50 edizio Behobia Donostiarekin elkartzen
Behobia-Donostia tradizioz betetako proba da, eta honekin batera, bere antolatzailea ere, Fortuna Kirol Elkartea. Euskal Herriko Historiaren zati handi bat bizi izan du probak, hain zuzen ere, mende erdi. Garai goibelak, garai pozgarriak, …denetarik bizi izan du proba horrek, eta oztopo guztien gainetik beti egin du aurrera. Horregatik da agian euskal kirolaren barnean, probarik ezagunenetarikoa, ez bada, ezagunena.
Atletismoak horrenbesteko oihartzuna izatea ez da ohikoa, eta duten merezimendua aitortzea ez da lan erraza izan seguru, baina lortu dutela ez dut inork zalantzarik. Eta, klimax horretara heltzeko bidea ez da samurra izan, zeren, aurtengoa 50. edizioa den arren, proba ez da 50 urtetan jarraian egin.
Lehen edizioa 1919ko martxoaren 30ean ospatu zen, eta eduki zuen arrakasta ikusita beste zazpi edizio gehiago egin zituzten segidan. Baina hortik aurrera, tarteka soilik ospatu zen, gerra zibila, eta beste hainbat gertaera historiko zirela medio. Gainera, momentu batean ia desagertua ematen zuen jada, baina Pancho Gomezek eta Remigio Telleriak Behobia-Donostia berpiztea lortu zuten; orduan, 45 urtetan 14 edizio zituen soilik.
Urteek aurrera egin ahala, egonkortasuna izan du hizpide, eta inoiz baino ahaltsuago aurkitzen da proba gaur egun. Proba koordinatzaile den Iñigo Etxeberriak aurtengo aurkezpenean adierazi duenez: “Lasterketaren inguruan biltzen direnen ondorioz egin du aurrera Behobia-Donostiak”. Atletismo herrikoiaren erreferente nagusia bilakatu baita proba. Egun, esan dezakegu jada, euskal esparruan afizio honen sustatzaile nagusia dela.
Eta, hau guztia izen emateetan islatzen da, izan ere, urtero pertsona gehiagok ematen dute izena proban, eta gero eta jende gehiago gelditzen da atarian, ezin parte hartu. 7 urtean korrikalarien parte hartzea bikoiztu egin baita, eta aurton 30.700 pertsona inguru izango dira probaren protagonista. Izen emateen igoeraren arrazoia, hein handi batean, emakumeen parte hartzeak gora egin duelako izan da. Alegia, aurreko edizioan %18 inguru eta aurtengoan %20, orotara 6.000 emakume. Urtetik urtera hazten doan Behobia-Donostiak gero eta lasterketari gehiago hartzen ditu, eta antolatzaileen hitzetan, “kopuruak igotzen jarraituko du”.
Parte hartzaile ezagunen artean, Rafa Iglesias, Pablo Villalobos, Marc Roitx eta Alejandro Martinez izango ditugu gurean. Eta emakumezkoetan, Klaudia Behobie, Helena Loyo, Vanesa Veiga eta Itsaso Leunda izango ditugu irteera puntuan, ahalik eta gehien emateko prest.
Ia goiz guztian zehar izango ditugu parte hartzaileen irteerak, izan ere, lehenik eta behin, gurpildun aulkietakoak eta hand-biketakoak aterako dira, 09:30etan, eta ordu berean Behobia Gazte (14-18 urte bitarteko gazteak) ere bai. Segidan, 09:40ean patinatzaileak. Geroago, 10:00etatik aurrera lasterkariak. Azken hauek, 19 irteera ezberdinetan aterako dira; alegia, lehen korrikalariak ordu horretan, eta azkenak 11:30ean. Beraz, hainbat korrikalari helmugaratu direnerako, beste asko oraindik atera gabe egongo dira.
Adi hurrengo honi: norberari egokitu zaion irteera ordua baino lehenago ateratzeak kanporatze zuzena dakar; ordea, norberaren irteera ordua baino beranduago ateratzeak ez du zigorrik.
Ibilbideari dagokionez, 20 km izaten jarraituko duen arren, aurton berritasun moduan, 140 metro luzeagoa izango da eta desnibel positiboa 28 metro gehiago. Gainera, irteera aurreko urteekin alderatuz, 700 metro aurreratu dute Fortuna taldekoek. Eta, 20 km horietan aurki ditzakegun gorabeherei erreparatzen baldin badiegu, igoera hauek ditugu azpimarragarri:
- Irun-Irungo bentak (2-3’5. km)
- Gaintxurizketa (6-8. km)
- Kaputxinos (13. km)
- Buenavistako igoera (14. km)
- Mirakruzeko igoera (16-17. km)
Eta, aldiz, ibilbideko gunerik lauena Errenteria gurutzatzerakoan izango da, hain zuzen ere, 11.-13. km-etan.
Bestalde, lasterketa hasieran omenaldia egingo diote Behobia-Donostiako aurreko edizioan zendu zen Nafarroako Zizur Nagusiko Arantza Ezquerrori. Zurriolako zubitik erori zen, eta hainbat saiakeren ondoren, erreanimatzea ez zen posible izan. Beraz, oroimen berezia berarentzat.
Amaitzeko, Behobia, Donostia eta bitarteko toki guztiak kirolaren afizioarekin estalita egongo dira, zalantzarik gabe. Hau baita proba honek urte guzti hauetan gorde dezakeen altxorrik preziatuena. “Aupa!”, “animo!”, “ederto ari zara!”, “zu bai zu!” gisako oihuek, bertan inon baino oihartzun gehiago daukate, giroak horretarako beta bikaina eskaintzen baitu. Ikusle kopurua beste mundu batekoa baita, errekorrei errezelorik gabe begiratzen dioten horietarikoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Berihu Aregawi eta Winfred Yavi gailendu dira Elgoibarko Nazioarteko Krosean
Berihu Aregawi etiopiarrak hirugarren urtez jarraian irabazi du Juan Muguerza Nazioarteko Krosa, Elgoibarren. Emakumezkoen proban, berriz, Winfred Yavi kenyarra izan da onena, eta erakustaldia emanda nagusitu da.
Igandean jokatuko da Juan Mugerza Nazioarteko Krosa, Mintxetako zelaietan
Igande honetan, urtarrilak 18, egingo da Elgoibarko Nazioarteko Krosa. Juan Mugerza Krosaren 82. edizioa Mintxetako zelaietan egingo da, eta bertan izango dira lehen mailako hainbat atleta. Zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, igandean, 12:00etatik aurrera, ETB1en.
Martin Iriondo: "Martin Fiz bezalako atleta bati marka hobetzea oso polita da"
Martin Iriondo oriotarrak pista estaliko 5.000 metroko Espainiako errekorra hobetu du hogei urtez azpiko kategorian. Bostongo txapelketan ezarri zuen errekor berria, Martin Fizen marka baino 8 segundu gutxiago: 14:05:96.
Younes Kniya eta Dorcus Chepkwemoi nagusitu dira Amurrioko Nazioarteko Krosean
Amurrioko Nazioarteko Krosaren zazpigarren edizioa lehiatu da gaur. Gizonezkoetan, Younes Kniya nagusitu da (28:27); emakumezkoetan, berriz, Dorcus Chepkwemoi izan da garailea (32:41).
2026ko Gasteizko Maratoi Erdiaren 4.000 dortsalak agortu egin dira
Gasteizko 47. Maratoi Erdian 4.163 lagunek izena eman dute, atleta profesionalak eta federatuen artean; abenduaren 14an bilduko dira Gasteizko kaleetan.
Maite Arraiza eta Thomas Holliday nagusitu dira Donostiako maratoian
Maite Arraiza donostiarra helmugaratu da lehen postuan, 2 ordu eta 45 minutuko denbora eginda, eta Louise Flynn eta Alejandra Sanchez sartu dira jarraian. Gizonezkoetan, Thomas Holliday nagusitu da 2 ordu eta 22 minutuko denborarekin. Aki Nummelak eta Simon Riok lagundu diote podiumean.
Donostiako 46. maratoia aurkeztu dute, historiako jendetsuena
Donostiako udaletxean egin dute aurkezpena. Igande honetan jokatuko dira maratoia eta 10 kilometroko proba ere. Aurten 7.000 korrikalarik parte hartuko dute maratoian, eta, 4.500 korrikalarik, hamar kilometrokoan.
Katherine Tisalemak eta Raul Celadak irabazi dute 2025eko Behobia-Donostia lasterketa
Ia 28.000 atleta atera dira proban, igandean, eta giro ikusgarria izan da. Tisalemak eta Celadak aurreneko aldiz lortu dute garaipena Behobia-Donostian.
Behobia-Donostia 2025: Maratoi erdiaren irudirik ikusgarrienak
Ia 28.000 korrikalarik hartu dute parte Behobia-Donostiaren 60. edizioan. Hona hemen maratoi erdi entzutetsuaren irudi ederrenen bilduma.
Alex Roca: ''Denok merezi dugu ikusgarritasuna''
Garuneko paralisia eta % 76ko desgaitasun fisikoa duen atleta hau da munduan maratoi bat egin duen lehena. Behobia-Donostia egin du gaur, "Corre Amb Mi" elkartearekin batera.