Mourizek eta Garciak garaipena lortu dute Espainiako selekzioarekin Hego Korearen aurka
Asier Garcia eta David Mouriz euskal kirolariek garaipena lortu dute Espainiako selekzioarekin Hego Korearen aurka (65-53) Paralinpiar Jokoetako gurpildun aulkiko saskibaloi txapelketako lehen jardunaldian.
Lehen laurdenean, Espainia nagusi izan da, eta sei puntuko abantaila lortu du: 16-10. Bigarren laurdenean, Espainiako selekzioak apur bat gehiago handitu du errenta, eta 31-24ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, aldatu egin da neurketaren gidoia. Hego Koreak hobeto jokatu du, eta hiru puntura murriztu du desabantaila hirugarren laurdenaren amaieran: 43-40. Asiako selekzioaren hirugarren laurden onari erantzun dio Espainiak azken laurdenean. Asier Garciak hartu du erantzukizuna erasoan amaierako azken minutuetan, eta Espainiako taldeak irabazi du partida: 65-53.