2025eko Itzulia Womeneko 1. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Zumarraga-Agurain (148,5 km)
2025eko Itzulia Womeneko lehenengo etapa maiatzaren 16an izango da jokoan, ostiralez. Lasterketa Zumarragan hasiko da, 9:31n, eta, 148,5 kilometroko ibilbidea eginda, Agurainen amaitu, 13:18tik 13:43ra bitartean. Txirrindulari parte-hartzaileek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren hiru mendate igo beharko dituzte; horietako bat, Opakua, 2. mailakoa da, eta beste biak, Arlaban eta Azazeta, ordea, 3. mailakoak.
Hala, Itzulia Womeneko laugarren ekitaldia Zumarragako Udaletxe Plazan hasiko da, arestian esan bezala 9:31n. Tropela, jarraian, Legazpira abiatuko da, eta Oñatira gerora. 42,8. kilometroan, etapako eta aurtengo Itzuliko aurreneko mendatea igo beharko dute ziklistek: Arlaban. Igoera luzea da, 7,4 kilometrokoa baita, eta batezbesteko malda % 4koa du.
Araban sartuta, lasterketa Ozaetan, Hermuan, Larrean, Axpurun, Narbaizan, Gordoan, Galarretan eta Zalduondon izango da. Ordoñana atzean utzita, Agurainen, 74,4. kilometroan, eguneko lehenengo esprint berezia jokatuko dute. Handik gutxira, 83,5. kilometroan, Opakua 2. mailako mendatearen pankarta izango da; lehen etapako mendaterik gogorrena da hori: 7,1 kilometroko igoera du, eta, batez beste, % 5,8ko malda.
Aldan izan eta gero, bigarren esprint berezia izango da jokoan, Kanpezun. Gero, lasterketa Antoñanan, Ataurin eta Maeztun ibiliko da, eta orduan igoko dute txirrindulariek Azazeta; 3. mailako mendate horrek sei kilometroko luzera du, eta % 3,4ko malda. Pankarta 126,4. kilometroan du, alegia, Aguraineko helmugara iristeko 22 kilometro direla.
Egiletan, Erentxunen eta Dulantzin txalotuko dituzte txirrindulariak etapako azken kilometroetan, eta Agurainen zehaztuko da zein ziklistak eskuratzen duen garaipena lasterketako lehen egunean; horrek, gainera, 2025eko Itzulia Womeneko aurreneko maillot horia jantziko du.
Zaleek zuzenean ikusi ahalko dute etapa; izan ere, eitb.eus-ek eta ETB1ek emango dute, 12:00etan hasita.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 1. etapa (maiatzak 16, ostirala)
Ibilbidea: Zumarraga-Agurain
Distantzia: 148,5 km
Hasiera-ordua: 9:31
Amaiera-ordua: 13:18 (40 km/h) | 13:30 (38 km/h) | 13:43 (36 km/h)
Mendiko saria: Arlaban (3. maila), 42,8. kilometroan; Opakua (2. maila), 83,5. kilometroan; Azazeta (3. maila), 126,4. kilometroan
Zure interesekoa izan daiteke
Ostolaza: “Kirol bizitza bukatzean, honelako momentuekin gogoratzen zara, emaitzekin baino gehiago"
Usoa Ostolazak 7. bukatu du Itzulia Womeneko lehen etapa. Zarauztarren babesa jaso du lasterketan zehar, eta oso hunkituta agertu da izandako harreragatik.
Mischa Bredewold gailendu da Zarautzen, eta 2026ko Itzulia Womeneko lehen maillot horia jantzi du
SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra nagusitu da etapan erabakigarria izan den esprintean, garaipena harekin jokatu duten lau txirrindulariak menderatuta: Yara Kastelijn, Riejanne Markus, Lauren Dickson eta Antonia Niedermaier. Usoa Ostolaza zazpigarren helmugaratu da, eta sailkapen nagusian zortzigarren sailkatu da, 31 segundora.
Bredewoldek irabazitako Itzulia Womeneko lehen etapako azken kilometroa
Dikson, Niedermaier, Markus, Bredewold eta Kastelijn batera iritsi dira Itzulia Womeneko lehen etapako azken kilometrora, lasterketaren buruan. Esprintean erabaki da garailea eta ez da ezustekorik izan. Mischa Bredewold (SD Worx) herbeheretarra nagusitu delarik. Bigarren eta hirugarren Yara Kastelijn (Fenix-Premier Tech) eta Riejane Markus (Lidl-Trek) herrikideak izan dira, hurrenez hurren.
ZUZENEAN: Itzulia Womeneko 1. etapa, Zarautz-Zarautz (121,3 km)
Ikusi, zuzenean, 2026ko Itzulia Womeneko lehenengo etapa. Zarautzen hasi eta amaituko da, eta 121,3 kilometroko ibilbidea izango du.
2026ko Itzulia Womeneko 1. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Zarautz-Zarautz (121,3 kilometro)
Gipuzkoan barrena ibiliko da lasterketa lehenengo egunean, eta txirrindulariek sei mendate puntuagarri igo beharko dituzte, denak hirugarren mailakoak: "Mendate handirik gabeko ibilbidea da, baina igoera etengabeak eta atsedenik gabeko tarteak ditu", diote antolatzaileek.