Alavesek bana egin du Leganesekin Mendizorrotzan (1-1)
Deportivo Alavesek bana amaitu du Leganesen aurka, gaur, Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako partida. Erritmo handiko eta abagune askoko partida izan da. Bi taldeek izan dute garaipena bereganatzeko aukera. Madrilgo taldeak hartu du aurrea markagailuan, eta Carlos Vicentek egin du berdinketaren gola, 88. minutuan, baloia area kanpotik jaurtita.
Babazorroek bizitasun handiarekin hasi dute partida, eta bigarren minuturako izan dute gola egiteko lehen aukera garbia. Tamalez, Carlos Martinek boleaz egindako errematea Dimitrovicek gelditu du.
Alaves hobeto hasi bada ere, Borja Jimenezen taldeak ez du gaizki jokatu, eta gasteiztarren oldarraldia gainditu ostean, erasoan min egiten saiatu dira madrildarrak. Lehen abisua 17. minutuan eman dute, baina Siverak geldiketa bikaina egin du, Renato Tapiaren burukadaren aurrean.
30. minutuan, berriz, beste esku-hartze ikusgarri bat egin du Alaveseko atezainak 0-1ekoa saihesteko. Leganes azkar ater da kontraerasoan, eta Rosierrek area barrutik egindako jaurtiketa kornerrera alboratzea lortu du Siverak.
Lehen zatia amaitzear zegoela, Carlos Vicentek abagune garbia izan du gola egiteko, area barrutik, baina baloia kanpora bota du, gutxiagatik izan bada ere.
Horrenbestez, golik gabe eta bi taldeetako edozeinek irabazi zezakeenaren sentsazioarekin bukatu da norgehiagokaren lehen zatia Mendizorrotzan.
Bigarren zatian ere sendo eta erasokor abiatu dute Luis Garcia Plazaren mutilek, baina ez dute Dimitrovicen ate aurrean asmatzen jakin, Carlos Vicente, Carlos Martin edo Kike Garcia saiatu diren arren.
Eta Alaves hobeto zegoenean iritsi da Leganesen kolpea, kontraerasoan egindako jokaldi azkar batean. Oscar Rodriguezek pasea eman dio Dani Rabari, eta honek egindako erdiraketa, Rodriguzek berak bidali du sarera, baloia bigarren zutabean buruz jota: 0-1.