Golfa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jon Rahmek agur esan dio garaipenerako borrokari Augustako Mastersean

Barrikako golf jokalariak ez du hirugarren jardunaldian suspertzerik lortu, eta Rory McIlroyren gainbeherak final irekia utzi du Cameron Youngekin batera.

Augusta (United States), 11/04/2026.- Jon Rahm of Spain on the seventh green in Round 3 of the 2026 Masters tournament in August, Georgia, USA, 11 April 2026. (España) EFE/EPA/CHRIS TORRES
Jon Rahm. Argazkia: EITB

Jon Rahmek aukerarik gabe ekingo dio azken jardunaldiari Augustan, hirugarren egunean ibilbide irregularra (+5) egin baitzuen. 2023ko txapeldunak itxaropenez hasi zuen eguna, lehen hiru zuloetan bi birdie eginez, baina bigarren zatian berriro okertu zitzaion jarduna, eta sailkapeneko goiko postuetatik urrundu zen.

Igande honetan, Sergio Garciarekin batera jokatuko du, Garciak ere ez baitzuen erritmorik aurkitu, eta parretik gora 5 kolpeko txartelarekin amaitu zuen, 17. zuloan egindako bogey bikoitzak baldintzatuta.

Bestalde, garaipena eskuratzeko borroka erabat irekita dago. Izan ere, Rory McIlroy lider sendoak abantaila galdu zuen hirugarren jardunaldian. Ipar Irlandako jokalariak parretik gora kolpe bat behar izan zuen ibilbidea osatzeko, eta Cameron Young estatubatuar jokalariarekin berdinduta amaitu zuen (-11), Youngek eguneko txartelik onena aurkeztu baitzuen (65 kolpe).

Atzetik, Sam Burns (-10), Shane Lowry (-9), Jason Day (-8), Justin Rose (-8) eta Scottie Scheffler (-7) prest daude azken egunean garaipena eskuratzeko; emozioa ziurtatuta dago, beraz, Augustan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X