Beste bi final Euskal Pilota Selekzioarentzat
Euskal Pilota Selekzioak beste bi final lortu ditu FIPVren XX. Munduko Txapelketako zazpigarren jardunaldian. Julen Alberdik Santi Yaniz (Espainia) gainditu du gizonezkoen frontballeko finalerdian, eta Nagore Martinek Mexikoko Dulce Figueroa, emakumezkoen gomazko paletan. Aldiz, Miren Larrartek Mexikoko Paola Reyesen aurka galdu du frontballeko finalerdia, eta brontzea izango du jokoan. Larruzko paletan, Euskal Selekzioa lehiatik kanpo geratu da.
Gizonezkoen frontballa: Alberdi, finalera
Julen Alberdik 10-6, 4-10 eta 5-2 irabazi dio Santi Yaniz Espainiako ordezkariari. Lehen jokoan, Yanizek erritmoa ezarri du kantxaren erdialdea hartuta eta pilota airez asko mugituta. Julen, ordea, eroso aritu da defentsan eta tantoak luzatu ditu. Biek nabaritu dute nekea, baina Alberdik hobeto eutsi dio, huts gutxiago egin ditu eta gehiago errematatu du: 10-6. Bigarrenean, Yanizek egoera irauli eta 1-5 aurreratu da. Julenek arriskatzea erabaki du, baina akatsak ere egin ditu eta 4-10 galdu du jokoa. Atseden hartzeko baliatu du. Bost tantora jokatutako berdinketa hausteko jokoan bikain hasi da: Yanizi botea bilatu dio aireko jokoa eragozteko, eta aurkariaren bi akatsek eta bere tanto erabakigarriek 5-2ko garaipena eman diote. Mexikoren aurka jokatuko du finala.
Emakumezkoen gomazko paleta: Nagore Martin, finalera
Nagore Martinek 15-10 eta 15-6 irabazi dio Dulce Figueroa mexikarrari, bere partidarik sendo eta osoenetako batean. Tantoak amaitzen jakin du, jokaldiak egin ditu eta fisikoki zein mentalki oso indartsu aritu da: urte osoan entrenatzen duen bezala lehiatu da azkenean. Figueroa teknikoki bikaina da, baina Nagorek ia ez dio aukerarik eman eta ekimena une oro berea izan da. Lehen seta 15-10 amaitu da. Bigarrenean, estrategia bera erabili du: lehen pilotak atzera bidali, mexikarra korrika egitera behartu eta tantoak amaitu (15-6). Ostiralean, Maider Ardanaz (Espainia) aurka jokatuko du finala; Munduko Txapelketako lehen partidan irabazi zion.
Banakako zesta-punta: finalen aurrerapena
Banakako zesta-puntako bi partidek finalen aurrekari gisa balio izan dute. Gizonezkoetan, Ortzi Aldazabalek 11-15, 15-3 eta 10-0 irabazi dio Olharan (Frantzia). Lehen seta oso parekatua eta bizia izan da, tanto ikusgarriekin. Hamarna berdinduta egon dira, baina Olharan izan da nagusi. Bigarrenean, Ortzi 5-3 aurretik zela, Olharanek belaunean min hartu eta partida utzi behar izan du. Aritz Erkiagak Frantziaren aurka jokatuko du finala hilaren 23an, ostiralean.
Emakumezkoetan, Maialen Aldazabalek 5-15 eta 8-15 galdu du Erika Mugartegi (Espainia) aurka. Maialen ondo hasi da, baina pilota bizitu denean Erikak indar guztia baliatu du. Bigarren setean, pilota motelagoarekin, Erikak min handia egin du eskuinarekin, baita errebotetik ere. Maialen jokoa mugitzen saiatu bada ere, gaur Espainiako ordezkaria nagusi izan da. Finala Espainiaren aurka izango da.
Emakumezkoen frontballa: brontzearen bila
Miren Larrarte bidaniarrak 8-10 eta 5-10 galdu du Mexikoko Paola Reyesen aurka, finalerdietan. Reyesek bere abiadura eta pilotaren kontrola baliatu ditu eta ia ez du hutsik egin. Mirenek tanto asko menderatu ditu, pilota ondo mugitu du eta defentsan sendo aritu da; baina tantoak luzatu ahala, akats gehiago egin ditu, eta mexikarrak aprobetxatu ditu. Lehen seta zortzinako berdinketaren ondoren erabaki da (8-10), eta bigarrenean, launako berdinketatik aurrera Reyesek alde egin du (5-10). Orain Venezuelaren aurka hirugarren postua izango du jokoan Euskal Pilota Selekzioak. Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga dira euskal ordezkariak; Mikel Rafael hautatzaileak erabakiko du bietako nork jokatuko duen.
Pilota egokitua: Frantziaren aurkako bi finalen atarian
Sergio Rodriguezek eta German Elkorok 7-15 eta 3-15 galdu dute Leroy eta Cabanne Frantziako ordezkarien aurka, 36 metroko frontoiko ligaxkako azken partidan. Frantziak bere atzelari indartsuena zelairatu du, Cabanne, eta hasieratik kontrolatu du jokoa. Euskal bikoteak zenbait akats egin ditu hasieran, eta markagailuan hurbiltzea lortu du, baina Frantziako bikoteak erritmoa igo du (7-15). Bigarren setean, Beñat Lizasok German Elkoro ordezkatu du, baina joera bera izan da, Cabanneren kolpeak nagusituta (3-15). Euskadi eta Frantzia bi finaletan ariko dira: ostegunean trinketean eta larunbatean 36 metroko frontoian.
Larruzko paleta: kanporatuta
Egun tristea larruzko paletan: Iñaki Urrutiak eta Ibai Perezek 4-15 eta 9-15 galdu dute Roman Maldonado eta Mateo Billorou argentinarren aurka. Ligaxkako bigarren porrotarekin, euskal selekzioa kanporatuta geratu da. Argentinako bikotea oso indartsua da aurrean zein atzean, eta abiadura handia eman dio pilotari, euskaldunak defentsan jokatzera behartuta. Euskal aurrelariak ez du asmatu, eta bigarren setean Markel Sierra sartu da atzean, Ibai Perezen ordez. Jokoa zertxobait hobetu da, baina ez da nahikoa izan. Hala ere, balorazioa positiboa da: bikoteak dena eman du, Argentina eta Espainia zituen multzo oso gogorrean.
Balantzea: 15 final posibleetatik 10 lortuta
Bihar Estatu Batuen aurka jokatuko den pala motzeko finalerdia falta dela, Euskal Pilota Selekzioak jokatzeko aukera zituen 15 finaletatik 10etara sailkatzea lortu du, eta horietako bitan urrezko eta zilarrezko domina bana eskuratu ditu dagoeneko. Bihar pala motzean finalerako txartela lortuz gero, 11 final izango dira guztira. Gainera, xarean eta emakumezkoen frontballean brontzezko domina lortzeko lehiatuko da. Bi modalitatetan baino ez da geratu Euskal Pilota Selekzioa domina eskuratzeko aukerarik gabe.
7. jardunaldiko emaitzak:
- Gizonezkoen frontballa · Finalerdia: Julen Alberdi (Euskadi) 2 – Santi Yaniz (Espainia) 1 (10-6, 4-10, 5-2)
- Emakumezkoen gomazko paleta (30 m) · Finalerdia: Nagore Martín (Euskadi) 2 – Dulce Figueroa (Mexiko) 0 (15-10, 15-6)
- Gizonezkoen banakako zesta-punta: Ortzi Aldazabal (Euskadi) 2 – Olharan (Frantzia) 1 (11-15, 15-3, 10 0)
- Emakumezkoen banakako zesta-punta: Maialen Aldazabal (Euskadi) 0 – Erika Mugartegi (Espainia) 2 (5 15, 8-15)
- Emakumezkoen frontballa · Finalerdia: Miren Larrarte (Euskadi) 0 – Paola Reyes (Mexiko) 2 (8-10, 5-10)
- Pilota egokitua (36 m): Sergio Rodríguez eta Germán Elkoro / Beñat Lizaso (Euskadi) 0 – Leroy eta Cabanne (Frantzia) 2 (7-15, 3-15)
- Larruzko paleta: Iñaki Urrutia eta Ibai Pérez / Markel Sierra (Euskadi) 0 – Román Maldonado eta Mateo Billorou (Argentina) 2 (4-15, 9-15).