IRAGARPEN OFIZIALA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Valverdek Athletic utziko du denboraldi honen amaieran

Entrenatzaileak 10 denboraldi eman ditu talde zuri-gorrian, hiru etapan banatuta. 

Athletic
Ernesto Valverde. Argazkia: EITB

Ernesto Valverdek ostiral honetan jakinarazi duenez, datorren denboraldian ez du Athletic entrenatzen jarraituko. Erabaki hori klubarekin adostuta eta "aspalditik" onduta dago, eta ikasturtearen azken txanpan sartu aurretik jakinaraztea erabaki du.

"Kaixo guztioi. Agerraldi hau datorren denboraldian Athleticeko entrenatzailea ez naizela izango iragartzeko da. Denborarekin hartutako erabakia da, klubarekin ere hitz eginda dago eta zuekin partekatu nahi nuen", azaldu du Txingurrik klubeko kanal ofizialetan argitaratutako bideo batean.

Valverderen hitzetan, orain ligako hamar partida "garrantzitsu" geratzen dira, Betisen aurka igande honetako partidatik hasita. "Hamar partidatan gure helburuak lortu nahi ditugu, irabazteko asko dugu, dena emango dugu eta, zalantzarik gabe, denok batera bagaude, lor dezakegu", esan du.

Athletic Cluben historian lehoiak gehien zuzendu dituen entrenatzailea izanik utziko du Ibaiganeko kluba Ernesto Valverdek. Izan ere, 495. partida zuzenduko du igande honetan Real Betisen aurka. Horrenbestez, 500 partida baino gehiago emango ditu zuri-gorrien aulkian denboraldi amaierarako.

10. urtea da Athletic entrenatzen, hiru etapatan banatuta (2003 eta 2005, 2013 eta 2017 eta 2022 eta 2026. urte bitartean), eta kirol arrakastaz beteriko ibilbidea izan du. Bi titulu nabarmendu behar dira: 2015-2016 denboraldiko Superkopa eta 2023-2024 denboraldiko Kopa.  

Agurra "denboraldi amaieran" izango da

Entrenatzaile gisa egindako ibilbide bikainari bere jokalari aroa gehitu behar zaio, 6 denboralditan (1990 eta 1996 artean) 188 partida jokatu eta 50 gol sartu baitzituen.

Valverdek datorren denboraldian jarraituko ez duela zabaldu ostean klub zuri-gorriak adierazi duenez, "Athletic Cluben kondaira bizia" den honen agurra "aurrerago" egingo da, "denboraldiaren amaieran".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X