Terzic alemaniarra, Athleticeko entrenatzaile izatetik oso gertu
Hainbat hedabidek baieztatu dute Borussia Dortmundeko entrenatzaile ohia aukeratu duela Jon Uriarteren zuzendaritzak Ernesto Valverde ordezkatzeko, datorren denboralditik aurrera.
Edin Terzic izango da Ernesto Valverderen ordezkoa Athleticen aulkian. Hala baieztatu dute hainbat hedabidek azken orduetan, eta badirudi alemaniarrak akordioa lortu duela Jon Uriarte buru duen zuzendaritza batzordearekin.
Bere izena Andoni Iraolaren itzalean entzuten zen, baina Bounemoutheko egungo teknikariaren aukerak indarra galdu du.
Terzic (aita bosniarra eta ama kroaziarra ditu) ez da ezezaguna. 2022-23 denboraldian Bundesligako txapeldunordea izan zen Borussia Dortmundekin, eta txapeldun izateko aukerei eutsi zien azken jardunaldira arte.
2020-21 denboraldian Kopa erdietsi zuen, eta Txapeldunen Ligako finala galdu zuen Real Madrilen aurka 2024an.
Terzicek bere erabakiz utzi zuen Borussia 2024ko ekainaren 13an.
Erasoan eta aurkariaren zelaian jokatzea gustuko duen entrenatzailea da.