Goiriak kontratua berritu du Amorebietarekin
Asier Goiria kirol-zuzendariak kontratua berritu du Amorebietarekin, klubak ostiral honetan jakinarazi duenez. Amorebietak lehen aldiz jokatuko du SmartBank Ligan (Bigarren Maila) 2021-2022 denboraldian.
Amorebietak jarraikortasunaren aldeko apustua egin du, eta Goiriak kirol-zuzendari karguan jarraituko du. Bosgarren denboraldia jarraian egingo du Goiriak klubaren kirol-zuzendaritzan.
"Nire nahia proiektu honetan jarraitzea zen. Gauzak ahalik eta ondoen egitea izango da nire helburua, taldea SmartBank Ligan mantendu ahal izateko. Aukera hau ezin nuen alferrik galdu", adierazi du Goiriak.
Amorebietak azken urteetan denboraldi onak egin ditu Bigarren B Mailan. Kluba eta Goiria SmartBank Ligan estreinatuko dira, nahiz eta kirol-zuzendariak Bigarren Maila ondo ezagutu zuen jokalaria izan zen garaian.