Kopako finala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Athletic Hiria berriz aldatu dute tokiz: Torre Sevilla merkataritza gunetik hurbil dagoen orubean egongo da

Orain arte iragarritako bi kokapenen eremu berean dago, Magallanes parketik eta Andaluziako Arte Garaikideko Zentrotik gertu. Andaluziako Gobernuak eskatu du aldaketa, eta Athletic “haserre” agertu da, "ustekabeko aldaketa hori dela eta".
Athleticeko hainbat zale, 2012an, Madrilen izandako Athletic Hirian. Argazkia: EFE.
Athleticeko hainbat zale, 2012an, Madrilen izandako Athletic Hirian. Argazkia: EFE.

Athletic Hiria, Athletic-Mallorca Errege Kopako finala dela eta Sevillan egongo diren Athleticeko zaleak bilduko dituen gunea (finala apirilaren 6an jokatuko dute, 22:00etan), bigarrenez aldatu dute lekuz, ostiralean, eta Torre Sevilla merkataritza gunetik hurbil dagoen orubean egongo da, Banderetako Orubean. Bilboko klubak adierazi duenez, toki hori orain arte iragarritako bi kokapenak dauden eremu berean dago, Magallanes parketik eta Andaluziako Arte Garaikideko Zentrotik gertu. Andaluziako Gobernuak eskatu du aldaketa, eta Athletic "haserre" agertu da, "ustekabeko aldaketa hori dela eta".

Testuinguru horretan, Athleticen arabera, Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi dio "bertan behera" utzi duela Athleticeko zaleentzako gunea Andaluziako Arte Garaikideko Zentroan kokatzeko lortutako akordioa, eta, hortaz, Athletic Hiria beste toki batean kokatuko dutela. Euskal klubak azaldu duenez, "Athletic Hiria Andaluziako Arte Garaikideko Zentroan kokatzeko akordioa hasierako kokalekuak Athleticen zaleek behar zuten gune seguru bat izateko baldintzak ez zituelako betetzen hartu zen" aurreko astean, "eta hala ondorioztatu zuten Polizia Zuzendaritza Nagusiak, Andaluziako Juntak eta Espainiako Federazioak". Magallanes Parkea "espazio txikiegia zen Sevillan Athleticen inguruan bilduko den jendetza hartzeko, eta, gainera, bertan zeuden zuhaitzek partida pantaila erraldoien bidez ikustea eragozten zuten, sarrerarik gabe bidaiatuko duten milaka zaleentzat", gehitu du Athleticek.

Athletic Hiriaren behin betiko kokapena, Banderetako Orubea, "Torre Sevilla merkataritza gunetik oso hurbil dago, Expo 92 eta Carlos III etorbideen artean, aurreko bi kokalekuen ia eremu berean. Orube horrek Andaluziako Arte Garaikideko Zentroaren antzeko baldintzak betetzen ditu", esan du Bizkaiko klubak.

Zuzenketa hori "ezustea" izan da Athleticentzat, klubak "astebete baino gehiago baitzeraman konfirmatutako kokalekuan lanean". Dena dela, "zaleei zerbitzu onenak eta Kopako finalerako ekitaldi programa erakargarri bat eskainiko zaizkie", Athleticen hitzetan. Egoera honetan, Athletic "haserre agertu da, ustekabeko aldaketa hori dela eta".

Azkenik, Athleticek bere zale guztiei jakinarazi dienez, "dagoeneko, lanean ari da, leku berri honetan, Athletic Hiria ahalik eta gunerik onena izan dadin". "Guztion artean festa zuri-gorri handia biziko dugu!", nabarmendu du Athleticek.

Zure interesekoa izan daiteke

Robert Navarro Atalantaren aurka (aurredenboraldia)
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Athleticek porrot batekin itxi du denboraldiaurrea Atalantaren aurka

Athletic Clubek 1-0 galdu du Bergamon, talde zuri-gorriak 2026-27 denboraldia ofizialki hasi aurretik Sevillaren aurka Bilbon jokatu duen zortzi partiduen azken prestaketa partidan. Nicola Zalewski internazional poloniarrak bigarren zatia hasi eta berehala sartutako golari esker irabazi du partida Italiako taldeak, Athleticek ezin izan du aurreko denboraldiko Txapeldunen Ligan lortutako garaipena errepikatu.

Edin Terzic (Athletic)
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Edin Terzic: “Zaleen zirrara eta babesa antzematen ditut, klubarekiko duten lotura; lanerako jarrera oso ona da”

Athleticek abuztuaren 22an ekingo dio lehiari 2026-2027 denboraldian, EA Sports Ligan, San Mamesen, Sevilla aurkari; horretarako bederatzi egun gelditzen direla, EITBk Edin Terzic zuri-gorrien entrenatzaile berria elkarrizketatu du. “Guk, Ligako beste hainbat taldek bezala, Europan jokatzea dugu helburu”, adierazi du, “eta hitzeman ahal dut gogor lan egingo dugula horretarako”.

Julen Agirrezabala (Athletic)
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Julen Agirrezabala, Racing Santanderrera

Athleticek diru kopuru bat jasoko du 25 urteko atezainaren fitxaketarengatik, eta aldagai ekonomikoak gordeko ditu helburuen, etorkizuneko salmentaren ehunekoaren eta lehentasunez erosteko eskubidearen arabera. Agirrezabalak, 25 urtekoa bera, 65 partida ofizial jokatu ditu Athleticekin, tartean 2023-2024 denboraldiko Errege Kopako guztiak; orduan, euskal taldeak titulua irabazi zuen, eta errenteriarra giltzarria izan zen horretarako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X