Athleticek Bartzelona kanporatu du (4-2), luzapenean, San Mamesen jokatutako partida ikusgarrian
Athleticek 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerdietarako sailkatzea lortu du, asteazkenean, final laurdenetan Bartzelona 4-2 menderatuta, San Mamesen jokatutako kanporaketan. Gorka Guruzetak, Oihan Sancetek eta, luzapenean, Iñaki Williamsek eta Nico Williamsek sartu dituzte Ernesto Valverderen taldeari garaipena eman dioten golak. Neurketa ikusgarria izan da, emozioz eta indarrez beteta, eta San Mamesen giro bikaina izan da, norgehiagoka osoan zehar.
Adu Ares izan da nobedaderik handiena Athleticeko hamaikakoan; bilbotarra aurrealdeko eskuin hegalean irten da, Alex Berenguer deialditik at geratu baita, arazo fisikoengatik, Iñigo Ruiz de Galarretarekin ere jazo den bezala. Iñaki Williams aulkian hasi da. Zelai erdian, Ernesto Valverdek Beñat Prados eta Mikel Vesga zelairatu ditu.
San Mamesen giro izugarria zegoela, Athleticek ezin hobeto ekin dio norgehiagokari. Aurreneko jokaldian, talde zuri-gorriak Bartzelonaren arean jarri du baloia, eta, errebote pare baten ostean, Guruzetari ailegatu zaio; donostiarrak indarrez jaurti du, eta sareetara bidali. 40. segundoan sartu du 1-0ekoa aurrelari gipuzkoarrak.
Bosgarren minutuan, Adu Ares oso ondo sartu da eskuinaldetik, erdiratu eta Guruzetak gutxigatik errematatu du desbideratuta. Athletic sendo zebilen, ondo ari zen defendatzen, berdegunean txukun kokatuta; aurkaria, dena den, baloia mugitzen eta zelai erdia kontrolatzen hasi da. Xaviren taldeak ez du ia arriskurik sortu lehenengo 20 hogei minutuetan, baina inpresioa zen hobera egiten ari zela, hasieran estutasun handia izanda.
26. minutuan, Lewandowskik banakoa egin du. Athleticek ez du asmatu jokaldi horretan, atzealdean. Zuri-gorriek ezin izan dute aldendu, eta, azkenean, Yuri ahalegindu da baloia areatik ateratzen; aldentzeak, baina, Lewandowskiren ezkerreko oinean jo du, eta zuzen-zuzenean barrura joan da.
Sei minuturen buruan, Lamine Yamalek 1-2koa sartu du, jokaldi eder batean. Bartzelonako jokalari gaztea oso ondo iritsi da area ertzera, eta ezkerkada bikain batez egin du gola. Julen Agirrezabalak ezin izan du ezertxo ere egin bigarren gol hori saihesteko.
Atsedenaldira bitartean, Athleticek aurrera egin du, eta kanpokoen areara gerturatu da. 43. minutuan, korner baten ondorioz, Oihan Sancetek ondo jaurti du, eta Iñaki Peñak geldiketa bikaina egin dio. Ia jarraian, Vesgak izan du aukera ona berdintzeko, baina Bartzelonak izan du azken abagunea; 48. minutuan, Ferran Torresek eskuinkada polita bota du, eta Agirrezabalak ezin hobeto erantzun du.
Bigarren zatia guztiz polita izan da. Bi taldeek jokatu dute maila oso onean, erritmo bizi-bizia erakutsita. Nabarmentzeko modukoa izan da Athleticek, lehen zatian bezala, zein ondo sartu den partidara. Laugarren minutuan, Nico Williamsek, ezker hegaletik, erdiraketa oso ona egin du, eta Sancetek, buruz, gertutik, binakoa sartu du. Handik aurrera, Ernesto Valverderen taldeak indar handia izan du, bai eta joko polita ere.
66. minutuan, Nico bikain mugitu da area barruan, eta haren eskuinkada ederra oso gutxigatik joan da kanpora. Bilboko taldeak presio handia egin du, eta asko estutu du Bartzelona. Bisitariek, ordea, bi gol aukera izan dituzte bigarren zati horretan; Lamine Yamalek ez du asmatu, ez 65. minutuan ezta 86. minutuan ere. Norgehiagoka, hala, luzapenera joan da.
Tarte gehigarri horretan, Athleticek, berriro ere, asmoa izan du estutu eta aurrera egiteko. Nico Williamsek eta Ander Herrerak erremate onak izan dituzte, luzapeneko lehenengo zatian. Atsedenaldira iritsi baino lehenago, ordea, zuri-gorriek hirugarren gola egin dute; Mikel Jauregizarrek baloia lapurtu du, Asier Villalibreri eman dio, horrek eskuinera zabaldu, eta Iñaki Williamsi heldu zaio; bilbotarrak, aurreneko errematean, zutoinera bota du, baina errebotea jaso eta barrura jaurti.
Kanporaketako azken minutuetan, Bizkaiko taldeak estutzen jarraitu du, ez du inolako atzerako pausorik eman, eta, horren ondorioz, azken gol baten saria ere jaso du. Nico Williamsek biribildu du emaitza, eskuinez egindako jaurtiketa polit baten bidez. Laugarren gola zoramena eragin du San Mamesen, Athletic finalaurrekoan baitago, bosgarren urtez jarraian.
Fitxa teknikoa
4 - Athletic: Agirrezabala; Lekue (De Marcos, 90. min), Vivian, Paredes, Yuri; Prados (Herrera, 90. min), Vesga (Unai Gomez, 46. min; Jauregizar, 105. min); Adu Ares (Iñaki Williams, 59. min), Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta (Villalibre, 73. min).
2 - Bartzelona: Iñaki Peña; Kounde, Araujo, Christensen (Cubarsi, 70. min), Balde (Hector Fort, 23. min); De Jong, Pedri (Sergi Roberto, 99. min), Gundogan; Lamine Yamal (Marc Guiu, 106. min), Lewandowski (Joao Felix, 77. min), Ferran Torres.
Golak: 1-0, 1. min: Guruzeta. 1-1, 26. min: Lewandowski. 1-2, 31. min: Yamal. 2-2, 49. min: Sancet. 3-2, 106. min: Iñaki Williams. 4-2, 121. min: Nico Williams.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtzia). Athleticeko Sancet, Prados eta Nico eta Bartzelonako Christensen, Xavi Hernandez, Ferran, Fort, Yamal, De Jong eta Sergi Roberto zigortu ditu, txartel horia erakutsitz.
Gertakizunak: Errege Kopako final laurdenetako kanporaketako partida. 50.953 zale izan dira San Mamesen.
Zure interesekoa izan daiteke
Maroan: “Hurrengo partidetan dena emango dugu”
Maroan Sannadi Athleticeko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Getaferen aurka 2-0 galdu ondoren.
Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka, eta Europako postuetatik urrundu da (2-0)
Zirkulazioan argitasunik gabe eta azken metroetan asmatu gabe, zuri-gorriek ia ez dute aurkariaren atea urduritu, eta amore eman dute Getaferen aurrean.
Athleticek azken hatsean irabazi dio Levanteri (0-1)
Athleticek asko kostata irabazi dio Levanteri, F Moeve Ligako azken sailkatuari, hain justu ere. Partida oso parekatua izan da. Talde zuri-gorriak, baina, ez du amore eman, eta Ane Camposek 92. minutuan sartu du garaipenaren gola.
Valverde: “Nico Williams oso ondo dago, minik gabe eta jokatzeko aukerekin"
Nico Williamsen itzulera da nobedade nagusietako bat Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak Getaferen aurka igande honetan jokatuko duen partidarako deitutako 24 futbolarien zerrendan.
Clara Pinedo Athleticeko jokalaria, berritasun nagusia Espainiako selekzioaren deialdian
Irene Paredes legazpiarra berriro sartu da zerrendan, eta Adriana Nanclares Athleticeko atezaina eta Aiara Agirrezabala Realeko atzelaria ere ageri dira bertan.
Yerayk jokatzeko baimena du, hamar hilabeteko zigorra beteta
Athleticeko erdiko atzelariak positibo eman zuen, 2025eko maiatzean, doping-kontrol batean. Otsailaren 2an hasi zen Lezaman entrenatzen, eta orain, Ernesto Valverdek hala erabakiz gero, baimena du berdegunera bueltatzeko.
Jon Uriartek bi egunetan lortu ditu Athleticeko presidentetzarako bere hautagaitza balioztatzeko gutxieneko 2.070 abalak
Momentuz, talde bilbotarraren hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri duen bazkide bakarra da; hauteskundeak maiatzaren 8rako deituta daude.
Jon Uriartek bere hautagaitza ofizial egin du: “Athletic askoz handiagoa egitera gatoz"
Bilboko taldearen bulegoetan aurkeztutako hautagaitzak oraingoz beste zortzi kide ditu: Jon Salinas, Xabi Alvarez, Ibon Naberan, Nacho Uriguen, Roque Echaniz, Jon Ruigomez, Laura Ruiz de Azua eta Josetxu Urrutia.
Athleticek ezin izan du Atletico menderatu, nahiz eta koltxoneroak bat gutxiago izan (1-2)
Athleticek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu dute F Moeve Ligako 24. Jardunaldiko partida. Atletico jokalari bat gutxiagorekin geratu da 35. minutuan eta Nerea Nevadok gola sartu du ia jarraian. Hala ere, Penalvo eta Oterminen golek garaipena eman diete Atleticori.
Athleticeko Kudeaketa Batzordeak ofizialki deitu ditu hauteskundeak maiatzaren 8rako
Hautagaitzak "formalki eta osorik" aurkezteko epea apirilaren 9an hasi eta hilaren 18an amaituko da.