Mikel Balenziagak ez du Athleticen jarraituko denboraldi amaieran
Mikel Balenziagak ez du Athleticen jarraituko denboraldi amaieran. Zumarragako atzelariak, 35 urtekoa bera, 321 partida jokatu ditu Athleticen orain arte, 2008an Realetik Bilbora iritsi zenetik. Balenziagak ostegun honetan eman du jakitera, San Mamesen, Liga bukatutakoan ez duela jarraituko talde zuri-gorrian, kontratua ez baitu berrituko. Hala ere, beste talde batean futbolari gisa jarraitzeko asmoa du.
Prentsaurreko hunkigarria eman du Balenziagak San Mamesen. Taldekide guztiak izan dira bertan, eta gipuzkoarra Jon Uriarte presidentearekin sartu da prentsa aretora. Balenziagak argi utzi du Athleticen ez jarraitzeko erabakia klubak eta berak adostu dutela, ikusita azken hilabeteotan jokatzeko aukera oso gutxi izan dituela. Athleticeko presidenteak nabarmendu du atzelariak Bilboko klubaren balio guztiak batzen dituela, eta elastiko berezia oparitu dio, Athleticen partez.
Jokalariak zehaztu duenez, "indarra" du datorren denboralditik aurrera beste talde batean jarraitzeko bere kirol ibilbidea. Dena dela, zenbait aldiz azpimarratu du epe laburrean duen motibazioa dela laguntzea, Ligan geratzen diren bederatzi partidetan, Athleticek 2023-24 denboraldian Europako txapelketa batean joka dezan.
Balenziagaren hitzetan, oso harro dago Athleticen egin duen ibilbideaz, eta hainbat une ahaztezin aipatu ditu; tartean, irabazi dituen bi Superkopak, edo 2014an Napoliren aurka jokatutako Txapeldunen Ligako kanporaketa (Athleticek Italiako taldea menderatu zuen, eta multzo fasean sartzea lortu zuen). Hala ere, komunikabideei erantzunez, onartu du asko gustatuko zitzaiola Kopako txapelduna izatea. "Zorionez, urte asko ditut aurretik ikusteko Athleticek nola lortzen duen Kopako txapeldun izan", erantsi du.
Atzelari gipuzkoarra pozik azaldu da aukera izan duelako, klubean, beste taldekide gazteago batzuei berak beste jokalari eta futbolari ohi batzuengandik jasotako Athleticen balioak; besteak beste, Jose Angel Iribar, Josu Urrutia eta Carlos Gurpegui, nabarmendu ditu. Halaber, eskerrak eman dizkie talde zuri-gorrian izan dituen presidente eta entrenatzaile guztiei, eta egun duen entrenatzailea, alegia, Ernesto Valverde, izan du hizpide; izan ere, Valverdek, Balenziagaren iritziz, entrenatzaile bikaina izateaz gain, ondo baino hobeto daki Athleticeko balioak gainerakoen esku jartzen.
"Eguneroko lana da", horren esanetan, "Lezaman eta San Mamesen izandako ibilbide luzean gehien bete nauena". Balenziagak, gainera, hitz oso politak izan ditu bere taldekideentzat, eta Athletic Europako txapelketaren baterako sailkatuta utzi nahi duela esan du.
Realean 2007-08 denboraldia eman ostean (Sanserekin ibili zen orduan), Athleticek 2008-09 denboraldia hasi eta berehala fitxatu zuen, eta 2008ko irailaren 14an egin zuen debuta, Joaquin Caparros Bilboko taldearen entrenatzaile zebilela; hain zuzen ere, Malagako Rosaleda futbol zelaian irten zen estreinakoz elastiko zuri-gorria jantzita (egun horretan bertan, Ander Iturraspek ere jokatu zuen lehen aldiz Athleticeko lehen taldean; Iturraspek 2019an utzi zuen Athletic, 320 neurketa jokatu ondoren, alegia, Balenziagak egun dituenak baino partida bat gutxiago jokatu zuen bizkaitarrak). Bilboko taldean izan da ordutik zumarragarra; hori bai, 2009-10 denboraldian Numantzian ibili zen, utzita, eta 2011-12 eta 2012-13 denboraldietan, aldiz, Valladoliden, han ere, utzita. 2013an bueltatu zen behin betiko Bilbora, Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaile zegoela.
12 denboralditan izan da Athleticeko jokalaria, eta bi titulu lortu ditu, 2015ean eta 2021ean Superkopa irabazi baitzuen. Horrez gain, 2009an, 2015ean, 2020an eta 2021ean Kopako txapeldunorde izan zen, eta 2002an, Superkopako txapeldunorde. 2014-15 denboraldian, Txapeldunen Ligako zortzi partida jokatu zituen, Athleticekin, eta, guztira, 28 aldiz zelairatu da Europa Ligan.
Egun, Athleticeko historian partida gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan, Balenziaga 42. postuan dago, 321 neurketa dituela. Baliteke Bittor Alkiza gainditzea sailkapen horretan, donostiarrak 328 norgehiagoka jokatu baitzituen talde zuri-gorrian, eta Raul Garciarekin berdindu lezake (nafarrak 330 daramatza). 2022-23 denboraldian, baina, oso gutxitan zelairatu da Balenziaga, lau partidatan baino ez baita aritu: Ligako hirutan eta Kopako batean.
Bere ibilbidean, bi gol sartu ditu, biak San Mamesen, 2016-17 denboraldian: bata, Ligan, Sevillaren aurka; eta bestea, Europa Ligan, APOELen kontrako partidan.
Zure interesekoa izan daiteke
Valverde: "Aukera ona da guretzat, aste honetako etsipena gorabehera"
Athleticeko entrenatzaileak EA Sports Ligako 27. jardunaldian Bartzelonaren aurka jokatuko duten partidari buruz hitz egin du. Zailtasunak zailtasun, norgehiagoka aldartea hobetzeko aukera bezala ikusten du. (Adierazpenak gaztelaniaz)
Valverde: "Kanporaketa irauli ahal izateko aukera gehiago sortzea falta izan zaigu"
Athleticeko entrenatzaileak onartu egin du Reala "defentsan sendo" aritu dela eta bere jokalariei "presioa gainditzea kosta" izan zaiela. Prestatzaile zuri-gorriaren ustez, "ez da finalerdia erabaki epaileak adierazitako penaltiagatik".
Padilla: "Dena eman dugu eta burua altxatzea bakarrik geratzen da"
Athleticeko atezainak Realaren aurka galdutako Errege Kopako itzuliko finalerdiaz hitz egin du.
Valverde: "Gure asmoa argia da, garaipena bilatzera goaz"
"Talde bakoitzak bere baliabideak ditu, estilo desberdinak ditugu", adierazi du Athleticen entrenatzaileak; Valverdek talde zuri-gorriak Realaren aurka asteazkenean jokatuko duen Errege Kopako partida izan du hizpide.
'Dos Hermanas Oscar de Marcos' Athleticen peñak beste final bat bizi nahi du Sevillan
Sevillako peñak 73 bazkide ditu eta erdiak, gutxi gorabehera, ez du inolako loturarik Euskal Herriarekin. Badakite finalerako sailkatzea zail dagoela, baina ez dute fedea galtzen. Sevillan jokatutako aurreko finaletan kaleak animatu zituzten euren txarangarekin, eta gabarra bat ere atera zuten Guadalquivirren.
Itxaso Uriarte, futbola utzita: "Nostalgia badaukat; nire kasuan, lana beti bertan egon da"
Uriartek ibilbide luzea eta bikaina burutu du goreneko mailan, Realean eta Athleticen. Berdegunean egindako lanaz gain, aldagelan ere izan da erreferentea, taldekide gazteagoentzat.
Julen Agirrezabalak min hartu du meniskoan
Errenteriako atezainak ez du jokatzen joan den urtarrilean giharretan min hartu zuenetik, baina beste gorabehera fisiko bat izan du orain, eta litekeena da denboraldi honetan gehiago ez jokatzea.
Jauregizar: "Partida oso zaila izango da, baina aurrera egiteko aukerak ikusten ditut"
Oviedon "susto handia" hartu zuela onartu du erdilari zuri-gorriak, baina adierazi du belauneko lesioa dagoeneko sendatu duela. Asteazken honetan Anoetan jokatuko den Kopako derbiari dagokionez, Bermeoko erdilariak uste du "guztia" utzi behar dutela zelaian. "Gogoz eta intentsitatez berdeguneratu behar gara, euren bila lehen minututik", erantsi du.
Williams: "Pena da lehen kolpea jaso beharra gure mailarik onena ateratzeko"
Iñaki Williams Athleticeko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 26. jardunaldian Rayo Vallecanoren aurka 1-1 berdindu ondoren.
Unai Simonek bizirik mantendu du Athletic Vallecasen (1-1)
Ligan bosgarren partida jarraian puntuak gehitu ditu Athleticek. Valverderen taldeak puntu bat berreskuratu du Vallecasen, Iñaki Williamsen gol ikusgarri bati eta Unai Simonen geldiketa erabakigarriei esker, Jorge de Frutosen gol batek etxeko taldea aurretik jarri eta gero.