrok, Oihan Sancetek eta Nico Williamsek (2) egin dituzten golei esker. Garaipen honekin, zuri-gorriek arnasa hartu dute.
Neurketaren hasieran, Athleticena izan da ekimena, eta zuri-gorriak saiatu dira arriskua sortzen, baina gola Alavesek egin du, 8. minutuan. Antonio Blancok sekulako gola sartu du, arean sartu eta berehala jaurtiketa eginda.
Gasteizko taldeak atzean sartuta ekin dio norgehiagokari, baloiaren jabetza aurkariari utzita. Alabaina, Unai Simonen ate ingurura behin iristea nahikoa izan du markagailuan aurretik jartzeko.
Gola lortuta konfiantza hartu dute babazorroek, eta indartsu lehiatu dituzte baloi guztiak, bigarren gola trantsizio azkarren bidez bilatuta.
Athleticen, berriz, ziurgabetasuna nagusitu da, eta asko kostatu zaio Antonio Siveraren atera hurbiltzeko bidea topatzea. Nico Williams ahalegindu da gehien ezkerreko hegaletik, baina Alavesen defentsak ondo eutsi dio, eta Athleticek atera errematerik egin gabe bukatu du lehen zatia.
Atsedenaldira heldu baino lehen, Regok Toni Martinezi penaltia egin diola adierazi du Quintero Gonzalez epaileak, eta polemika piztu da. Edonola ere, VARak ezerezean utzi du haren erabakia, jokaldiaren hasieran Angel Perez jokoz kanpo zegoela ebatzita.
Bigarren zatian, gidoia erabat aldatu da, eta bi taldeak bizi-bizi hasi dira. Ibrahim Diabate Alavesen bigarrena egiteko zorian egon da, baloia jokoan jarri eta berehala. Ez du asmatu, eta hurrengo minutuan Athleticek markagailua parekatu du. Robert Navarrok egin du gola, Iñaki Williamsen ordez zelaian sartu eta jarraian.
Valverderen taldeak aurrerapausoa eman du, eta partidan sartu da, baina zailena egin eta gero, defentsa zuri-gorriak huts egin du korner batean, eta Tenagliak 2-1ekoa egin du, area txikitik egindako erremate gogor batekin.
Babazorroek berriro hartu dute abantaila, baina gutxi iraun die pozak; izan ere, Oihan Sancetek 5 minutu geroago sartu du berdinketaren gola, area ertzetik jaurtiketa bikaina eginda.
Handik gutxira iritsi dira Nico Williamsen minutu erabakigarriak. Lehen zatian ez bezala, azken metroetan ez du hutsik egin, eta bi gol sartu ditu 4 minutuko tartean, zein baino zein ikusgarriagoa.
Emaitza iraulita, partida bideratuta utzi du Athleticek. Alavesek, berriz, kolpe handia hartu du, eta hortxe bukatu da derbia, azken txanpan etsita eta ezinean aritu baitira Quique Sanchez Floresen mutilak.