Kasper Asgreenek ezustean harrapatu ditu tropeleko esprinterrak ihesalditik
Soudal Quick-Step taldeko Kasper Asgreen txirrindulari danimarkarrak irabazi du, ostegunean, 2023ko Frantziako Tourraren hamazortzigarren etapa; azkenean, garaipena eguneko ihesaldian izan diren lau gizonek jokatu dute, tropelak ezin izan baititu harrapatu, kontrakoa zirudien arren. Sailkapen nagusian, Jumbo-Vismako Jonas Vingegaard danimarkarrak jarraitzen du aurreneko postuan, eta ez da aipatzeko moduko aldaketarik izan.
Aurreikuspena zen etapan gizon azkarrek izatea nagusitzeko aukera, eta, egia esan, hainbat kilometrotan pentsatzeko modukoa izan da hori gertatu behar zela, baina, azkenean, jardunaldiaren amaiera oso bestelakoa izan da. Tourreko ia hiru aste jokatuta, nekea da nagusi txirrindularien artean; ematen zuen tropelak ez zuela izango aparteko zailtasunik iheslariak harrapatzeko, kontuan izanik azken horien gehieneko aldea minutu eta erdikoa izan dela, baina talde handiak ezin izan du hori gauzatu, eta garaipena ihesaldian izan da.
Kasper Asgreenek eskuratu du etapa, eta, horrenbestez, lehen garaipena eman dio bere taldeari 2023ko Tourrean. Danimarkarra, 28 urtekoa bera, aurreneko aldiz gailendu da Frantziako Tourrean. Palmares bikaina du Asgreenek: aurten, Danimarkako Erlojupeko Txapelketa irabazi du, eta, 2021ean, Flandriako Itzulian nagusitu zen. Ihesaldiko indartsuena izan da, eta duen sasoi ona baliatu ahal izan du ihesaldian zihoazen beste hiru ziklisten aurrean; hain zuzen ere, Lotto Dstny taldeko Victor Campenaerts eta Pascal Eenkhorn eta Uno-X taldeko Jonas Abrahmsen izan ditu bidelagun ihesaldian, eta azken metroetan aurkari.
Ihesaldia, berehala
Eguneko ihesaldia berehala sortu dute, eta maila handiko hiru txirrindulari sartu dira bertan: Victor Campenaerts belgikarra (Lotto Dstny), ihesaldietan aditua bera, Jonas Abrahamsen norvegiarra (Uno-X) eta Kasper Asgreen bera. Azkar ibili dira, bai eta euren artean ondo moldatu ere, baina ezin izan dute alde oso handirik egin, tropelarekiko.
Itxura batean esprinterren taldeek ondo kontrolatuta, talde handiak ez die aukerarik eman Campenaertsi, Abrahamseni eta Asgreeni minutu eta erditik gorako tarterik hartzeko. Etapan, hortaz, zenbait kilometrotan, nolabaiteko egonkortasuna izan da; lasterketa buruko hirurak aurretik zihoazen, bai, baina egoera hori tropelari ere interesatzen zitzaion.
Hirukotea laukote bilakatu da
Amaierarako 60 kilometro baino apur bat gutxiago geratzen zirela, Pascal Eenkhorn Lottoko herbeheretarrak alde egin du tropeletik, eta, Campenaertsek lagunduta, segituan iritsi da lasterketa burura; azken hori laukote bilakatu da. Minutu bateko aldea zuten, etapari azken 40 kilometroak geratzen zitzaizkionean, baina buruan zeuden gizonen erritmoak bizitasuna bereganatu du, eta esprinterren taldeek ezin zuten aldea argi murriztu.
Lasterketako azken zatia taldekako erlojupekoa izan balitz bezala bizi izan da. Aurretik zeuden txirrindulariek, lan ederra eginez, elkarren artean ondo koordinatuz eta kalitatezko erreleboak emanez, garaipena lehiatzeko asmotan jarraitzen zuten; tropela, bitartean, harrapatu nahirik zebilen, gero eta azkarrago. Segundo batzuk soilik zeuden bi aldeen artean azken bost kilometroetan, lehia erabakigarria hasi denean.
Lotto Dstnyk bi gizon zituen ihesaldian, eta aukera baliatzen saiatu da: Campenaertsek Eenkhorni zabaldu dio bidea, garaipenaren bila, azken horrek indar handiagoa zuelako. Tropela, bitartean, gertu-gertu zebilen. Kasper Asgreenek irabazi du etapa; izan ere, bikain jo du aurrera, eta aurkariek ezin izan dute behar bezala erantzun. Esprinterrak, beraz, ostiralean edo igandean saiatu beharko dira garaipenaren lehian aritu.
Etapako sailkapena
1 - ASGREEN Kasper (Soudal) 4:06:48
2 - EENKHOORN Pascal (Lotto) d.b.
3 - ABRAHAMSEN Jonas (Uno-X) d.b.
4 - PHILIPSEN Jasper (Alpecin) d.b.
5 - PEDERSEN Mads (Lidl) d.b.
6 - BOL Cees (Astana) d.b.
7 - MEEUS Jordi (BORA) d.b.
8 - TRENTIN Matteo (UAE) d.b.
9 - LAPORTE Christophe (Jumbo) d.b.
10 - MOZZATO Luca (Arkea) d.b.
Sailkapen nagusia
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 67:57:51
2 - POGACAR Tadej (UAE) +7:35
3 - YATES Adam (UAE) +10:45
4 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +12:01
5 - YATES Simon (Jayco) +12:19
6 - BILBAO Pello (Bahrain) +12:50
7 - HINDLEY Jai (BORA) +13:50
8 - GALL Felix (AG2R) +16:11
9 - KUSS Sepp (Jumbo) +16:49
10 - GAUDU David (Groupama) +17:57
13 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS) +46:57
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan hasiko da 2026ko Frantziako Tourra, mendia eta Alpe d’Huezen itzulera protagonista dituela
2026ko Frantziako Tourrak badu mapa. Frantziako Tourra Bartzelonatik abiatuko da lehen aldiz, taldekako erlojupeko batekin, Montjuïcen, eta altuerako ibilbidea egingo du: bost amaiera maldan gora, hitzordu bikoitza Alpe d'Huezen, eta 3.333 kilometro guztira.
Frantziako Tourra Mont Ventoux mendatera helduko da
2026ko edizioa Lausanatik abiatuko da abuztuaren 1ean, eta hilaren 9an amaituko da, Nizan. Zazpigarren jardunaldian, Mont Ventoux mendatera igo beharko dute txirrindulariek; horrez gain, laugarren etapa 21. kilometroko erlojupekoa izango da.
Ferrand-Prevotek historia egin du Frantziako Tourra irabazita
Azkeneko etapa ere Vismako txirrindulari frantziarrak bereganatu du. Podiumean Demi Vollering herbeheretarra eta Katarzyna Niewiadoma poloniarra izan ditu ondoan.
Pauline Ferrand-Prevot frantziarrak Tourra erabakita utzi du, Madeleine mendatean erakustaldia emanda
Amaierarako etapa baten faltan, Ferrand-Prevotek 2:37ko aldea du Sara Gigante bigarren sailkatuarekin, eta 3:18koa Demi Volleringekin.
Maeva Squibanek bigarrenez jarraian irabazi du Frantziako Tourrean
Txirrindulari frantziarrak erakustaldia eman du eta bigarren egunez jarraian bakarka helmugaratu da.
Maeva Squiban gailendu da Amberten, bakarka, eta Kim Le Courtek maillot horiari eutsi dio, Frantziako Tourrean
Lasterketako 32. ekitaldiko aurreneko mendiko etapan, UAE taldeko txirrindulari frantziarrak eskuratu du garaipena; AG Insurance taldeko ziklista maurizioarrra, ordea, hirugarren tokian helmugaratu da, seigarren jardunaldian, eta sailkapen nagusian duen aldea, orain, zortzi segundo handiagoa da.
Lorena Wiebesek irabazi du Poitiersen, esprintean, eta Marianne Vosek Frantziako Tourreko lider jarraitzen du
Lasterketako 32. ekitaldiko laugarren etapan, ez da aldaketa nabarmenik izan sailkapen nagusian. Wiebesek, beste behin, erakutsi du munduko esprinterrik onenetakoa dela; astelehenean bezala, garaipena eskuratu du.
Lorena Wiebesek irabazi du Angerseko esprinta, eta Marianne Vosek maillot horia berreskuratu du, Tourrean
SD Worx-Protime taldeko txirrindulari herbeheretarra, Europako egungo txapelduna bera, aurrenekoz gailendu da 32. Frantziako Tourrean; sailkapen nagusian, Visma-Lease a Bikeko herbeheretarra larunbateko etapan eskuratutako lehen postura bueltatu da.
Mavi Garcia nagusitu da Quimperren, eta Le Court horiz jantzi da
41 urteko Liv AlUla Jayco taldeko txirrindulariak 10 kilometro falta zirela ekin dio eraso erabakigarriari, eta 20 segundo inguruko tartea du taldearekiko.
Pogacarrek, Vingegaardek eta Lipowitzek osatu dute podioa
Tadej Pogacarrek irabazi du 2025eko Frantziako Tourra, Jonas Vingegaard bigarren izan da, eta Florian Lipowitz, hirugarren.