Real Madril Superkopako finalera sailkatu da Bartzelonari irabazita
Real Madrilek Espainiako Superkopako finalerako txartela eskuratu du finalerdietan Bartzelonari irabazita (2-3). Partida asteazken honetan jokatu da Riadeko (Saudi Arabia) King Fahd Stadiumen. Ondorioz, Madrilgo taldea izango da urtarrilaren 16an finala jokatuko duen bi taldeetako bat.
Norgehiagokaren hasieran, Real Madrilek abaguneak sortu ditu, baina Vinicius Juniorrek eta Marco Asensiok ezin izan dute baloia Ter Stegen atezainak babestu duen sare barrura bidali. Bartzelonaren erantzuna 18. minutuan iritsi da, Dani Alvesek egin duen jaurtiketa baten bidez. Neurketako 24. minutuan, Real Madrilek kontraeraso azkarra egin du, Benzemak pasea eman dio Viniciusi, eta brasildarrak gola sartu du (0-1), Araujo atzean utzi eta atezaina gaindituta.
Nagusi izan da Real Madril lehen 30 minutuetan, baina Barçak ez du etsi, eta bi abagune argi izan ditu aurkariaren gola jaso ostean: Luuk de Jongen bi erremateak, ordea, Thibaut Courtois atezainak gelditu ditu.
Partidako lehen zatia amaitzear zela, eta atsedenaldira Madrilgo taldearen aldeko emaitzarekin iritsiko zela ematen zuenean, Luuk de Jongek banakoa jarri du markagailuan (1-1); Herbehereetako aurrelariak hanka jarri du Eder Militao baloia urruntzera zihoanean, eta gola sartu du.
Xavi Hernandez Bartzelona taldeko entrenatzaileak Pedri eta Abde zelairatu ditu atsedenaldiaren ostean, Ferran Torresen eta Frenkie de Jongen ordez. Gainera, Pedrik izan du Barça aurretik jartzeko aukera bigarren zatiko lehen minutuetan, baina kanariarraren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Kataluniako taldea hobeto ibili da bigarren zatiaren hasieran, eta, 66. minutuan, Ansu Fati sartu da zelaira, Luuk de Jongen ordez. Fatik jokatu gabe zeraman azaroaren 6an min hartu zuenetik.
Kataluniako taldea hobeto jokatzen hasi den arren, 69. minutuan, Real Madrilen erantzuna iritsi da, Benzemak zutoinera bidali duen jaurtiketaren bidez. Hiru minutu geroago, 72.ean, Carvajalek hegaletik egin duen erdiraketa Ter Stegenek desbideratu du, baina Karim Benzemak gola sartu du (1-2), area barrutik errematatuta, baloia ate barrura bidalita.
Bartzelonak kolpea jaso du Real Madrilen bigarren gola hartuta, baina Xavi Hernandezek zuzentzen duen taldeak erasora jo du, eta norgehiagoka berdintzea lortu du 83. minutuan, Ansu Fatik sartu duen golari esker (2-2); Jordi Albak hegaletik erdiratu, eta Barçako aurrelariaren erremateak Courtois gainditu du.
Bigarren zatia amaitzear zela, Courtois atezaina garaile atera da Dembelerekin izan duen buruz burukoan, eta, ondorioz, luzapena behar izan da garailea erabakitzeko.
Luzapenaren hastapenean, Barça izan da baloiaren jabe. Hala ere, Real Madril eroso egon da defentsako lanean. Parekotasuna izan da nagusi, baina, 98. minutuan, Real Madrilek baloia berreskuratu du zelai erdian, jokaldi ona egin, eta Fede Valverdek 2-3koa jarri du markagailuan, gola sartuta.
Real Madrilek aurrea hartu ostean, 100. minutuan, Bartzelonak neurketa berdintzeko abagunea izan du; Busquets, Dembele eta Pedri, ordea, ez dira fin ibili jokaldia amaitzeko orduan. Azken txanpan, Ansu Fatik saiakera egin du txilenaz, baina errematea kanpora joan zaio. Norgehiagokako ia azken jokaldian, Rodrygok Real Madrilen garaipena biribiltzeko aukera izan du, baina errematea kanpora bota du.
Azkenean, Real Madrilek lortu du garaipena (2-3) eta finalerako sailkapena.
Fitxa teknikoa:
2 - Bartzelona: Ter Stegen; Dani Alves (Nico Gonzalez, 78. min), Araujo, Pique, Jordi Alba; Sergio Busquets, Gavi (Memphis, 78. min), Frenkie de Jong (Pedri, 46. min); Ferran Torres (Ez Abde, 46. min; Jutgla, 110. min), Dembele eta Luuk de Jong (Ansu Fati, 66. min).
3 Real Madril: Courtois; Carvajal (Lucas Vazquez, 91. min), Militao, Nacho, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric (Valverde, 82. min); Asensio (Rodrygo, 68. min), Vinicius (Camavinga, 110. min) eta Benzema.
Golak: 0-1: Vinicius Junior, 24. min; 1-1: Luuk de Jong, 42. min; 1-2: Karim Benzema, 72. min; 2-2: Ansu Fati, 83. min; 2-3: Fede Valverde, 98. min.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera die Dani Alves (51. min) Bartzelonako jokalariari eta Casemiro (75. min) eta Fede Valverde (98. min) Real Madrileko futbolariei.
Zure interesekoa izan daiteke
Iker Muñozek 2030era arte berritu du kontratua Osasunarekin
Klubak akordioa lortu du futbolariarekin beste hiru urtez gorritxo bezala jarraitzeko.
Matarazzo: “Badakigu zer datorkigun, baina orain Alavesen aurkako partida da garrantzitsuena"
Pellegrino Matarazzok azpimarratu du Realak Alavesen aurka larunbat honetan jokatuko duen derbia soilik daukala buruan, Kopako finalerako astebete gelditzen bada ere.
Iraola kontratua berritzearen inguruan ari da hizketan Bournemouthekin, baina akordiorik gabe
Iraolak hiru denboraldi daramatza Bournemouthen, eta klubak kontratua berritu nahi dio, baina honek ez du oraindik erabaki zein izango den bere hurrengo urratsa.
Ander Guevara: “Alavesekin 100 partida betetzea gauza inportantea da niretzat"
28 urteko gasteiztarrak 100. partida jokatu zuen Arabako taldearekin aurreko asteburuan, Osasunaren aurkako derbian. Asteburu honetarako beste erronka bat dauka: Alavesek Realaren aurka jokatuko duen derbia irabaztea.
Atletico Madril eta PSG sailkapenean aurrera doaz, joaneko partidetan Bartzelonari eta Liverpooli irabazita
Koltxoneroek mendean hartu dute Barça Nou Campen (0-2 ), Alvarezen eta Solothen golei esker. Frantziako taldeak beste horrenbeste egin du Liverpoolen kontra (2-0), baina etxean, Parisen, Doueren eta Kvaratskheliaren golei esker.
Bayernek eta Arsenalek lehen kolpea eman dute etxetik kanpo, eta finalerdietara hurbildu dira
Alemaniako txapeldunak azken 25 urteetan lehen aldiz irabazi du Santiago Bernabeun (1-2), eta Ingalaterrako taldeak Lisboako Sporting mendean hartu du azken minutuetan (0-1).
Juanan Larrañaga: “Reala ondo dago; erakutsi zion Altletico Madrili gai dela aurre egiteko”
Errege Kopako atarian, Juanan Larrañaga Realeko jokalari ohia elkarrizketatu dugu. 87ko partidaz eta ostean bizitzakoaz aritu gara berarekin. Oraingoan, ordea, Larrañagak “beste leku batetik eta lasaiago” ikusiko du finala.
Sansek porrota jaso du Sportingen aurka, Gijonen (1-0)
Txuri-urdinek Asturiasko taldea asko estutu dute azken minutuetan, baina ezin izan dute norgehiagoka berdindu.
Toni Martinez: “Atzetik hasten zarenean partida bikoitza da"
Toni Martinez Alaveseko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Osasunaren aurka 2-2 berdindu ondoren.
Eibarrek laugarren garaipena jarraian lortu du Ceutaren aurka (3-0)
Armaginek zazpi jardunaldi jarraian daramatzate puntuak lortzen, eta play-off postuak lortzeko lehian sartu dira.