Binakako Txapelketako playoffetako partiden datak eta ordutegiak
Binakako Txapelketako playoffak jokatuko dira otsailaren 25 eta 27an. Lau bikote ariko dira lehian eta finalerdietarako txartelak izango dituzte jokoan. Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija bikoteak finalerdietarako sailkatuta daude, ligaxka lehen bi postuetan amaitu zutelako. Playoffetako bi neurketak zuzenean eskainiko dituzte eitb.eus eta ETB1ek.
Otsailaren 25ean, ostiralean, Ezkurdia-Tolosa eta Irribarria-Rezusta bikoteek neurtuko dituzte indarrak Donostiako Atano III.a pilotalekuan; jaialdia 17:00etan hasiko da. Otsailaren 27an, igandean, Laso-Imaz eta Peña II.a-Albisu bikoteak ariko dira nor baino nor Gasteizko Ogeta frontoian, 17:00etan hasiko den jaialdian.
Larunbatean, otsailaren 26an, Oinatz Bengoetxearen agurreko partida jokatuko da Labriten, eta hura ere zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus eta ETB1en. Leitzakoak bikotea osatuko du Mariezkurrena II.arekin; Artola eta Aranguren izango dituzte aurkari.
Binakako Txapelketako playoffetako partiden datak eta ordutegiak:
Otsailak 25, ostirala:
Ezkurdia-Tolosa vs Irribarria-Rezusta (17:00etan, Donostiako Atano III.a frontoian)
Otsailak 27, igandea:
Laso-Imaz vs Peña II.a-Albisu (17:00etan, Gasteizko Ogeta frontoian)