Orio eta Arraun Lagunak, Euskadiko txapeldun
Gorka Aranberriren mutilek ez dute hutsik egin eta aurreikuspenak bete dituzte igande honetan Getarian, gizonezkoen estropadan. Arraun Lagunakek gauza bera egin du emakumezkoen lehiaketan.
Orioko eta Arraun Lagunakeko tripulazioek Getariako uretan ospatu dute bere garaipena. Argazkiak: EITB Kirolak.
Oriok ez du kale egin eta aurreikuspen guztiak bete ditu Euskadiko Traineru Txapelketa irabazita, gaur, Getarian. Gorka Aranberriren mutilek ez diete aukerarik eman aurkariei. Donostiarra izan da bigarrena, eta Hondarribia, hirugarrena, lehen txanda irabazita.
Emakumezkoen lehiaketan, berriz, Arraun Lagunak izan da azkarrena, eta Tolosaldea eta San Juan sailkatu dira ondoren. Donostiako traineruko arraunlariek lehen paladatik erakutsi dute garaipena nahi zutela.
Gizonezkoen ohorezko txandan, Orio estropada haustera atera da hasieratik. Donostiarra gertutik jarraitzen saiatu arren, ez da emozio gehiegi izan, lehen luzean argitu baita irabazlea. Bukaeran, berriz, 3 segundoko aldea egon da bien artean, Arkaitz Diaz Kaiarribako patroiak olatuak hartzeko egin dituen pare bat maniobrari esker. Hala ere, mirotzen garaipena ez da arriskuan egon. Atzetik, Bermeo 27 segundora sailkatu du, eta Lekittarra, 40ra.
Lehen txanda Hondarribiak kontrolatu du lehen metroetatik, baina bukaeran sufritu egin du lehen postuan amaitzeko. Ama Guadalupekoak Zierbena traineru erdira zuela egin du estropada osoa. Azken luzean Ioseba Amunarrizen mutilen garaipena zalantzan jarri du Getariak, segundo batera jarri bai da 11 segundo atzetik egon ondoren. Lehen postua Hondarribiko ontziaren patroiak salbatu du ababorrera egindako azken mugimendu batekin olatu bat hartu ahal izateko. Santurtzik oso urruti amaitu du estropada.
Arraun Lagunakek abisua eman du udari begira
Emakumezkoen txapelketan, Arraun Lagunakek irabazi du ikurrina, eta Tolosaldea eta San Juan sailkatu dira ondoren. Donostiako ontziko arraunlariek hasieratik erakutsi dute ez direla eguna pasatzera joan Getariara, eta lehen luzean hautsi dute lasterketa. San Juan, Kaiku eta Deusto klubetako arraunlariek urrutitik ikusi dute irabazleen erakustaldia.
Lehen txanda hasierarik amaierara kontrolatu du Tolosaldeak. Bigarren, Hondarribia izan da, 7 segundora, estropada oso serioa eginda, eta Ondarroa eta Lekittarra sailkatu dira ondoren.
Zure interesekoa izan daiteke
Arraun Lagunak laugarrenez gailendu da Euskadiko Txapelketan
San Juan bigarren izan da, sei segundora, eta Tolosaldea hirugarren, 11 segundora.
Oriok zortzigarrenez irabazi du Euskadiko Traineru Txapelketa
Gorka Aranberriren ontzia jaun eta jabe izan da Getariako uretan. Bigarren postua Donostiarrarentzat izan da, eta hirugarrena, Hondarribiarentzat.
Xubane Uribarrena: “Banderak irabazten jarraitu nahi dugu, askorentzat aspergarria den arren"
Arraun Lagunakeko arraunlaria bakarra da 2015etik traineruan jarraitzen duena. Gogor lan egin dutela nabarmendu du, eta asmoa banderak irabazten jarraitzea dela.
Jon Urresti: “Horrelako txapelketak ez dira askotan irabazten, pisu handiko bandera da"
Jon Urresti Orioko traineruko arraunlaria pozik agertu da Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi ostean. Gainera, bere herrian irabazi dute, Getarian, eta berarentzat "pisu handiko" bandera dela nabarmendu du.
Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko da igande honetan Getarian
Dozena bat ontzik parte hartuko dute denboraldiko bigarren hitzordu ofizialean, aurreko asteburuan lurraldeko txapelketak egin ostean. ETB1en eta kirolakeitb.eus-en zuzenean ikusteko aukera izango da.