Alavesek lortu du garaipena Realaren aurkako Mendizorrotzako derbian (2-0)
Borja Sainzen eta Martin Agirregabiriaren golek urrezko hiru puntu eman dizkiote Alaves sendo bati, ideia gutxi agertu duen Realaren aurka, LaLigako Santanderreko 29. jardunaldian.
Talde gasteiztarreko bizkaitarrarentzat gorengo mailan lortzen duen lehendabiziko gola izan da 58. minutuan erdietsi duena da. VARak esku hartu behar izan du jokaldi horretan, epaileak baliogabetu egin baitu hasiera batean. Azken txanpan, 96. minutuan, Martin Agirregabiria arduratu da partida erabakita utzi duen gola sartzeaz. Emaitza horrekin etxekoek eskura dute mailari eusteko aukera; Imanol Alguacilen taldea, ordea, Txapeldunen Ligako postuetatik atera da.
Alavesek asko zaildu dizkio Realari aurrera egiteko eta jokoa sortzeko zituen asmoak, etengabeko presioa eginda. Hala, donostiarrek horizontalean jokatzera behartuta ikusi dute euren burua. Dena den, neurketako lehen aukera argia txuri-urdinena izan da, 10. minutuan. Januzajen erdiraketa gurutzatu batean, Mikel Oyarzabalek ezin izan du bere burukada behar bezala bideratu Robertoren atera.
Gasteiztarren hiru zutoinen arteko lehen jaurtiketa Lucas Perezen oinetatik heldu da, 13. minutuan, etxekoek lapurtutako baloi batean, baina Alex Remirok, ondo kokatuta, arazo handirik gabe gelditu du.
Partidaren nondik norakoak bide beretik jarraitu du. Realak baloia bereganatu nahi zuen, eta, bitartean, Alaves gipuzkoarren atzetik zebilen, baloia berreskuratu eta joko bertikala egiten saiatzeko, Joselu Matoren eta Lucas Perezen bila.
Alabaina, Imanol Alguacilen mutilek ezin izan dute etxekoen ate eremura iritsi, babazorroek lan handia egin baitute defentsan, eta, horrez gain, geldikako jokaldiak baliatu dituzte aurkaria estu hartzeko. Horren adierazle da atsedenaldiaren atarian Lucas Perezek falta zuzen batean egindako ahalegina, baina baloia aurkariaren ate gainetik joan da. Ondorioz, berdinduta iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren oso antzekoa izan da. Alavesek bi aldiz errematatu du buruz Joseluren bitartez, geldikako bi jokalditan, eta, handik gutxira, Borja Sainzek, ligan sartutako bere estreinako golarekin, aurretik jarri du Asier Garitanoren taldea, Lisandro Magallanen aldaratze bat aprobetxatuta.
Aitzitik, ospakizuna ez da berehalakoa izan, Jaime Latre epaileak baliorik gabe utzi baitu gola lehen unean, jokoz kanpoa zelakoan. Ostera, VARak zuzendu egin du erabakia eta gola eman du, Magallanen kokapena egokia zela iritzita.
Horren aurrean, Imanolek lau aldaketa egin ditu kolpera, taldearen irudia goitik behera aldatzeko xedearekin. Haatik, txuri-urdinek erreakzionatu gabe jarraitu dute, eta, tarte horretan, Lucas Perezek Remiroren ezker zutoinaren aurka bidali du baloi bat, arabarrek eskuin hegaletik egindako jokaldi azkar batean.
Agerikoa izan da, aldaketek ez dutela izan Imanolek bilatzen zuen eraginik. Gainera, bere taldea bat gutxiagorekin geratu da, Zalduak lehiako bigarren txartel horia ikusi duenean.
Hori bai, handik gutxira parekatu egin dira berriro indarrak, Tomas Pinari ere txartel hori bikoitza atera baitio epaileak. Hortik eta amaierara arte, Alavesek asko sufritu du bere aldea defendatzeko, baina, azkenerako, Martin Agirregabiriak 2-0ekoa erdietsi du norgehiagokako azken minutuan, eta garaipena etxean gelditu da.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Roberto, Ximo, Laguardia, Magallán, Duarte; Luis Rioja (Martín, 90. min), Tomás Pina, Camarasa (Pons, 94. min), Borja Sainz (Édgar, 83. min), Joselu eta Lucas Pérez (Fejsa, 90. min).
0 - Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz (Le Normand, 64. min), Llorente (Gorosabel, 94. min), Aihen, Zubeldia, Odegaard (Portu, 64. min), Zurutuza (López Alcaide, 64. min), Januzaj, William José (Isak, 64. min) eta Oyarzabal.
Golak: 1-0, 59. min: Borja Sainz. 2-0, 96. min: Martin Agirregabiria.
Epailea: Jaime Latre. Zaldua (Reala) eta Pina (Alaves) kaleratu ditu, bakoitzari bi txartel hori atera ostean. Gainerako txartel horiak honako jokalari hauek ikusi dituzte: Duarte (Alaves); Llorente eta Elustondo (Reala).
Zure interesekoa izan daiteke
Iker Muñozek 2030era arte berritu du kontratua Osasunarekin
Klubak akordioa lortu du futbolariarekin beste hiru urtez gorritxo bezala jarraitzeko.
Matarazzo: “Badakigu zer datorkigun, baina orain Alavesen aurkako partida da garrantzitsuena"
Pellegrino Matarazzok azpimarratu du Realak Alavesen aurka larunbat honetan jokatuko duen derbia soilik daukala buruan, Kopako finalerako astebete gelditzen bada ere.
Iraola kontratua berritzearen inguruan ari da hizketan Bournemouthekin, baina akordiorik gabe
Iraolak hiru denboraldi daramatza Bournemouthen, eta klubak kontratua berritu nahi dio, baina honek ez du oraindik erabaki zein izango den bere hurrengo urratsa.
Ander Guevara: “Alavesekin 100 partida betetzea gauza inportantea da niretzat"
28 urteko gasteiztarrak 100. partida jokatu zuen Arabako taldearekin aurreko asteburuan, Osasunaren aurkako derbian. Asteburu honetarako beste erronka bat dauka: Alavesek Realaren aurka jokatuko duen derbia irabaztea.
Atletico Madril eta PSG sailkapenean aurrera doaz, joaneko partidetan Bartzelonari eta Liverpooli irabazita
Koltxoneroek mendean hartu dute Barça Nou Campen (0-2 ), Alvarezen eta Solothen golei esker. Frantziako taldeak beste horrenbeste egin du Liverpoolen kontra (2-0), baina etxean, Parisen, Doueren eta Kvaratskheliaren golei esker.
Bayernek eta Arsenalek lehen kolpea eman dute etxetik kanpo, eta finalerdietara hurbildu dira
Alemaniako txapeldunak azken 25 urteetan lehen aldiz irabazi du Santiago Bernabeun (1-2), eta Ingalaterrako taldeak Lisboako Sporting mendean hartu du azken minutuetan (0-1).
Juanan Larrañaga: “Reala ondo dago; erakutsi zion Altletico Madrili gai dela aurre egiteko”
Errege Kopako atarian, Juanan Larrañaga Realeko jokalari ohia elkarrizketatu dugu. 87ko partidaz eta ostean bizitzakoaz aritu gara berarekin. Oraingoan, ordea, Larrañagak “beste leku batetik eta lasaiago” ikusiko du finala.
Sansek porrota jaso du Sportingen aurka, Gijonen (1-0)
Txuri-urdinek Asturiasko taldea asko estutu dute azken minutuetan, baina ezin izan dute norgehiagoka berdindu.
Toni Martinez: “Atzetik hasten zarenean partida bikoitza da"
Toni Martinez Alaveseko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Osasunaren aurka 2-2 berdindu ondoren.
Eibarrek laugarren garaipena jarraian lortu du Ceutaren aurka (3-0)
Armaginek zazpi jardunaldi jarraian daramatzate puntuak lortzen, eta play-off postuak lortzeko lehian sartu dira.