Mikel Landa izango da Soudal Quick-Step taldearen liderra Itzulian
Kevin Hulsmans Soudal Quick-Step taldeko kirol zuzendariak adierazi duenez, "etxean korritzeak aparteko motibazioa" emango dio txirrindulari arabarrari.
Mikel Landa izango da Soudal Quick-Step taldeko liderra astelehenean, apirilaren 6an, Bilbon hasi eta larunbatean, apirilaren 11n, Bergaran amaituko den Itzulian.
Arabako txirrindulariak podiumeko bigarren tokian bukatu zituen 2018ko eta 2023ko edizioak. Aurtengoan, faboritoen artean egotea eta sailkapen nagusia lehiatzea izango du helburu.
"Etxean korritzeak aparteko motibazioa emango dio Mikel Landari", esan die Kevin Hulsmans Soudal Quick-Step taldeko kirol zuzendariak Itzuliaren antolatzaileei egindako adierazpenetan.
Landak sei taldekide izango ditu ondoan: Ayco Bastiaens, Steff Cras, Illan Van Wilder eta Mauri Vansevenant belgikarrak; Ethan Hayter Erresuma Batuko erlojupeko txapelduna; eta Martin Svrcek eslovakiarra.