McNulty eta Ayuso ez dira UAEren Itzulirako zazpikoan izango
Joxean Fernandez "Matxin" UAE Team Emirates taldeko zuzendariak ETBri eskainitako elkarrizketa batean baieztatu duenarn arabera, Juan Ayuso gaztea, Brandon Mcnulty estatubatuarra eta Finn Fisher-Black zelandaberritarra ez dira 2022ko Euskal Herriko Itzuliko irteeran izango.
Lasterketa datorren astelehenean hasiko da Hondarribian, 7,5 kilometroko erlojupeko laburrarekin, eta bertan ez dute parte hartuko aipatutako hiru txirrindulariek, gaixo baitaude.
Matxinek berak aurreratu duenez, Alessandro Ulissik eta Alessandro Covik beteko dituzte iazko Itzuliko bi jardunalditan sailkapen nagusiko buru egon zen Mcnultyren eta etorkizun oparoa duen Ayusoren hutsuneak. Hirugarren ordezkoa oraindik izendatzeke dago.