Alex Aranburu gipuzkoarrak etapa amaiera ezin hobea egin eta garaipena lortu du Galdakaon
Atzetik, Lipowitzek eta Roglicek Paul Seixasi eraso egin diote gaur, baina Itzuliko liderrak sendo erantzun die eraso saiakera guztiei. Are gehiago, Frantziako izar gazteak lidergoa sendotu du, segundo gutxi batzuk irabazita.
Alex Aranburu (Cofidis) gipuzkoarra, helmugan. Argazkia: EFE
Alex Aranburu (Cofidis) gipuzkoarrak etapa amaiera ezin hobea egin du, eta garaipena erdietsi du Galdakaon (Bizkaia) hasi eta bukatu den Itzulia Basque Countryko laugarren etapan.
Aranburuk, helmugara zeraman hormako amaiera zirraragarrian, hirugarren aldiz altxatu ditu besoak Itzulian, 3h:55:15eko denborarekin, 42,6 kilometro orduko batez besteko abiaduran. Lau segundora Tobias Johannessen norvegiarra (Uno X) iritsi da eta sei segundora Christian Scaroni italiarra (Astana).
Paul Seixas liderra etapa irabazlearengandik 14 segundora helmugaratu da, eta segundo batzuetan bere errenta handitu du sailkapen nagusian.
"Aurkariak gertu zetozen, baina helmugarako distantzia kalkulatu dut, eraso egin eta dena bikain atera zait. Garaipen oso garrantzitsua da atzo Basaurin garaipena lehiatu ezin izanaren amorruarekin joan ondoren. Oraingoan ihesaldietan izan gara. Beldur nintzen aurkari batzuekin, baina dena bikain atera da", azpimarratu du Aranburuk.
Brandon McNulty (UAE) estatubatuarra izan da jardunaldiko ihesaldiaren protagonista, eta bakarrik joan da kilometro mordoan. Atzetik, 34 txirrindulariko talde bat saiatu da hura harrapatzen, eta helmugarako 35 bat kilometro falta zirenean lortu du. Amaierarako 30 bat kilometro falta zirenean, Elorritxuetako igoeran, Visma tropelaren buruan jarri da, ihesaldi jendetsua behera botatzen saiatzeko; aurreko taldean, bitartean, elkarri mokoka hasi dira.
Gero eta tropel txikiagoan, Florian Lipowitz (Red Bull-Bora) Paul Seixas (Decathlon) liderra urduritzen saiatu da Elorritxuetako igoeran, baina frantziarrak arazo handirik gabe erantzun die bere erasoei. Alemaniarrak lau eraso egin ditu igoeran.
Hainbat eraso eta gero, Anders Halland Johannessen (Uno-X Mobility) norvegiarra bakarrik geratu da lasterketa buruan, Marc Soler (UAE) kataluniarraren eta Luke Tuckwell (Red Bull-Bora) australiarraren arteko elkar ulertze falta aprobetxatuz. Tropelean, liderraren aurkako erasoa Roglicek egin du eguneko azken igoeran, bigarren mailako Leginan. Lipowitz ere berriro saiatu da.
Aurrean, Juan Pedro Lopez sevillarrak (Movistar) eta Alex Aranburu gipuzkoarrak (Cofidis) Johannessen harrapatu dute, eta jarraian, Ezkio-Itsasokoak erasoa jo du. Tropelak lasterketaren burua minutu bat baino gutxiagora zuen dagoeneko. Baina Tobias Halland Johannessenek (Uno-X Mobility), aurrekoaren anaiak, Gipuzkoako txirrindularia harrapatu du.
Paul Seixas, Itzuliko liderra
Jaitsiera ezagutzen nuen eta eraso egin dut; ongi etorri irabazitako denbora
Seixasek Legina mendatearen jaitsieran erasoa jo eta gero sailkapen nagusiko aurkariekiko irabazi ahal izan dituen 20 segundoak ospatu ditu, jaitsiera "ezagutzen nuen" eta "ondo zetorkidan".
"Taldeak gaurko etaparen ibilbidea ikustera eraman ninduen, hasierako erlojupekoa jokatu baino lehen, eta azken jaitsiera komeni zitzaidala ikusi nuen. Eguna oso gogorra izan da, baina indarrak gorde ditut jaitsieran saiatzeko. Helburua lortu dut, ongi etorri irabazitako denbora", adierazi du Seixasek Galdakaoko helmugan.
Bestalde, Juan Ayusok, Lidl Trek taldeko liderrak eta 2024ko Itzuliaren irabazleak, lasterketa utzi behar izan du urdaileko arazoengatik. Arazo fisikoak lehen etapatik izan ditu, eta, beraz, sailkapen nagusian aukerak berehala galdu zituen. Gainera, Galdakaon hasi eta amaitu den laugarren etapako helmugatik 117 kilometrora erorikoa izan du Ayusok, eta handik kilometro gutxira bizikletatik jaistea erabaki du. Javeako txirrindulariak laguntza eskatu dio taldearen autoari, baina berehala lasterketa uztea erabaki du.
Ostiral honetan bosgarren etapa jokatuko da, Eibarren hasi eta amaituko dena, 176,2 kilometroko ibilbidea izango duena.