Bost garaipen zortzi partidatan, Euskal Pilota Selekzioaren jardunaldi historikoan
Euskal Pilota Selekzioak bost garaipen lortu ditu igandean jokatutako jardunaldian, buruz burukoan, binakako esku pilotan, emakumezkoen frontballean, gizonezkoen binakako zesta-puntan eta pala motzean.
Buruz buruko esku pilota: Carregal, finalera
Buruz buruko esku pilota: Carregal, finalera Gaizka Carregalek argi menderatu du Hernandez mexikarra 36 metroko pilotalekuan, 10-4 eta 10-3. Euskal pilotaria nagusi izan da lehen setean, hasieratik amaierara: aurrea hartu du markagailuan, eta ez dio aurkariari ustekaberako aukerarik eman. Gehiago izan da bai pilotari jotzean, bai tantoak amaitzean. Bigarren setean, ordea, gauzak zailtzeko asmoz atera da Hernandez, eta joko bizi-biziarekin, batez ere azpitik joz, 0-3 aurreratu da. Carregalek, baina, erantzuteko gaitasun handia erakutsi du, eta berriro nagusitu da: hamar tanto jarraian egin ditu, seta 10-3 ixteko. Ligaxkako bigarren garaipen horrekin, finalerako txartela ziurtatu du.
Binakako esku pilota: partida biribila
Beñat Azketak eta Oier Elorzek partida ikusgarria eta biribila jokatu dute Frantziaren aurka: 10-0 eta 10-2. Lehen setean abiadura eta intentsitatea eman diote tanto bakoitzari, eta Frantziako bikoteak ez du erantzuten asmatu. Markagailuak jokoan ikusitakoa islatu du: 10-0. Seta amaitu aurretik, Frantziako hautatzaileak Mendy kantxaratu du Harguindeguyren ordez. Bigarren setean askoz pilotakada gehiago izan dira: Mendyk Frantziako lehen atzelariak baino hobeto eutsi dio pilotari, eta tantoak lehiatuagoak izan dira. Hala ere, Beñat Azketaren aireko jokoaren intentsitateak eta abiadurak, eta Oier Elorzen pilotakadek, seta 10-2 argi erabaki dute. Euskal bikotea finalera begira dago jada.
Emakumezkoen frontballa: Finalerdietarako txartela
Olatz Arrizabalagak 10-0 eta 10-1 irabazi dio Solas txiletarrari, espero bezala. Olatzek partida oso serioa jokatu du: pilotakaden trukean nagusi izan da eta, aukera izan duenean, ezin hobeto amaitu ditu tantoak. Defentsan oso ondo aritu da, eta hasieratik amaierara agindu du; horrek ohi baino huts gehiago egitera behartu du pilotari txiletarra. Garaipen horrekin, Arrizabalaga finalerdietarako sailkatu da. Espainiaren aurkako partidak erabakiko du lehenengo ala bigarren sailkatuko den.
Binakako zesta-punta: bi bikoteak finalera
Colonia del Sacramentoko 54 metroko pilotalekuan, Xabier Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak 15-6 eta 15-6 menderatu dute Frantzia. Frantziako selekzioak Laduche kantxaratu du Liboisen ordez, baina euskal bikotea argi nagusitu zaio Oyhenarden bikoteari. Emakumezkoetan, Maite Ortiz de Mendivilek eta Eneritz Lizardik galdu egin dute Erika eta Arai espainiarren aurka, 6-15 eta 13-15. Espainiarrak oso ondo hasi dira: Erikak erritmoa ezarri du aurrean, Araik ez du hutsik egin atzean, eta 7-0 ihes egin dute. Maite ez da eroso aritu kantxan, eta, Eneritzen zenbait hutsegite ere tarteko, Espainiak 15-6 irabazi du lehen seta. Bigarrena erabat bestelakoa izan da: Maite ondo kokatu da, jokoan asko sartu da eta erritmoa ezarri du; Eneritz, berriz, seguru aritu da eta pilota asko atera ditu defentsan. Euskal bikotea 6-2, 8-5 eta 12-8 jarri da aurretik, eta seta bideratuta zuela zirudien. Espainiarrek, ordea, berriro estutu dute, ez dute hutsik egin, eta markagailuari buelta eman diote, 13-15 irabazteko. Ligaxka amaituta, bi euskal bikoteak finalerako sailkatu dira. Finalak urriaren 20an, asteartean, jokatuko dira: gizonezkoek Ameriketako Estatu Batuen aurka jokatuko dute, eta emakumezkoek Espainiaren aurka.
Pala motza
Garaipena hirugarren setean Esteban Gaubekak eta Imanol Ibañezek 15-10, 9-15 eta 10-8 irabazi diote Baeza eta Insausti Espainiako bikoteari, partida eder batean. Lehen setean, euskal bikoteak nahikoa izan du jokoa ez korapilatzearekin: espainiarrak beldurrez eta urduri hasi dira, eta normalean huts egiten ez dituzten pilotak galdu dituzte. Euskadik 15-10 itxi du seta, azken hiru tantoak jarraian eginda. Bigarrenean, Espainiak nabarmen hobetu du jokoa: 0-8 jarri da eta nagusi izan da. Gaubekak eta Ibañezek eutsi egin diote, Esteban oso sendo aritu da, eta aldea murriztu dute 9-14ra arte. Azken txanpan, ordea, espainiarrak nagusitu dira (9-15). Hirugarrenean, hamar tantora, euskal bikoteak berriro ezarri du erritmoa. Esteban oso ondo aritu da partida osoan, eta alboan izan duen Imanolek bere jokorik onena atera du, lehen bi setetan zalantzak izan ondoren. 2-5etik 9-5era igaro dira, zazpi tanto jarraian eginda; Espainiak 9-8ra arte estutu du, baina Gaubekak eta Ibañezek 10-8 itxi dute partida.
Xarea: une hunkigarria aita-semeen artean
Xuban Lopetegik eta Markel Mujikak galdu egin dute Hualde eta Moncada Espainiako Selekzioko bikotearen aurka, 13-15 eta 6-15. Euskal bikoteak lehen set bikaina jokatu du: 10-6 aurreratu da eta irabaztea merezi izan du, baina Espainiak hamabina berdindu du eta, zortea lagun, 13-15 itxi du seta, amaiera oso parekatuan. Bigarrenean, Lopetegi eta Mujika berriro oso ondo hasi dira (3-0), eta markagailua parekatuta joan da bosgarren tantora arte. Hortik aurrera, Hualde asmatzen hasi da, Espainiak azkar ihes egin du, eta euskal bikoteak ez du berriro jokoan sartzea lortu (6-15). Markagailuan 6-13 zela, une oso berezia bizi izan da: Espainiak Hualderen ordez Joxi Lopetegi kantxaratu du. Txalo zaparrada handi baten artean sartu da, Munduko Txapelketa batean lehen aldiz bere seme Xubanen aurka jokatzeko. Aita-semeak partidako azken bi tantoetan aritu dira elkarren aurka, ezohiko bezain hunkigarria izan den unean.
Trinkete egokitua: porrota Frantziaren aurka
Beñat Lizasok eta German Elkorok galdu egin dute Navarro eta Vianney Frantziako bikotearen aurka, 7-15 eta 9-15. Frantziak laster ihes egin du lehen setean (2-8); euskal bikoteak aldea murriztu du tanto ikusgarri batekin (4-8), baina frantziarrek 7-15 itxi dute seta. Bigarrenean, Euskadik 1-4koa irauli eta seina eta zazpina berdindu du. Frantziak, ordea, bolada erabakigarri batekin hautsi du seta (7-8tik 8-13ra), eta 9-15 itxi du. Bost garaipen zortzi partidatan eta lau final ziurtatuta, buruz buruko eta binakako esku pilotan eta gizonezkoen zein emakumezkoen binakako zesta-puntan: Euskal Pilota Selekzioak jardunaldi historikoa osatu du Munduko Txapelketan.
Jardunaldiko emaitzak
• Trinkete egokitua: Beñat Lizaso eta Germán Elkoro (Euskadi) 0 - Navarro eta Vianney (Frantzia) 2 (7-15, 9-15)
• Buruz buruko esku pilota (36 m): Gaizka Carregal (Euskadi) 2 - Hernández (Mexiko) 0 (10-4, 10-3)
• Emakumezkoen frontballa: Olatz Arrizabalaga (Euskadi) 2 - Solas (Txile) 0 (10-0, 10-1)
• Emakumezkoen binakako zesta-punta: Maite Ortiz de Mendivil eta Eneritz Lizardi (Euskadi) 0 - Erika eta Arai (Espainia) 2 (6-15, 13-15)
• Binakako esku pilota (36 m): Beñat Azketa eta Oier Elorz (Euskadi) 2 - Harguindeguy / Mendy eta Iturbe (Frantzia) 0 (10-0, 10-2)
• Gizonezkoen binakako zesta-punta: Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa (Euskadi) 2 - Libois / Laduche eta Oyhenard (Frantzia) 0 (15-6, 15-6)
• Xarea: Xuban Lopetegi eta Markel Mujika (Euskadi) 0 - Hualde / Joxi Lopetegi eta Moncada (Espainia) 2 (13-15, 6-15)
• Pala motza: Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez (Euskadi) 2 - Baeza eta Insausti (Espainia) 1 (15-10, 9-15, 10-8).