Arraun Lagunakek eta Oriok irabazi dute 2025eko Kontxako Bandera
Arraun Lagunakek eta Oriok irabazi dute 2025eko Kontxako Bandera, igandean, Donostian. Bigarren jardunaldian, gizonezkoen estropadan, Orio lehen jardunaldian 10 ehuneneko abantaila lortu zuen Zierbenari gailendu zaio, eta garaipena eskuratu du; emakumezkoen estropadan, Arraun Lagunakek lehen jardunaldian erakutsitako nagusitasuna berretsi du.
Orio bizi-bizi atera da hasieratik
Gizonezkoen estropadan, egoera ez zegoen batere argi, Orioren eta Zierbenaren artean oso alde txikia zegoelako eta Urdaibai ere lehiatzeko moduan zelako. Aurten Eusko Label Liga irabazteaz gain, Iker Zabalaren gizonek 33. aldiz irabazi dute Kontxako Bandera. Orio bizi-bizi irten da ohorezko txandan, kanpoalderako bidean dena erabakita uzteko asmoz; ziabogaren ostean 8 segundora zuen Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra atzerago zebiltzala. Txandako bigarren zatian, Oriok aldea handitu du, eta, hala, 2017tik aurrenekoz irabazi du Kontxako Bandera. Zierbenak Oriok baino 12 segundo gehiago behar izan ditu estropada amaitzeko, Urdaibaik 25 gehiago, eta Donostiarrak 33 gehiago. Ohorezko txandako lau ontziak izan dira azken sailkapeneko lehenengo lau postuetan.Ā
Kontsolazio txandari dagokionez, Getariako Esperantza nagusitu da, eta Lekittarra hamabi segundora helmugaratu da. Jon LarraƱagaren taldeak 20:11.85eko denbora egin du, eta lehenengo postua poltsikoratu du; txandako onenak izan dira, hiru aurkariak atzean utzita. San Juan izan da hirugarren, eta Hondarribiko Ama Guadalupekoa, aurreneko jardunaldian seigarren tokia lortu ostean, laugarren sailkatu da lehenengo txandan. Getariak bosgarren postua eskuratu du Kontxako Banderan, eta Hondarribia seigarren sailkatu da; San Juan izan da zazpigarren, eta Lekittarra, berriz, zortzigarren.
Arraun Lagunakek ez du aukerarik eman
Aurretik, emakumezkoetan, Arraun Lagunak laugarrenez gailendu da Kontxako Banderan, hirugarrenez jarraian, eta bikain egin du gainera; izan ere, hasieratik izan du kontrolpean ohorezko txanda. Juan Mari Etxaberen neskek ez diete aurkariei inolako aukerarik eman. Lehen jardunaldian, 10 segundoko aldea atera zioten bigarren postuan helmugaratu zen Tolosaldeari, eta bigarren jardunaldian nagusitasun hori beste behin erakutsi du LugaƱenek. 11:01.83ko denbora eginda, 7 segundo gehiago sartu dizkiote Tolosaldeari; Orio 14 segundora helmugaratu da, eta Zumaia 31ra. Azken sailkapenean, zumaiarrak bosgarren sailkatu dira.
Kontsolazio txandan, Donostiarrak eskuratu du garaipena, estropada ederra eginda, eta laugarren sailkatu da Kontxako Banderan. 11:19.35eko denbora eginda, Ibon Urbietaren taldeak 9 segundo atera dizkio Astillerori, eta 12 ia-ia parean helmugaratu diren Hibaikari eta Hondarribiari. Kantabriako ontziari, baina, 3 segundoko zigorra ezarri diote, eta, ondorioz, txandako azken postuan sailkatu da. Azken sailkapenean, Astillero seigarren izan da, Hibaika zazpigarren eta Hondarribia zortzigarren.
Zure interesekoa izan daiteke
Iker Zabala: ''Izugarrizko urtea izan da, eta helburua lantaldeari eustea da''
ETBn egindako elkarrizketan, Orioko prestatzaileak adierazi du denboraldi oparoaren gakoetako bat etxeko arraunlariak eta fitxaketak "ondo uztartzea" izan dela. Bestalde, Orioko zaleen berotasuna azpimarratu du: "txapela kentzeko moduko jarrera izan dute".
Jon Olasagasti Orioko presidenteak arraunlarien heldutasuna eta Iker Zabalaren lana nabarmendu ditu
Klubeko zuzendaritzak bigarren urtea du karguan, eta arraun elkarte osoaren maila igotzea dute jarraitu beharreko norabidetzat, Orioko presidenteak azaldu duenez.
Itziar Eguren, Arraun Lagunakeko presidentea: ''Donostian ere ikasten hasi gara Kontxa ospatzen''
Kontxako laugarren bandera irabazi ondoren Arraun Lagunak pozik azaldu da biharamunean. "Pixka bat nekagarria izan da erabat, itsasoa, itsasoa entzutea; guk itsasoan arraunean ez bagenuke jakingo bezala", aurpegiratu du agintariak.
Kontxako Banderaren gizonezkoen palmaresa
Orioko trainerua historiako talderik sarituena da, 33 garaipenekin. Bestalde, Hondarribiak hirutan irabazi du (2018, 2019 eta 2020), Santurtzik (2021) eta Urdaibaik (2022, 2023 eta 2024) hartu zutelarik haren lekukoa.
Kontxako Banderaren emakumezkoen palmaresa
Galizako Rias Baixas eta San Juan dira Kontxako Banderako trainerurik sarituenak, bost garaipenekin. Arran Lagunakek, ordea, azken hiru edizioak irabazi ditu.
Honela jaso du Oriok 2025eko Kontxako Bandera, historian irabazi duen hogeita hamahirugarrena
Aurretik, Orioko arraunlariak elkarrekin dantzan ikusi ahal izan ditugu; Gorka Aranberri patroiak sari bat jaso du, eta, segituan, Eneko Goia Donostiako alkateak emandako bandera astindu du, pozarren.
2025eko Kontxako Banderaren irudirik onenak
2025eko Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiak, Arraun Lagunaken eta Orioren garaipenak alde batera utzita, gogoan izateko zenbait irudi ikusgarri ere ekarri ditu; EITBk bideo honetan jaso ditu.
Arraun Lagunakek laugarrenez eskuratu du Kontxako Bandera, beste behin nagusitasuna erakutsita
Juan Mari Etxaberen taldeak ez die inolako aukerari eman aurkariei. Hasi eta segituan atera die traineru bateko aldea Tolosaldeari eta Oriori, eta, azkenean, bi jardunaldiak zenbatuta, 17 segundoko abantailarekin eskuratu du 2025eko Kontxako Bandera.
Maider Bereau: ''Aurten Joanarekin Kontxako Bandera irabaztea oso berezia da niretzat''
Iparraldeko bi ordezkari izan ditu ontzian aurten Arraun Lagunakek. "Joanarekin Kontxako Bandera irabaztea oso berezia da", adierazi du Maider Bereau arraunlariak; izan ere, Joana Halsouet da Kontxako Bandera irabazi duen Iparraldeko lehen patroia.