Osasunak partida ausarta jokatu du Sadarren Atletico Madrilen aurka, baina ezin izan du punturik batu (0-2)
Osasunak 0-2 galdu du ostegun gauean, Sadarren, Atletico Madrilen aurka, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldian. Antoine Griezmannek eta Rodrigo Riquelmek sartu dituzte Atletico Madrilen golak, 20. eta 81. minutuetan hurrenez hurren, eta partida Martinez Munuera epaileak hartutako erabaki polemiko eta eztabaidagarri batek ere markatu du; hain zuzen ere, 77. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du David Garciak sartutako gol bat. Neurketa amaituta, Osasunak sailkapenean zazpi puntu dituela jarraitzen du, eta hamalaugarren postuan dabil.
Osasuna-Atletico Madril partidaren laburpena (0-2)
Tentsio handiko neurketa izan da. Osasunak oso ondo jokatu du bigarren zatian; Jesus Areso sendo aritu da, eta arriskua sortu du, etengabe; Aimar Orozek, Chimy Avilak eta Ante Budimirrek, erasoan, maila ederra eman dute, aurrealdean. Martinez Munuerak David Garciaren gola baliorik gabe utzi du, eta horrek erabat baldintzatu egin du azken emaitza; jokaldiak zalantza handiak sortzen ditu, ez dago batere argi epaileak asmatu duenik. Hori gutxi balitz bezala, Jagoba Arrasate eta Chimy Avila kanporatu dituzte, eta, hortaz, zigorra jasoko dute hurrengo jardunaldietarako.
Kontuan izanik igandean biek ala biek Ligako beste partida bat jokatu beharko dutela, ikusmina zegoen jakiteko ea entrenatzaileek aldaketa askorik sartuko lituzketen hasierako hamaiketan; azken finean, Jagoba Arrasatek Catena eta David Garcia jarri ditu erdian atzealdean, Areso eskuinean, eta Juan Cruz beste hegalean; Pablo Ibañezek izan du lekua zelai erdian. Simeonek, bere aldetik, Axel Witsel jarri du titular, lesionatuta zebilen Savic ordezkatzeko, atzean.
Griezmannek aurretik jarri du Atletico Madril
Osasuna eta Atletico Madril indarrez beteta irten dira berdegunera, eta neurketako hasieran bizi-bizi aritu dira protagonistak, alegia, jokalariak. Moratak izan du aurreneko gol aukera, baina aurrelariak eskuinez egindako jaurtiketa desbideratuta atera da, eta jarraian, 13. minutuan, Ante Budimirrek errematea egiteko moduko bi jokaldi izan ditu, aurrena ezkerrez eta bigarrena buruz. 18. minutuan, Lucas Torrok, ezkerkada batekin, gertu izan du lehenengo gola.
Antoine Griezmannek egin du, baina, 20. minutuan. Jokaldia ezkerretik egin du Atletico Madrilek; Linok area txikira erdiratu du, itxita, Aitor Fernandezek ezin izan du ondoegi aldendu, agian Morataren errematearen zain baitzegoen, eta Griezmannek, trebe, baloia jaso du. Frantziarrak, angelu handirik gabe, ezkerrez, jaurti du, eta 0-1ekoa sartu.
Osasunari mina eragin dio golak, eta hurrengo minutuetan ezin izan du aurrera jo, baina Jagoba Arrasateren gizonak berehala suspertu egin dira, eta Atletico Madril atzean sartu dute. Mojicak, jokaldi trebea eginez, indartsu, ezkerkada bortitza jaurti du Oblaken eskuineko zutoinera; lehen zatiko luzapenean, talde gorritxoaren erasoko futbolarien jokaldi polit batean, Aimar Oroz oso gutxigatik ez da geratu bakarka bisitarien atezainaren aurrean. Nafarroako taldea ondo ari zen baloia mugitzen, eta aurkariaren atzealdeko zuloaren bila zebilen; Atletico Madril, baina, sendo zegoen, ondo kokatuta. Hala, aurreneko zatiaren amaieran, Griezmannek lortutako golak zuen zehaztuta behin-behineko emaitza, 0-1ekoa.
Osasuna, ikusgarri bigarren zatian
Jesus Aresok eta Aimar Orozek eskuinaldetik sortutako jokaldi bikain baten ondorioz, Chimy Avila bakarka gelditu da area ertzean; argentinarraren jaurtiketa banakoaren gola izatetik oso gertu izan da. Hortik aurrera, Osasunak erasoari ekin dio bigarren zatian; Jagoba Arrasateren gizonek erritmo are handiagoa sartu diote jokoari, eta biziki estutu dute Atletico Madril.
Simeone ez zegoen batere pozik ikusitakoarekin, eta Cesar Azpilicueta zelairatu du; Zizur Nagusiko atzelariari txalo zaparrada eman diote zaleek. Jagoba Arrasatek, berriz, Iker Muñoz eta Cesar Azpilicueta baliatu ditu, partidako bizitasuna are gehiago handitze aldera. Giroa ederra zen futbol zelaian, eta Sadar hamabigarren jokalaria zen. Osasunak gola merezi zuen. Chimy Avilak berriz ere, Lucas Torrok area txikian 66. minutuan, David Garciak handik segundo batzuetara… Atletico Madril ezin zen gorritxoen zelairantz atera, Osasunak ez baitzion hori egiten uzten.
David Garciak gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du
Orduan, 77. minutuan, partidako jokaldi gakoetako bat jazo da. Ezkerretik ateratako korner batean, David Garcia ezin hobeto aurreratu da, burukada ona egin eta baloia sareetara bidali du; Osasuna pozarren ari zen berdinketa ospatzen, baina Martinez Munuera epaileak baliorik gabe utzi du. Epaile valentziarraren erabakiaren benetako argudioa jakin gabe, egia esan ez da erraza zehaztea zergatik hartu duen hori; Witsel Atletico Madrileko atzelaria lurrera joan da, Budimir eta Oroz ere tartean zeudela, azken hori ere bultzatu dute (Gimenezek eman dio bultzada). Inpresioa da area barruko lehia izan dela, borroka arrunt bat, besterik ez. Jagoba Arrasate kanporatu dute, protesta egiteagatik, jarraian.
Urduritasuna hedatu da, asko gainera, jokaldi horren ostean, eta Atletico Madrilek hori baliatu du; kontraeraso azkar batean, Rodrigo Riquelmek, trebetasun handiz, Aitor gainditu eta, atea hutsik, 0-2koa sartu du.
Maldan gora zuen Osasunak, orduan, partida; halaber, handik gutxira, epaileak Chimy Avila kanporatu du. Jokalari gorritxoak Moratarekin izan du eztabaida, bi aldiz; azken horri ere atera dizkiote bi txartel hori.
Osasunak golaren bila jarraitu du, baina oztopo gehiegi topatu ditu. Luzapenean, Aitorrek geldiketa bikaina egin dio Azpilicuetari, buruz buruko jokaldi batean. Sadarreko zaleek gogotsu txalotu dituzte euren jokalariak, amaieran; izan ere, partida ona egin dute azken horiek, eta ahalegin handia egin dute, zailtasunak zailtasun.
Fitxa teknikoa
0 – Osasuna: Aitor Fernandez; Areso, Catena, David Garcia, Juan Cruz, Mojica (Barja, 79. min); Aimar (Ruben Garcia, 90. min), Torro (Iker Muñoz, 66. min), Pablo Ibañez (Moncayola, 66. min); Budimir (Raul Garcia, 79. min), Chimy Avila.
2 – Atletico Madril: Oblak; Molina (Azpilicueta, 61. min), Witsel, Gimenez, Hermoso, Lino (Riquelme, 81. min); Llorente (Riquelme, 66. min), Koke, Saul; Griezmann eta Morata.
Goles: Griezmann 0-1 (20. min), Riquelme 0-2 (81. min)
Epailea: Juan Martínez Munuera (Valentziako Batzordea). Honako jokalari hauei atera die txartel horia: Osasunako Catenari, Orozi eta Aitorri, eta Atletico Madrileko Linori. Kanporatu egin ditu, txartel gorria aterata, Jagoba Arrasate, 78. minutuan, eta Chimy Avila, 85.ean; Morata ere kanporatu du, bi txartel hori ikusita.
Gertakizunak: EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partida. 20.192 zale izan dira Sadarren.
Zure interesekoa izan daiteke
Moncayola: "Gaur erakutsi dugu taldea ondo dagoela, liderren aurka garaipen borobila lortuta"
Jon Moncayola Osasunako jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partidan Real Madril 2-1 garaitu ostean.
Raul Garciak azken minutuetan sartutako gol bikainak garaipena eman dio Osasunari Real Madrilen aurka (2-1)
Lehenengo gola Budimirrek egin du lehen zatian, penaltiz. Bigarrenezn, Viniciusek banakoa egin du 73. minutuan, eta, luzapenean, Raul Garciak garaipena eman die nafarrei.
Lisci: "Real Madrilen aurkako partidetan Sadarreko giroa ikaragarria izaten dela esan didate"
Real Madrilen aurkako neurketa jokatu aurreko prentsaurrekoan esan duenez, Osasunako entrenatzaileak badaki Madrilgo taldearen aurkako partidetan Sadarren giro "ikaragarria" izaten dela.
Alessio Lisci: "Talde batek irabaztekotan, Elxek irabazi behar zuen"
Osasunako entrenatzaileak Elxen aurkako berdinketaz (0-0) hitz egin du EA Sports Ligako 24. jardunaldian. (Adierazpenak gazteleraz)
Sergio Herrera harresi bilakatu da Osasunari puntu bat emateko Elxen aurka (0-0)
Elxek hainbat aukera izan ditu gola sartu eta aurretik jartzeko, baina atezain gorritxoak partida bikaina burutu du aukera bakoitza zapuzteko.
Alessio Lisci: "Ondo gaude eta edozertarako gai garela uste dugu"
Alessio Lisci Osasunako entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du ostiral honetan gorritxoek Elxen aurka jokatuko duten partida aztertzeko.
Lisci: "Pozik gaude, baina berdinketa emaitzarik justuena zela uste dut"
Osasunako entrenatzaileak Celtaren aurka lortutako garaipenaz (1-2) hitz egin du Balaidosen jokatutako EA Sports Ligako 23. jardunaldian.
Osasunak hiru puntu eskuratu ditu Balaidosen euripean (1-2)
Euri zaparradek markatutako partidan, Budimirrek aurreratu ditu gorritxoak, baina Borja Iglesiasek berdinketa jarri du penaltiz. Raul Garcia de Harok sartu du garaipenaren gola.
Alessio Lisci: "Konfiantza handiz joan behar dugu"
Alessio Lisci Osasunako entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du ostiral honetan Celtaren aurka jokatuko duten LaLigako partida aztertzeko.
Osasunak Sheraldo Beckerrek Mainz 05era joateko lagapena itxi du, derrigorrez erosteko aukerarekin
Futbolariak Bundesligan jarraituko du denboraldi honetan, bi kluben artean itxita geratu den operazio baten ostean.