Wlodarczyk gailendu da bigarren etapan, Zornotzako esprintean
Azken kilometroetan pelotoia atzean utzi eta lehia estua mantendu du Adegeestekin, baina azken esprintean bera izan da azkarrena.
Dominika Wlodarczyk. Argazkia: EFE
Dominika Wlodarczyk (UAE) poloniarra gailendu da larunbat honetan Itzulia Womeneko bigarren etapan, Abadiño eta Zornotza artean lehiatu dena (138 km). Azken kilometroetan pelotoia atzean utzi eta lehia estua mantendu du Adegeestekin, baina azken esprintean bera izan da azkarrena, 3:46:47ko denborarekin bukatuz.
Bigarren Mischa Bredewold (SD Worx) herbeheretarra izan da, Zarauzko lehen etapako garailea, eta hirugarren Loes Adegeest (Lidl-Trek). Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) zarauztarra seigarren izan da.
Sailkapen nagusian ez da aldaketa askorik izan. Bredewoldek lider jarraitzen du, bigarren Kastelijn 16 segundora eta hirugarren Riejanne 17ra.
Caroline Andersson (Jayco AlUla) suediarra izan da ihesaldia bilatzen lehena, baina 19 kilometroren faltan harrapatu du pelotoiak. Orduan, Liane Lippert (Movistar) alemaniarrak jo du erasoa, baina lurrera erori eta aukerarik gabe geratu da. Azkenik, Loes Adegeest (Lidl-Trek) herbeheretarra saiatu da, baina bost kilometroren buruan harrapatu dute.
Azken kilometroetan, Shirin van Anrooij (Lidl-Trek) herbeheretarrak eta Dominika Wlodarczyk (UAE) poloniarrak jo dute erasoa, pelotoiari tarte txiki bat ateraz. Batera iritsi dira azken kilometrora, eta, azken metroetako esprintean pelotoiak harrapatu dituen arren, Wlodarczyk nagusitu da.