Euskal Selekzioak urrezko domina irabazi du trinket egokituan
Edorta de Antak eta German Elkorok Munduko Txapelketako bigarren urrezko domina eskuratu dute Frantzia garaituta. Pala motzean, finalerako sailkatu da Euskadi, eta, Xarean, laugarren postua eskuratu du.
Euskadiko Selekzioak Urrezko domina lortu du trinket egokituan, Frantzia bi jokotan garaituta.
Lehen jokoan hasiera batetik irabazten joan dira Edorta de Anta eta German Elkoro, 10-15 irabazi diete Dorian Navarro eta Maxime Cabanne frantziarrak. Bigarrenean, berriz, euskal bikotea galtzen hasi da, markagailuan 6-2koa ikusi dugu frantziarren alde. Orduan, atsedena eskatu eta une horretatik aurrera gorako bidea hartu dute Edortak eta Germanek, baita 8-7ra iritsi ere. Azkenean, markagailua irauli dute eta 9-15 irabazi diete frantziarrei.
Gauzak horrela, partida bikain baten ondoren, Euskadiko Selekzioak Munduko Txapelketako bigarren urrea poltsikoratu du, txapelketako hirugarrena.
Xarea
Xareari dagokionez, Euskal Selekzioak, azkenean, laugarren postua eskuratu du; izan ere, brontzezko dominarako partidan, ostegun arratsaldean, Argentinak Euskadi menderatu du, bi jokotan.
Oier Iturbe eta Markel Mujika 15-12 irten dira galtzaile aurreneko jokoan, eta bigarrenean, ordea, Argentinako bikotea 15-10 gailendu da; Alan Correa eta Iñaki Gil aritu dira Argentinan.
Horrenbestez, Euskadi laugarren postuan sailkatu da xarean.
Pala motza
Pala motzean, ostegunean ere, Euskadi finalerako sailkatu da; Espainiaren aurka jokatuko du. Esteban Gaubekak eta Imanol Ibañezek bi jokotan garaitu dute Estatu Batuetako bikotea, 15-8 eta 15-4, eta, hortaz, Euskal Selekzioak beste domina bat bermatu du.